Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera

'Adimen Emozionala ona edukitzeko etengabeko trebakuntza beharrezkoa da'

Argitalpen-data: 

Elkarrizketa Natalia Alonsorekin, Adimen Emozionalean aditua

Natalia Alonso Alberca, Adimen Emozionalean adituaNatalia Alonso Alberca Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologiako Fakultatean. Adimen Emozionalean aditua, horretan oinarritzen da bere ikerketa lana, irakaskuntza alorreko profesional ezberdinak hezitzen dituelarik.

Azken urteotan, Gazteen Euskal Behatokian, hainbat formakuntza ezberdin burutu dira Adimen Emozionalaren inguruan, eta oraintxe gauzatu da edizio berri bat, zeinetan oinarrizko mailan trebatu ziren profesionalek hartu duten parte. 

  • Gaian sartzeko, gogoraraziko zeniguke adimen emozionala zer den?

Emozioek egunero bizitzen ditugun prozesuetan eragina dutela zabalduta eta onartua dago: goibel baldin bagaude, seguruena erlazionatzeko gogoa izango dugu, haserre baldin bagaude, irain egoera hori saihesteko borrokatuko dugu eta, gure lanarekin pozik baldin bagaude, seguruena hobeto burutuko dugu. Hau da, emozioek besteekin erlazionatzeko moduan eragina daukate, eta baita zereginei aurre egiteko prozesuetan eta gure etekinean ere.

Hau horrela, Adimen Emozionala (AE), Mayer eta Salovey-k 1997an proposatutako kontzeptuak, emozioetatik datorren informazioa prozesatzeko daukagun trebetasun multzoari egiten dio erreferentzia, eta informazio hori egokitzapen eta ongizatearen alde erabiltzeko gaitasunari. Gaitasun emozional multzo hau norberak eta besteek sentitzen dutenari jaramon egitean dauka hasiera, eta emozio zein sentimendu horien jatorri eta ondorioak ikertzean legoke ondorengo pausoa. Hauei etekina atera eta kudeaketa hori garapen emozional eta intelektuala sustatzera bideratzean gauzatuko litzateke prozesua. 

  • Azken urteotan, alor honetan, zein ekarpen berri egin dira?

Adimen Emozionalean ikerketa eta proposamen praktikoak goraka doaz, izan ere, piztu duen interes zientifiko eta sozialak AE-ak pertsona eta taldeengan daukan balioa ikertzeko ikerketak jarri ditu martxan, baita, haurtzaro eta nerabezarotik helduarora arte talde ezberdinetan AE-a hobetzera bideratutako esku-hartzeen diseinu eta inplementazioa ere. Ikerketen emaitzek Adimen Emozionalak daukan garrantzia sendotzen dute, eta badakigu giza harreman pozgarriekin, aurre egite aktibo eta positiboarekin, norberaren pertzepzio hobearekin eta ingurune kooperatiboak eratzeko gaitasunarekin lotura duela. Gainera, gaitasun emozionalean urritasuna, osasun okerragoarekin eta arazo emozional zein portaerakoekin lotzen dela badakigu.

Aurkikuntza guzti hauek, eta gaitasun emozional hobeak dituzten pertsonek zailtasunei hobeto aurre egiten dietela eta egoera positiboei etekin hobea ateratzen dutenaren ebidentziak (bizitzaren alor guztietara hedatzen dira biak), fokua Adimen Emozionalean jartzea eragin du, pertsona eta taldeak era positiboan garatzeko baliagarri izan daitekeen zeharkako “tresna” bezala, egoera txarren aurrean ere onespenez eta adore zein sendotasunez jokatzera bideratu gaitzakeena.

Orain badakigu, baita ere, AE-a hobetzera bideratutako esku-hartzeak emaitzak ematen dituela baina hauek, askotan, denborarekin ikusiko direla. Izan ere, gaitasun emozionalek ahalegin kontziente eta jarraitu bat eskatzen dute, denboran zehar mantendu beharrekoa barneratuak izateko. Horregatik, garrantzitsua da jakitea Adimen Emozionala hobetzea gure esku dagoela (guztion esku!), baina epe bat eman beharko diogula finkatu dadin. 

  • Beraz… AE ona edukitzeko etengabeko trebakuntza beharrezkoa da?

