Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera

Argitalpen-data: 2017/06/19

Euskadin hamar gaztetik zazpi errefuxiatuei laguntzak eta etxebizitza ematearen aldekoak dira

Ekainaren 20a, Errefuxiatuen Munduko Eguna

Euskadin hamar gaztetik zazpi errefuxiatuei laguntzak eta etxebizitza ematearen aldekoak dira

Ekainaren 20an Errefuxiatuen Munduko Eguna ospatzen dela-eta, Gazteen Euskal Behatokiak euskal erakundeek errefuxiatuei laguntza eta etxebizitza emateari buruz gazteek duten iritzia plazaratzen du.

Euskadiko gazteen % 67,8 errefuxiatuei laguntzak eta etxebizitza ematearen aldekoak agertzen dira. Emakume gazteak gizon gazteak baino zertxobait aldekoagoak dira, eta 25 urtetik beherakoek adin horretatik gorakoek baino adostasun handiagoa azaltzen dute ideia horrekiko.

Errefuxiatuei laguntzak eta etxebizitza ematearen alde dauden 15 eta 29 urte bitarteko gazteak, sexuaren eta adin taldeen arabera

Gazteen jatorriak ere ezberdintasunak ekartzen ditu: atzerrian jaio direnen artean errefuxiatuei laguntza ematearen aldekoak batez bestekotik hamar puntu gora agertzen dira (% 77,2 eta % 67,8).

Dena den, eragin handien duten aldagaiak baloreekin eta ideologiarekin zerikusia dutenak dira, batik bat etorkinen sarreraren aldeko jarrerak. Etorkinen sarrera ahalik eta gehien erraztearen alde daudenen % 90,7 errefuxiatuei laguntza ematearen alde agertzen dira.

Beste ezaugarri batzuek ere korrelazio positiboa dute errefuxiatuei laguntza ematearekin, hala nola, boluntario-lanak egiteak edo politikarekiko interesa izateak.

Errefuxiatuei laguntzak eta etxebizitza ematearen aldeko portzentaje handienak agertutako gazteen taldeak

Aurkeztutako datuak Gazteen Euskal Behatokiak 2016an eginiko inkesta baten emaitzak dira. Inkesta horretan Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen lagin adierazgarria elkarrizketatu zen. Lagin hori 1500 gaztek osatu zuten (750 gizon eta 750 emakume) eta inkestan gai honi eta beste hainbat gairi buruz galdetu zitzaien. Hemen aurkeztu ditugun datuak “Euskadiko gazteak 2016” izenburuarekin argitaratuko den ikerketaren aurrerapen datu batzuk dira. Ikerketa hori Gazteen Euskal Behatokiak lau urtean behin burutzen duen bildumaren bostgarrena izango da eta bertan, aurrekoetan bezala, 30 urtetik beherako gazteen baloreak, jarrerak, iritziak eta portaerak aztertuko dira.

Jarrai gaitzazu sare sozialetan!

Facebook logoa   Twitter logoa

GEBren logoa

 

 

Lagundu zabaltzen:

     

Esteka interesgarriak

Euskadi, auzolana