Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Argitalpen-data: 2014/10/24

'Oraindik ere badira emakumeen kirol-jarduna oztopatzen duten desberdintasun handiak; eta desberdintasun horiek ere gizonen kirol-jarduna baldintzatzen dute'

Gizonduz Programan partaide diren Ainhoa Azurmendiri eta Ritxar Baceteri egindako elkarrizketa. ?Gazteak, berdintasuna eta kirol-jarduera? izeneko ikastaroa emango dute GEBn.

1. Behatokian emango duzuen ikastaroan genero-ereduen gaia izango duzue aztergai eta beronek nesken eta mutilen kirol-jardunean daukan eraginaz arituko zarete. Zertan eragiten diote ohiko rolek kirol-jardunari?

Ainhoa. Erabakigarriak dira. Txikitatik gure portaera motorean eragiten dute, bai eta hortik aurrera kirolean jarduteko egiten ditugun hautuetan eta garapenean ere. Ohiko rolek norbanakoen bizipenei zein gizon eta emakumeen kirol-jardunari buruzko inguruaren igurikimenari eragiten diete. Eta horren ondorioz bi alderdi baldintzatzen dituzte: batetik, sexu bati eta besteari bideratzen zaizkien baliabideei dagokiena, eta, bestetik, gizonen eta emakumeen jardunei irizten zaien ez-pareko garrantziarena.

Ritxar. Ainhoak dioen bezala, kirol-jarduna genero-identitateak ez ezik jardun horrekiko inguruaren igurikimenak ere baldintzatzen du nabarmen. Egun aldaketak etengabekoak badira ere, eta esanguratsua bada ere garai batean gizonen esparruetara mugatuta zeuden jardunetan emakumeek sarbidea izan dutela, parte hartze hori ez da antzeratsu aintzat hartu, ez alderdi estetikoari dagokionez, ezta alderdi materialari dagokionez ere.  

2. Bada desberdintasunik gizonen eta emakumeen kirol-jardunaren artean? Izatekotan, zertan dira? Aldaketarik gertatu bada, nolakoa izan da azken urteotako bilakaera? Zein da Gizonduz Programak egiten duen proposamena?

Ainhoa. Badira desberdintasunak, bai. Alde kuantitatiboak eta kualitatiboak ekarri ahal ditugu gogora. Nahiz eta emakume gehiagok jardun kirolean, hazkundea ez da modu berean gertatu kirol guztietan, ezta estamentu guztietan. Oraindik ere emakumeen parte hartzea eragozten duten desorekak handiak dira, eta desberdintasun horiek ere gizonen kirol-jarduna baldintzatzen dute.

Ritxar. Gaurko kirol-jardunaren azterketa etnografikoa eginez gero, Euskadiko edozein kirol-zentrotatik osteratxoa eginda, ondo asko konturatuko gara zenbait neska futbolean edo areto-futbolean dabiltzala; harrituko gaituena, aldiz, mutilak balletean edo gimnasia erritmikoan aritzen ikustea izango da. Aurrerapenak gorabehera, sexismoak gure igurikimena eta aukeratzen ditugun jardun-motak baldintzatzen ditu, gizonen eta emakumeen kirola egiteko ahalmena bereiziz eta mugatuz. Hori bai, jakitun izan gaitezen asimetria horrek gizonei egiten diela on. Gizonduz Programaren helburua ere bada nagusi den maskulinitatearen edo matxismoaren arazoa agerian lagatzea, eta gaia ikuspuntu kritiko batetik aztertzea: kasurako kirolaren esparruan gizonezkoen presentzia norainokoa den hausnartzea, edo femeninotzat jotzen diren kiroletan zein urria den gizonen kopurua. 

3. Gizonezkoen eta emakumezkoen kirol-jardunari dagokionez, bada adin-tarterik sexuaren araberako desberdintasun nabaririk erakusten duena?

Ainhoa. Nerabezaroan eta gaztaroan, helduaro berantiarrean eta zahartzaroan gizon eta emakumeek kirol gutxiago egiten dute nonbait. Baina gabezia emakume gazteen artean da nabariagoa.

Ritxar. Bitxia da adinarena. Nahiz eta desagerrarazi ez, adinak genero-baldintzatzaileak areagotu edota txikitu egiten ditu. Sarri mutilek euren burua ‘txapeldun’ irudikatzen dute, txapeldun izateko itxaropena gizartean bertan sustraituta dagoelako. Mutilek eurek kirolari ekiten diote onarpena eta prestigioa lortze aldera, hain du indar sinboliko eta emozional handia txapeldun izatearenak. Nesketan, aldiz, itxaropen horiek ez dira berdin antzera elikatzen, eta, hortaz, neska askok kirolari uzteak badu azalpenik. 

4. Halako ikastaroak kirolaren alorrean lan egiten dutenen artean sustatzea beharrezkotzat jotzen duzue?

Ainhoa. Oinarrizkoa da, bai horixe. Kirolaren alorreko langileek genero-ikuspegiaren inguruko prestakuntza izan behar dute, sentsibilizatuta egon behar dute, eta euren gain hartu gizonak eta emakumeak motibatzeko ardura eta kezka. Kirol-jardunak bide eman behar die bizipen onak izateko, euren gorputza eta mugimen-gaitasunak ezagutu eta lantzeko, eta, aldi berean, ondo pasatzeko. Balore eta bizipen onak helarazteak bide onean jarriko ditu gizon eta emakumeak: gure bizitzan zehar kirolean jarduteak ohitura osasungarriak barneratzen lagunduko digu.

Ritxar. Zalantza barik, sexismoak gizakion ahalmenak mugatzen ditu, eta ikasitako rolek gure portaera baldintzatzen dute, sarritan guk geuk inongo aukera egin ez badugu ere. Genero-ikuspegiaren begirada zorrotzak edozein giza adierazpen ulertzeko behar ditugun baliabideak eskaintzen dizkigu. Horregatik, halako ikastaroetan errealitatearen ñabardura guztiak ulertzeko beharrezkoa den prestakuntza jaso dezakegu. Aldaketarik eragingo badugu, ezinbestekoa dugu auzia ondo aditzea.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan! 

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana