Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera

Argitalpen-data: 2017/08/10

Abuztuaren 12a, Gazteriaren Nazioarteko Eguna

Gazteen Euskal Behatokiak bere konpromisoan dihardu: Euskadiko gazteen egoera eta beharren inguruan ikertu, hezi eta informatu

Ikerketak

  • Gazteak eta enplegua Euskadin 2015. Azterlan hau ia-ia 2.000 gaztek erantzun duten etxez etxeko inkesta batean oinarritzen da. Inkestak honako hauek aztertzen ditu: gazteen lan arloko esperientzia, lana eskuratzeko aukera, enpleguaren ezaugarriak kontratuaren eta lanaldiaren motari dagokienez, soldata, norbere konturako lanaren eta besteren konturako lanaren ehunekoa, sektorea, publikoa edo pribatua, eta horrez gain, langabezian daudenen egoera eta enplegua aurkitzeko dituzten aurreikuspenak.

  • Aurrera Begira 2016. Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak. Aurrera Begira Gazteen Euskal Behatokiak urtero burutzen duen ikerketa da, honako helburu hau izanik: Euskadiko gazteek nola antzematen duten oraina eta, epe laburrean, zeintzuk diren beraien etorkizunerako aurreikuspenak jakitea. Emaitzak 10 adierazletan laburbiltzen dira: lehen hiru adierazleek gaur egungo egoeraren balorazioa aztertzen dute ikuspuntu ezberdinetatik: norberarena eta taldearena; jarraian lan aurreikuspenei buruzko lau adierazle aztertzen dira; hurrengo adierazlea emantzipazioaren ingurukoa da eta azkenik, etorkizunarekiko aurreikuspenei buruzko bi adierazle azaltzen dira. 

 

  • III. Gazte-planaren eraginaren ebaluazioa. Eusko Jaurlaritzaren III. Gazte-planaren iraunaldia (2014-2016) amaitu ondoren, Gazteen Euskal Behatokiak Gazte-Planaren eraginaren ebaluazioa egin du. Bertan planaren hasieran ezarritako xedeak edo helburuak lortu diren aztertzen da. Horretarako 29 oinarrizko adierazleen jarraipena egin da eta gazteek beraiek emandako iritziak eta balorazioak ere kontuan hartu dira.

  • Euskadiko gazteen egoeraren diagnostikoa 2017. IV. Gazte-Plan berria burutzen laguntzeko, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiko gazteen egoeraren diagnostikoa 2017 egin du. Bertan gaur egun gure gazteek bizi diren errealitatea adierazten da.

  • Europa Helmuga Gida 2017. Gida honek laguntza emango dizu bidaia prestatzeko, hizkuntzak ikasteko, lana bilatzeko beste herrialdeetan, beka bat eskatzeko, gazteen arteko trukeak egiteko, titulazio bat baliozkotzeko edo europar curriculuma prestatzeko.Seigarren edizio honetan, aurrekoetan bezala, Gazteen Euskal Behatokiak Antonio Jesús Rodríguez Martínez, nazioarteko mugikortasunean adituaren laguntza izan du; honek 424 erreferentzia berri sartu ditu edizio honetan. Horiek kontatuta, web orriei loturiko 2674 esteka osatu eta ordenatu ditugu gida honetan, aukera guztiak zure esku jartzeko asmoz.

Urteko azken hilabeteetan lantzen ari garen ikerketa berriak aurkeztuko ditugu: Gazteen emantzipazioa Euskadin 2015, Euskadiko gazteak 2016, Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2016...


Dokumentazio Zentroa

Gazteen Euskal Behatokiko Dokumentazio Zentroaren helburua gazteriaren alorrarekin zerikusia daukan dokumentazioa jaso eta hedatzea da, gazteria interesgunetzat daukaten ikertzaileei, hezitzaileei eta programen eta politiken kudeatzaileei laguntza emateko asmoarekin. Horretarako Zentroak hilero eskaintzen ditu bere Buletinak, erositako azken liburu eta aldizkarien berri emanez eta artikulu interesgarrienen laburpenak landuz.

Gainera, irakurketa gidak izeneko atalean sei gida berri gehitu ditu:


Prestakuntza plana

Behatokiaren hirugarren lan-esparrua profesionalen formakuntza da. Antolatzen ditugun ikastaroen bidez gazteekin lan egiten dutenei, udaletxeetan, hezkuntza sisteman edo entitate eta elkarteetan, esparru ezberdinetan dituzten ezagutzak egunarazteko aukera ematen diegu.

Urtarriletik ekainera gai ezberdinetako ikastaroak antolatu ditugu eta 167 lagun bertaratu dira. Ikastaroen balorazioak oso onak izan dira eta kasu batzuetan edizio berriak egin behar izan dira eskaera altua zela-eta. Hauek izan dira egindako ikastaroak:

  • Substantziarik gabeko adikzioak (2 edizio)
  • Erotika 2.0: zibersexoa, sexting-a eta intimitatea pornografia bihurtzea nerabezaroan
  • Indarkeria matxistaren prebentzioa. Beldur Barik programa (3 edizio)
  • Gune digitalean, nola konektatu gazteekin?
  • Adimen emozionala jardunean: gazteekin harreman hobea izateko tresnak

Urteko azken hiruhilekoan bi ikastaro berri antolatuko ditugu:

  • Drogei buruz hitz egiten dugunean, zertaz ari gara? Gazteekin erabilgarriak izan daitezken lan-tresnak. Bilbon, 2017ko urriaren 3an, 10ean eta 17an.
  • Arkeologia identitarioak: transexualitatea eta bestelako aniztasun sexualak. Bilbon, 2017ko azaroaren 14an, 21ean eta 28an.

Gaztedoc

Gazteen Euskal Behatokiaren lanari buruz informazio gehiago nahi baduzu, jo gure webgunera, jarrai gaitzazu gizarte-sareetan: Facebooken eta Twitterren, edo eman izena bi hilabetean behin plazaratzen dugun Gaztedoc buletinean.


Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa Twitter logoa

GEBren logoa

 

Lagundu zabaltzen:

     

Esteka interesgarriak

Euskadi, auzolana