Ahalegina beharrezkoa da, emozionalki trebea izateko etengabeko interesa, eta baita besteei izaten laguntzeko ere. Eta, izan ere, erronka hau da: gure burua egoera zail baten aurrean aurkitzen dugunean, onartzeko gai gara eta aurre egingo diegu era aktibo batean, gure baliabideak martxan jarriz eta, aldi berean, gure konpetentzia hobetuko duten baliabide berriak eskuratuz.

Zorionez, esfortzu hau autoa gidatzen ikastea bezala da, barneratu egiten da, naturalizatu, eta ez da beharrezkoa izango egunero orduak eta orduak emozioen pertzepzioa garatzeko, ulertzeko eta kudeatzeko entrenamenduari dedikatzea. Aldi berean, autoa gidatzearekin gertatzen den bezala, gure gaitasunak hobetzeko hamaika aukera berri izango ditugu, baita arreta guri, autoari (gure buruari eta beste pertsonei) eta gure erantzunei jartzeko, edota nekeak edo notizia on batek gu(re) gidatzeko eran eragiten dion moduari. 

  • Gaiak giza interesa pizten du, baina… Zein pauso jarraitu beharko lirateke “emozionalki adimentsua” den gizartea izatera iristeko?

Emozionalki adimentsua den gizartea, bere kideak halakoak direlako bereiziko litzateke eta, baita, bere erakundeek hori sustatu eta horretarako laguntzen dutelako. Administrazioak dauka pertsonengan gaitasun emozionalak bermatu eta bultzatzen dituzten ekimenak martxan jartzeko gakoa eta honek, eskoletan, lantokietan, auzoetan, legedian… egon beharko luke islatuta. Adimen emozionalaren hezkuntzarako gure eskubidea aldarrikatu behar dugu, eta erakundeei hori bera eskatu, emozionalki adimentsua den gizartea eraiki ahal izateko, horrek ekarriko lukeen onura guztiekin.

Lehenago aipatu dudan bezala, geroz eta gehiago dira honi zuzendutako ekimenak, profesionalen formakuntzatik hasita, Adimen Emozionalaren neurketarako tresnak garatzera bideratutako esku-hartze ezberdinak martxan jartzeraino. Ekimen horietatik askok, AE-a ekonomikoki baliabide handirik gabe sustatzea posible dela erakusten dute, emozionalki adimentsua den gizartea izateko oinarriak sustatzeko ahalegin kontziente eta zabal baten bitartez.

Gure gizartea Emozionalki Adimentsua dela esango dugu, bertako pertsonek egoera gogorrak onartzeko gai direnean, aurre egiteko baliabide propioak martxan jartzen dituztenean, ondoeza onartuz eta berarengandik ihes egin gabe, egoera era positiboan kudeatzeko ekimenen bitartez (honek ez du esan nahi guztia, beti, positiboa izango denik), eta banakako zein giza garapena sustatzeko esperientzia egoerak bultzatzeko gai direnean.

Honetarako, pertsona guztiek partekatu beharko genituzke gure gaitasun emozionalak garatzeko moduak eta dauzkagun zailtasunekiko erronkak ezarri (guztiok daukagu emozioren bat, edo egoeraren bat, zeinetan zailagoa egiten zaigun gure emozioak hautemateko, ulertzeko, errazteko eta erregulatzeko gaitasunak martxan jartzea). 

  • Lorpen honetan, zein paper daukagu nerabe eta gazteekin lan egiten dugun pertsonek?

Jakin badakigu, honetarako erarik zuzen eta eraginkorrena adibide aktiboa izatea dela, gaitasun emozionalaren erreferente, hain zuzen ere. Horregatik, ezinbestekoa da nerabe zein gazteekin lan egiten dugunok emozioak eta sentimenduak identifikatzen, ulertzen eta kudeatzen jakitea, bai gureak propioak, baita lan egiten dugun pertsonenak ere bai.

Erreferente bikainak edukitzea (zailtasun eta mugekin, noski) eta AE hobetzea ahalbideratzen duten laguntzak jasotzea ezinbestekoa da eta, hezkuntza arloan lan egiten dugunok honekiko erantzukizun bat daukagu, hezitzaile emozionalak bait gera nahita nahiez, erreferente bait gera, gure adibideak hezi egiten baitu. Egiten eta erakusten dugun horrek emozioak onartzeko, antzemateko, aztertzeko eta kudeatzeko gaitasunak errazten edo eragozten duen, norberaren esku dago.

Gazteen Euskal Behatokiaren logoa

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa   Twitter logoa

 

 

Lagundu zabaltzen:

     

Esteka interesgarriak

Euskadi, auzolana