Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Gazteen Euskal Behatokiak ikerketa berria kaleratu du: 'Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2016'

Argitalpen-data: 

Orain etxebizitza hartzearen kostua txikiagoa da krisiaren aurretiko urteetan baino, hala ere bakarrik emantzipatu nahi duen gazte batek soldata erdia baino gehiago bideratu behar du etxebizitza ordaintzeko

Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2016 

Laugarrenez egin da azterlan hau, eta bertan azaltzen dira zer zailtasun dituzten soldatapeko gazteek etxebizitza bat eskuratzeko.

Zailtasun horien berri emateko, etxebizitza eskuratzeak dakarren kostua erabiltzen da adierazle nagusi gisa. Kontzeptu horrek zera adierazten du: gazte soldatadun batek bere soldataren zer ehuneko erabili beharko lukeen etxebizitza ordaintzeko bera bakarrik emantzipatuz gero. 

Txostenean etxebizitza librea eta babestua eskuratzeko kostuaren 12 adierazle jasotzen dira; sexuen eta adin-tarteen artean dauden aldeak aztertzen dira, eta lurralde historikoen arteko zein Euskadiren eta Espainiaren arteko konparaketak egiten dira. 2007tik 2016ra bitartekoa da ikerketak aztertzen duen aldia, eta etxebizitza eskuratzearen kostuak urtez urte izan duen bilakaera ikusteko datuak ematen dira.

Ikerketan ondorioztatzen denez, Euskadin etxebizitza librea ez dago gazteen eskura, eta alokairuko etxebizitza babestua da aukera bideragarri bakarra bakarrik emantzipatu nahi duen gazte batentzat, hileko soldata garbiaren % 30aren muga gainditu gabe, hori jotzen baita etxebizitza ordaintzeko gehieneko zorpetze-muga.

Etxebizitza librea jabetzan hartzearen kostuak behera egin du pixka bat baina, hala ere, soldatapeko gazteen batez besteko soldataren erdia bideratzea dakar

Euskadin lan egiten duten 18 urtetik 34 urtera bitarteko gazteen batez besteko soldatarekin, eta kontuan izanik 2016an eskrituratutako etxebizitza libreen prezioa, interes-tipoak eta hipoteka-maileguen batez besteko iraupena, gazte batek hipotekaren lehenengo hileko kuota berak bakarrik ordaintzeko bere soldata garbiaren % 54,9 bideratu beharko luke, alegia, soldataren erdia baino gehiago.

Etxebizitza librea jabetzan eskuratzeak 2016an duen kostua baxuena da 2007. urtetik hona, batik bat Euskadin etxebizitzaren salerosketaren prezioak eta hipoteka-kredituen interesek izan duten jaitsieragatik, eta ez gazteen batez besteko soldata hobetu egin delako.

Euskadin etxebizitza erostearen kostua handiagoa da Espainian baino (% 45,7), baina bietan gainditzen da gomendatzen den gehieneko zorpetze-muga, alegia, % 30, bai eta batez besteko soldataren % 40 ere, eta horrek gehiegizko ahalegina egin beharrean jartzen du etxebizitza ordaintzeko soldataren zati hori erabiltzen duena.

Alde handiak daude adinaren, sexuaren eta lurralde historikoaren arabera. 18 eta 24 urte bitarteko gazteek soldataren % 85,0 bideratu behar lukete etxebizitza erostera; 25 eta 29 urte bitartekoek, berriz, % 58,3; eta 30 eta 34 urte bitartekoek, % 49,4.

Halaber, gizonek eta emakumeek soldata desberdina dutenez, etxebizitza librea jabetzan hartzearen kostua ere desberdina da batzuentzat eta besteentzat, eta ia % 10eko aldea dago batzuen eta besteen artean. Horrela, 18 eta 34 urte bitarteko gizonentzat, soldataren % 49,5ekoa da kostua, eta adin bereko emakumeentzat, berriz, soldataren % 59,9koa.

Gipuzkoak du etxebizitza jabetzan eskuratzeko kosturik altuena (% 60,4), Bizkaiak ondoren (% 53,4), eta Arabak azkenik (% 41,9).

Kalkulatzen badugu soldatapeko gazte batek zer prezio ordain dezakeen gehienez ere bere soldataren % 30 baliatuta, 109.992 € ateratzen da; merkatuko batez besteko prezioa baino 91.332 € gutxiago. Bestela esanda, gazteen batez besteko soldata % 83,0 igo beharko litzateke merkatu libreko etxebizitza baten hipoteka soldataren % 30 erabilita ordaintzeko.

