Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Irailaren 10a: Suizidioaren Prebentziorako Nazioarteko eguna

Argitalpen-data: 

2016an 15 eta 29 urte bitarteko gazteen suizidio tasa 100.000 gazteko 4,2koa izan zen Euskadin

Suizidioaren Prebentzioaren Nazioarteko eguna dela eta, suizidioak Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteengan duen intzidentziari buruzko datuak aurkezten ditu Gazteen Euskal Behatokiak.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Erregistro eta Osasun Informaziorako Zerbitzuak Gazteen Euskal Behatokiari emandako datuen arabera, 2016an (azken datu eskuragarriak) 15 eta 29 urte bitarteko 12 gazte hil ziren Euskadin suizidioa edo nork bere buruari eragindako lesioak direla eta, beraz, adin tarte horretako suizidio-tasa 100.000 gazteko 4,2koa izan zen.

Bere buruaz beste egindako 12 gazte horietatik 7 gizonezkoak ziren eta beste 5ak emakumeak. Hori dela eta, adin tarte horretako gizonen artean 100.000 gazteko tasa 7,8 izan zen eta emakumeen artean, berriz, 3,7. Aztertutako urte guztietan ikusten da gizonen suizidio-tasa emakumeena baino altuagoa dela.

Datu absolutuak gutxi direnez, edozein kasuk eragin handia du tasan, horregatik bilakaera aztertuz gero gorabehera nabarmenak daudela ikus daiteke. 2016an tasa orokorra jaitsi egin zen 2014 eta 2015 urteekin konparatuta, 2016an gizon gazteen artean suizidio gutxiago gertatu zirelako aurreko bi urteotan baino. Emakumeen artean, aldiz, tasa jaitsi ez ezik, 2014 aurretik izandakoa baino altuagoa izan da 2014 eta 2016 artean.

15 eta 29 urte bitarteko  gazteen suizidio-tasaren bilakaera Euskadin

15 eta 29 urte bitarteko gazteen suizidio-tasa altuagoa da Bizkaian (100.000 gazteko 6,2) Araban (2,4) edo Gipuzkoan (2,1) baino.

Datu hauek (eta hainbat gehiago) ondoko datu-base interaktiboan aurki daitezke: “Gazteen adierazleak 2017. Euskadiko gazteen panoramika”. Bertan 100 adierazle baino gehiago batzen dira gai desberdinei buruz: osasuna, hezkuntza, enplegua, emantzipazioa, balioak… eta gehienak sexuaren eta lurralde historikoaren arabera kontsulta daitezke (bai eta beste aldagai batzuen arabera ere). Bilakaera aztertzea ere posible da datu-base honetan eta datu eskuragarriak daudenean, Espainiako zein Europako beste herrialdeetako gazteen datuekin konparatzea ere ahalbidetzen du.

GEBren logoa

 Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa Twitter logoa

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana