Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Euskadiko hiru gaztetik bik garraiobide jasangarriak bakarrik erabiltzen dituzte beren eguneroko joan-etorrietan

Argitalpen-data: 

Mugikortasunaren Europako Astea 2018Mugikortasunaren Europako Astea 2018

Mugikortasunaren Europako Astea irailaren 16 eta 22 bitartean ospatzen da. 2018ko leloa hauxe da: “Konbinatu eta mugitu zaitez!”, eta horrekin garraiobide jasangarriak (hala nola, garraio publikoa, bizikleta edota oinez ibiltzea) erabiltzearen onurez kontzientziatu nahi da. Hori dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak aditzera emango du Euskadiko zenbat gazte mugitzen diren horrela egunero.

2016an (ordukoa baita azken datu eskuragarria) Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 81,9k oinez (edo patinetez) mugitzen zirela beren eguneroko joan-etorrietan zioten. Gainera, % 39,8k adierazi zuten egunero edo ia egunero erabiltzen zutela garraiobide publiko kolektiboren bat (autobusa, trena, metroa, tranbia….) eta % 8,1ek esan zuten egunero desplazamendu horiek bizikletaz egiten zituztela. Ikusten dugun moduan, garraiobide-mota horiek ez dira bateraezinak, aitzitik, gazteek konbinatu egiten dituzte egunero. Guztira, Euskadiko gazteen % 88,9k egunero garraiobide jasangarriren bat erabiltzen zutela zioten.

Baina, garraiobideak ez direnez bateraezinak, gazte batzuek kotxez edo motorraz ere mugitzen zirela esan zuten: % 26,3k egunero eta beste % 9,0k astean hiru edo lau egun.

Kontuan hartzen baditugu egunero edo ia egunero garraiobide jasangarriren bat (oinez, bizikleta edo garraiobide publiko kolektiboa) erabiltzen dutenak, baldin eta kotxez edo motorraz gehienez astean behin edo bitan mugitzen badira, kalkulatu ahal izango dugu zenbat gazte mugitzen diren egunero bakarrik garraiobide jasangarriak erabilita.

Aurreko irizpideetan oinarrituta, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %63,5ek modu jasangarrian egiten dituzte beren eguneroko joan-etorriak.

Egunero garraiobide jasangarriak bakarrik erabiltzen dituzten Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteak (%)

Modu jasangarrian mugitzea ohikoagoa da emakumeen artean gizonen artean baino (% 68,0 eta % 59,2 hurrenez hurren). Horren azalpena garraio publiko kolektiboaren erabilerari erreparatzen badiogu aurki dezakegu, emakumeek gizonek baino askoz gehiago erabiltzen dutelako. Gizonek emakumeek halako bi erabiltzen dute bizikleta baina horrek ez du horrenbesteko pisua kalkulu orokorrean. Gainera kotxea edo motorra erabiltzea ohikoagoa da gizonen artean eta horren eraginez gizonek emakumeek baino zifra txikiagoak dituzte mugikortasun jasangarriari buruzko adierazle honetan.

Eguneroko joan-etorriak modu jasangarrian egiten dituzten pertsonek pisu handiagoa dute gazteenen adin-taldean (15 eta 19 urte bitartekoenean) besteetan baino eta adinak gora egin ahala portzentajeak behera egiten du (15 eta 19 urte bitartekoen artean % 75,3koa da, 20 eta 24 urte bitartekoen artean % 64,5ekoa eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean % 53,0koa).

Azaldu behar da 25 urtetik beherako gazte gehienak ikasleak direla eta horiek oinez (edo bizikletaz) joaten direla bere ikasketa-zentrora azken hau etxetik hurbil badago eta, urrun egonez gero, normalean garraio kolektiboa izaten dutela bertaraino; gainera adin horretan gehienetan ez da baliabide ekonomikorik izaten ibilgailu propioa izateko (eta 18 urtetik beherakoen artean ezta adina gidatzeko baimena izateko ere). 25 eta 29 urte bitartekoen kasuan, aldiz, gehienak lanean daude eta, ondorioz, izan ahal dituzte baliabide ekonomikoak ibilgailua erosteko, eta hori ez ezik, batzuetan behartuta daude ibilgailu propioa erabiltzen lantokia dagoen lekua dela eta.

Azkenik, hiriburuetan bizi diren gazteak dira modu jasangarrienean mugitzen direnak; alde batetik aukera gehiago dituzte hirian bertan izateko ikasketa-zentroa edo lantokia eta orduan oinez edo bizikletaz joateko aukera gehiago eta, bestetik, hiriburuek garraio publikoaren sare zabalagoa izaten dute eta horrela askok ez dute kotxearen beharra.

Egunero garraiobide jasangarriak bakarrik erabiltzen dituzten Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteak, sexuaren, adin-taldeen eta bizi diren udalarriaren tamainaren arabera (%)

Garraiobide bakoitza erabiltzearen datuak Euskadiko gazteak 2016 ikerketatik datoz. Gazteen Euskal Behatokiak burutu zuen ikerketa hori 15 eta 29 urte bitarteko 1500 gazteri (750 neska eta 750 mutil) egindako inkesta bat oinarri hartuta. Inkesta horretan egungo hainbat gairi buruz galdetu zitzaien.

Artikulu hau egiteko kalkulu bereziak egin dira jakiteko zenbat gazte mugitzen diren normalean modu jasangarrian.

GEBren logoa

 Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa Twitter logoa

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana