Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Argitalpen-data: 2014/03/25

Euskadiko gazteek 5,1 puntu eman dizkiote gazteriaren egungo egoerari

Gazteen heren batek soilik (% 35ek) uste du gazteriaren egoerak hobera egingo duela datozen bost urteetan.

Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteek, 0 eta 10 arteko eskalan 5,1 puntu eman dizkiote gazteria osoaren egungo egoerari.

Gazteriaren egoerari emandako puntuazioak behera egiten du adinean gora egin ahala eta 20 urtez azpikoen artean 6,2 izatetik 25 eta 29 urte bitartekoen artean 4,4 izatera pasatu da.

29 urtetik gorako biztanleriak gazteriaren egoerari emandako puntuazioa are baxuagoa da: 4,0, batez beste, 0 eta 10 arteko eskala berean. Hori ikusita pentsa dezakegu gurasoak oso kezkatuta daudela beraien seme-alaben egoeraz, 46 eta 62 urte bitartekoek (15-29 urteko seme-alabak dituztenak, hain zuzen ere) eman baitute gazteriaren egoerarekiko baloraziorik txarrena (3,8).

Horrelako balorazio txarrak ulertzekoak dira egungo testuingurua kontuan hartuta: gazteen langabezia-tasa altuak, emantzipatzeko zailtasunak... Gazteen Euskal Behatokiaren estatistikei erreparatuz gero, esan dezakegu 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 29,5ekoa izan dela 2013ko azken hiruhilekoan, hau da, lan egin nahi duten hamar gaztetik hiruk ez dute lanik aurkitzen. Bestalde, Espainiako Gazteriaren Kontseiluaren Emantzipazioaren Behatokiak argitaratutako informazioaren arabera, 2013ko hirugarren hiruhilekoan Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko soldatapeko gazte batek hileko diru-sarreren % 83,9a bideratu behar du etxebizitza jabetzan eskuratzeko edo, alokairua aukeratuz gero, soldataren % 55,4a eman behar du errenta ordaintzeko. Horrez gain, gero eta zailtasun gehiago daude hipoteka-kreditua eskuratzeko, bankuek eta aurrezki kutxek ezarritako baldintzak gogortu egin direlako eta horregatik guztiagatik gero eta pertsonak gehiagok uko egiten dute babes ofizialeko etxebizitza eskaintzen zaienean.

Galdetu dugunean zelako bilakaera izango duen gazteriaren egoerak bost urteko epean, gazteen iritziak oso bananduta agertu dira: %35ek uste dute hobera egingo duela, %32k berdin jarraituko duela  eta % 30ek txarrera egingo duela.

15 eta 29 urte bitartekoen artean, gazteriaren egoerak hobera egingo duela uste dutenen ehunekoa handitu egiten da adinean gora egin ahala (% 32, 15 eta 19 urte bitartekoen artean, % 34, 20 eta 24 urte bitartekoen taldean eta % 38, 25 eta 29 urte bitartekoen taldean).

Hala ete, talderik baikorrena 62 urtetik gorakoena da: horien ia erdiek (% 46k) uste baitute bost urte barru gazteriaren egoera oraingoa baino hobea izango dela.

Datuok Aurrera begira ikerketaren ustiapen berrietatik atera ditugu. Ikerketa hori Gazten Euskal Behatokiak eta Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak elkarlanean egin dute. Ikerketak 15 eta 29 urte bitarteko 1516 gazteri eta 29 urtetik gorako 943 lagunei telefonoz egindako inkesta batean emandako erantzunak hartu ditu oinarri. Inkestaren landa lana 2013ko azaro eta abenduaren bitartean gauzatu ziren eta txostena 2014ko otsailean argitaratu zen. Ikerketaren datuetatik beste txosten bat atera da, Aurrera begira 2013. Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak izenekoa, eta horretan ondorio nagusiak, hamar adierazletan laburbilduta aurki ditzakegu.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana