Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera

Azken 20 urteetan aurrerapen handia eman da gazteen artean emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzespen formalean

Argitalpen-data: 

Ezkutuko indarkeri moduak, hala nola, mespretxuak egitea, gauzak erabakitzen ez uztea eta iraintzea dira bilakaera deigarriena izan dutenak

GEBren logoaAzaroaren 25ean Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna ospatzen denez azaroa une ona da bortizkeria sexistari dagokionez gazteriaren jarreren gainean hausnartzeko.

Horretarako 15 urtetik 29 urtera bitarteko Euskadiko gazteek indarkeria mota desberdinei buruz egiten duten balorazioa hartuko dugu oinarri. Informazioa Euskadiko gazteak ikerketaren aurrerapen datuak dira. Ikerketa hori Gazteen Euskal Behatokiak lau urtean behin burutzen du eta bildumaren azken alea gaur egun publikatzeko prozesuan dago.

Ikerketa honek, besteak beste, EAEko gazteek indarkeria mota desberdinei buruz egiten duten balorazioa ezagutu nahi du, indarkeria fisiko eta sexu-abusuetatik hasi eta hitzezko indarkeriaraino (irainak, mehatxuak, gutxiespenak eta abar), indarkeriaren piramide deritzonean definitzen diren kontzeptuei jarraikiz.

Indarkeriaren piramidea

Piramide horrek lau maila dituela jotzen badugu, ikerketa honetan 2. eta 3. mailak hartu dira kontuan. 2. mailan umiliazioa, desbalorizazioa, bazter uztea, gutxiestea, xantaia emozionala eta erruduntzea daude; 3. mailan, berriz, eraso fisikoak, bortxaketa, sexu-abusua, mehatxuak, oihu egitea eta iraintzea.

Ikerketa honetarako erabili den galdera sortan, honako indarkeria mota hauen balorazioa egin da:

  • Iraintzea
  • Gauzak erabakitzen ez uztea
  • Mehatxatzea
  • Etxetik irtetea debekatzea
  • Sexu-harremanak borondatearen aurka izatera behartzea
  • Mespretxuak egitea

Emakumeen aurkako indarkeria forma horien larritasunari buruz azken ia 20 urteetan izan den eboluzioari begiratzen badiogu, ikus daiteke aurrerapen handiak egin direla emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzespen formalean.

Agerikoa da Berdintasun Planek balio eta jarrerak aldatzeko eta sentsibilizatzeko egindako lana eraginkorra izan dela, 1997an erregistratutako balioei begiratzen badiegu.

Aurkeztutako tratu txar mota bakoitza oso larritzat jotzen duten gazteen ehunekoaren eboluzioa

1997an, Prospekzio Soziologikoen Kabineteak eginda “Tratu txarrak bikote barruan” (gaztelaniaz bakarrik) ikerketako datuen arabera, EAEko gazteen % 82k oso larritzat jotzen zuten bikotekidea sexu-harremanak izatera behartzea. Balio hori ia maximora igo da kolektibo berean, 2016an (% 97). Etxetik irtetea debekatzea gazteen % 46k jotzen zuten oso larritzat 1997an eta 2016an, berriz, balio horrek % 91raino egin du gora. Mehatxatzea oso larritzat jotzen zuten EAEko gazteen % 51k 1997an eta 2016an, berriz, % 91k jo dute oso larritzat.

Hiru jokabide horien eboluzioa oso garrantzitsua izan da, baina are esanguratsuagoa da 2016an gaitzespen-balio baxuenak lortu dituzten hiru jokabideena (mespretxuak egitea, gauzak erabakitzen ez uztea eta iraintzea).

1997an, EAEko gazteen soilik % 11k uste zuten bikotekideari mespretxuak egitea oso larria zela. Balio hori % 74raino igo da 2016an.

Bikotekideari gauzak erabakitzen ez uztea oso larritzat jotzen zuten EAEko gazteen % 31k, baina 2016an proportzio horrek % 69raino egin du gora.

Azkenik, bikotekidea iraintzea gaur egun (2016an) oso larritzat jo dute EAEko gazteen % 60k, eta 1997an, berriz, % 14k baino ez.

Gazteen Euskal Behatokiak Beldur Barik egitasmoa zabaltzen lagundu nahi du. Egitasmo hau Emakundek eta Eudelek sustatzen dute, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako Berdinsarea izeneko udal-sarearen baitan. Egitasmoak Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundien babesa eta diru-laguntza du, bai eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Enpleguko eta Gizarte Politikarako Sailen, EHU-Euskal Herriko Unibertsitatearen eta EITB lankidetza ere.

Egitasmoaren helburua gazteen artean indarkeria sexista prebenitzea da. Programaren osagai nagusienetako bat ikus-entzunezko adierazpen artistikoak saritzen dituen lehiaketa da, 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua. Adierazpen horietan, neskek eta mutilek erakusten dute emakumeenganako egungo desberdintasun-egoerari nola egiten dioten aurre, errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, ardura-kidetzan eta indarkeria sexistaren gaitzespenean oinarrituta.

Beldur Barik ekimenari buruz gehiago jakin nahi baduzu, jo ezazu bere webgunera http://www.beldurbarik.org/ edo beren Facebook eta Twitter profiletara.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa   Twitter logoa

 

Lagundu zabaltzen:

     

Esteka interesgarriak

Euskadi, auzolana