Etxebizitza librea jabetzan hartzearen kostuak behera egin du pixka bat baina, hala ere, soldatapeko gazteen batez besteko soldataren erdia bideratzea dakar

Kontuan hartuta 2016an eskrituratutako etxebizitzen batez besteko prezioa eta gazteen batez besteko soldatak, beste adierazle bat lortzen dugu: etxebizitzaren gehieneko azalera onargarria. Hori 49,0 m2-koa da Euskadin. Alegia, soldatapeko gazte batek neurri horretako etxebizitza bakarrik erosi ahal izango luke. 2016an eskrituratutako etxebizitzen batez besteko azalera, ordea, 91,7 m2-koa izan zen, beraz, eros dezaketenaren eta merkatuaren errealitatearen arteko aldea 42,7 m2-koa da.

Etxebizitza librea alokatzearen kostuak gora egin du eta erosteak dakarren kostuaren gainetik dago, portzentajezko 10 puntu, hain zuzen ere

Hirugarren urtez jarraian, etxebizitza alokatzea garestiagoa da merkatu librean etxebizitza bat erostea baino. Kontuan izanik alokairu-errenten batez besteko prezioa eta 18 urtetik 34 urte bitarteko gazteen batez besteko soldatak, gazte batek hileko soldataren % 66,9 erabili beharko luke alokairua ordaintzeko, bakarrik emantzipatuz gero. Azken urtean gora egin du etxebizitza alokairuan eskuratzeko kostuak, merkatu librean igo egin direlako alokairu-errentak.

Alokairu librea eskuratzeko zailtasun handiena duen taldea 18 eta 24 urte bitarteko gazteena da, soldataren % 103,5 beharko bailukete alokairua ordaintzeko. Emakumeak daude ondoren, soldataren % 73,0 beharko bailukete; gizon gazte batek, aldiz, soldataren % 60,2 beharko luke alokairu librea berak bakarrik ordaintzeko.

Alokatzea aukeratuz gero, Bizkaia da lurralde historikorik garestiena, etxebizitza alokatzearen kostua batez besteko soldataren % 67,1 baita; Gipuzkoa da bigarren (% 64,6), eta Araba hirugarren (% 58,7).

Kontuan izanik gomendatzen den gehieneko zorpetze-maila soldataren % 30 dela, soldatapeko gazte batek hilean jasotzen duenaren bikoitza baino gehiago kobratu beharko luke berak bakarrik etxebizitza baten alokairu-errenta ordaindu ahal izateko; zehazki, % 122,8 igo beharko luke soldatak.

Gehieneko alokairu-errenta onargarria, kontuan harturik soldataren % 30 gomendatzen dela gehieneko zorpetze-mugatzat, 395 euro da, eta, hortaz, alokairu-errenta onargarri horren eta merkatuko prezioaren arteko aldea 485 € da.

Etxebizitza librea alokatzearen kostuak gora egin du eta erosteak dakarren kostuaren gainetik dago, portzentajezko 10 puntu, hain zuzen ere

Espainian, alokairuaren prezioak baxuagoak dira, baina etxebizitza alokatzearen kostua oso handia da hor ere: % 56,8.

Etxebizitza babestua

Gazteek aurre egin diezaiekete etxebizitza babestuak eskuratzeko kostuei, eta, batik bat, alokairu babestuen kostuei. Dena den etxebizitza babestuak ez du pisu handirik etxebizitza-parkean eta horregatik gazte gutxik eskura dezakete etxebizitza babestu bat.

Jabetzako etxebizitza babestuaren lehen hipoteka-kuota ordaintzeko, 18 urtetik 34 urtera bitarteko gazte baten soldata garbiaren % 32,4 behar da Euskadin; alegia, onargarritzat jotzen den gehieneko zorpetze-mugatik hurbil gaude.

Alokairu babestua aukera eskuragarria da Euskadiko gazteentzat, 18 urtetik 34 urtera bitarteko gazteen hileko batez besteko soldataren % 20,4 behar baita alokairu hori ordaintzeko.

Dena den, 25 urtetik beherako gazte soldatadunak etxebizitza babestuen merkatutik kanpo ere geratzen dira, bere soldata baxuak direla medio. Adin talde honi dagokionez, etxebizitza babestua eskuratzeko kostua bakarrik gerturatzen da % 30aren atalasera alokairu babestuaren kasuan (% 31,5).

Etxebizitza babestua

Gazteen Euskal Behatokiak berak koordinatu du ikerlan hau, eta Joffre López Oller emantzipazio-adierazleen alorrean adituak prestatu du. Adierazleak metodologia-lan bati jarraikiz kalkulatu dira, hainbat datu-base eta datu konbinatuz: Estatistikako Institutu Nazionalarenak, Notariotzaren Kontseilu Nagusiarena, Jabetzaren, Ondasun Higigarrien eta Merkataritza Ondasunen Erregistratzaileen Elkargoarena, Espainiako Bankuarenak, Etxebizitzaren Euskal Behatokiarenak, etab.

Txosten osoa Gazteen Euskal Behatokiaren webgunean eskuratu daiteke.

GEBren logoa

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa   Twitter logoa

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana