Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Euskadin 25 eta 34 urte bitartekoen erdiek baino gehiagok goi-mailako titulazioa dute

Argitalpen-data: 

Goi-mailako tituludunak gehiago izango direla hautematen da

GEBren logoaGazteen Euskal Behatokiak 25 eta 34 urte bitarteko pertsonen ikasketa-maila aztertu du. Adin-tarte horren aukeraketa azalpen argia du: adin horretarako gazte gehienek beren formazioa bukatu dute eta horrek lortutako mailarik altuena aztertzea ahalbidetzen du.

Horretarako Gazteen Euskal Behatokiak adin-tarte horretako 1200 gazteri egindako inkesta batean oinarritu da. Inkesta 2017ko azaro eta abendua bitartean burutu zen eta bertan egindako ikasketei buruz galdetu zaitzaien gazteei, bai eta beren aitak eta amak lortutako mailarik altuenari buruz ere, gurasoen mailak seme-alaben mailan duen eragina aztertzeko asmoz.

Emaitzen analisiak erakusten digu Euskadin 25 eta 34 urte bitartekoen erdiek baino gehixeagok goi-mailako titulazioa dutela (% 54,4). Zelako goi-mailako ikasketak? % 16,5ek lanbide heziketako goi-mailako zikloa bete dute, baina gehiago dira, % 37,6, unibertsitateko ikasketak dituztenak, gradukoak zein graduondokoak. Gainerako % 0,3k goi-mailako arte-ikasketak egin dituzte.

25 eta 34 urte bitarteko emakumeen artean adin horretako gizonen artean baino goi-mailako tituludun gehiago dago (emakumeen % 58,8 eta gizonen % 49,9 ), baina aldea unibertsitateko ikasketetan ikusten da, emakumeek gizonek baino neurri handiagoan jotzen baitute unibertsitaterantz. Kontuan hartuko bagenitu bakarrik lanbide heziketako goi-mailako ikasketak ikusiko genuke gizon gazteen portzentajea emakumeena baino handiagoa dela.

Euskadiko 25 eta 34 urte bitartekoek bukatutako ikasketa-mailarik altuena, sexuaren arabera

Baina aldeak ez datoz bakarrik sexuaren aldetik. Beste aldagai batzuek, hala nola, jatorria edota gizarte-maila, alde ageriagoak erakusten dituzte. Goi-mailako ikasketak dituztenen portzentajea handiagoa da Euskadin jaiotako gazteen artean (% 61,6) Espainiako beste autonomia erkidegoetan jaiotakoen artean baino (% 51,8) eta, batez ere, atzerrian jaiotakoen artean baino (% 22,4). Bestalde, beren burua gizarte-maila altuan, ertain-altuan edo ertainean kokatzen dutenek gizarte-maila baxuan edo ertain-baxuan ikusten dutenek baino neurri handiagoan bete dituzte goi-mailako ikasketak (% 61,6k lehenengoen artean eta % 39,8k bigarren taldekoen artean).

Bestetik, gurasoen ikasketa-maila kontuan hartuz gero, ikus dezakegu faktore hau ere erabakigarria dela. Aitak eta amak (biek) goi-mailako ikasketak dituztenean 25 eta 34 urte bitarteko seme-alaben % 74,3k goi-mailako ikasketak dituzte. Gurasoren batek goi-mailako ikasketak baldin baditu baina besteak ez goi-mailako titulua duten seme-alaben portzentajea % 68,5era murrizten da. Eta ez aitak ez amak ez badute goi-mailako ikasketarik erdiak baino gutxiago dira goi-mailako titulua duten seme-alabak (% 45,8).

Ikus dezakegu, beraz, familiako eta gizarteko faktoreak funtsezkoak direla.

Euskadin goi-mailako titulua duten 25 eta 34 urte bitarteko pertsonak, determinatzaile sozialen arabera (%)

Azkenik, adinari erreparatuz gero, ikus dezakegu 25 eta 29 urte bitartekoen artean goi-mailako titulua (unibertsitatekoa edo lanbide heziketako goi-mailako ziklokoa) dutenen portzentajea 30 eta 34 urte bitartekoen artean jasotakoa baino handiagoa dela (% 59,0 eta % 50,5, hurrenez hurren).

Eta hurrengo bost urteko adin taldera jaitsiz gero (hau da 20 eta 24 urte bitartekoei dagokiena) joerak adierazten digu nabarmen handituko dela goi-mailako tituludunen kopurua. Zergatik? 20 eta 24 urte bitartekoen artean % 40,9k jada bete dituztelako goi-mailako ikasketak eta beste % 32,1 kurtso honetan horrelako ikasketak ikasten ari direlako. Ikasle guzti horiek ikasketak gainditzen badituzte adin-tarte horretako % 73,0k goi-mailako titulu bat izango dute.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa   Twitter logoa

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana