Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

 
Hemen zaude:
  1. Hasiera

Euskadi Literatura Sariak [2013]

EUSKARAZKO LITERATURA ITZULPENA

Tom Sawyer-en abenturak - Atala

Irabazleak: Iñaki Mendiguren eta Sarah Turtlea
Izenburua: Tom Sawyer-en abenturak (Mark Twain)
Argitaletxea: Alberdania-Erein-Igela

18.000 euroko saria.

Epaimahaia:

  • Karlos del Olmo, epaimahaiburua
  • Isabel Etxeberria, epaimahaikidea
  • Joxe Austin Arrieta, epaimahaikidea
  • Bakartxo Arrizabalaga, epaimahaikidea
  • Xabier Mendiguren, epaimahaikidea

EPAIMAHAIAK IKUSITAKO MERITUAK

Itzultzaileak begirunea zor die bai egileari bai irakurleari, eta epaimahaiak saritu duen lan honetan bi itzultzaileek osatutako tandemak hastapen hori modu nabarmenean betetzeko gaitasuna erakutsi du.

Kalitatezko itzulpen bat eginda, XIX. mendeko klasiko estatubatuar bat XXI. gaurko irakurle gazteek nahiz nagusiek gustura irakurtzeko moduan ekarri dute, jatorrizko lanaren zailtasun guztien gainetik eta gaurko euskararen legeen azpitik.

Jatorrizkoan agertzen diren aipuak euskaraz ematean, itzultzaileek euskal tradizio itzuliaren ekarria ere jaso dute, eta gaurko irakurlearentzat eginda dagoenez gero, arrotz gerta daitezkeen kultur elementuen berri eman dute oharren bitartez, irakurraldi erosoagoa lortzearren.

Euskal itzulpengintzak gaur egun lortu duen mailaren adibide egoki-egokia da liburua.


SARITUTAKOARI BURUZKO HAINBAT DATU

Iñaki Mendiguren eta Sarah Turtle

Iñaki Mendiguren

Iñaki Mendiguren 1954ean jaio zen Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri zaharrean. Filosofia eta Letretan lizentziatua Deustuko Unibertsitatean. Debagoiena bailaran urte askoan irakasle izan ondoren, aspalditxoan itzulpengintzan dihardu bere kontura. Sarah J.Turtlerekin ezkondua, berriro Ezkio-Itsason bizi da orain. Bi aldiz irabazi du Euskadi Literatura Saria (itzulpengintzan), bi aldiz sartu da IBBY Itzulpenen Ohorezko Zerrendan, bi aldiz bereganatu du Gipuzkoako ‘Liburu Gaztea' Saria, eta bi aldiz lortu du “Vitoria-Gasteiz” saria gazte-literaturaren alorrean egindako itzulpenengatik. Cafe Iruña-Baqué saria eta Irun Hiria literatur sariak ere baditu idatzitako bi eleberriengatik.

Sarah Turtle

Sarah-Jane Turtle 1952an jaio zen Croydon-en (Surrey, Ingalaterra). Hizkuntza Modernoetan (alemana eta espainiera) lizentziatua da Bradford-eko Unibertsitatean. Urte askoan ingeleseko irakasle izan ondoren Arrasate aldean, azken urteotan free-lance itzultzailea da. Iñaki Mendigurenekin ezkondua, gaur egun Ezkio-Itsason (Gipuzkoan) bizi da.


TOM SAWYER-EN ABENTURAK

Tom espaloian agertu zen baldean kare-esnea zuela, eta kirten luzeko brotxarekin. Hesiari begiratu zionean, poztasun guztia joan zitzaion eta malenkonia sakonak hartu zion arima. Hogeita hamar metro luze zen ohol-hesia, eta hiru metro altu. Bizitza hutsik iruditzen zitzaion, eta existentzia, zama astuna.


ZATIA

Biharamun goizean esnatu zenean, non zegoen galdetu zion Tomek bere buruari. Eseri egin zen, begiak igurtzi eta ingurura begiratu zuen. Orduan ulertu zuen. Egunsenti gris freskoa zen, eta atseden- eta bake-sentipen zoragarria zegoen basoetako baretasun eta isiltasun sakon eta iraunkorrean. Orri bat ere ez zen mugitzen; hots batek ere ez zuen eragozten Izadiaren meditazio handia. Hosto eta belarren gainean ihintz-tantak zeuden. Errauts-geruza zuriak sua estaltzen zuen, eta ke-zerrenda mehe urdin bat zihoan zuzenean airean gora. Artean lo zeuden Joe eta Huck.

Basoan, urrun, hegazti batek hots egin zuen; beste batek erantzun zion; handik laster okil baten mailu-hotsa entzun zen. Pixkanaka goizeko gristasun lainotsu hotza zuri bilakatu zen, eta pixkanaka hotsak ugaldu eta bizitza ageriko bihurtu zen. Lozorrotik esnatu eta lanean hastera zihoan Izadiak bere miraria utzi zuen agerian pentsakor zegoen mutikoaren aurrean.


FINALISTAK

  • Juan Mari Aguirreurreta. "Bizientzat eta hilentzat" Poema guztiak (1954-2004) (Tomas Transtromer). Argitaletxea: Elkar
  • Xabier Payá. "Bizitza amets" (Pedro Calderón de la Barca). Argitaletxea: Alberdania, Erein, Igela
  • Iñigo Roque. "Poemak pluralean" (Fernando Pessoa). Argitaletxea: Denonartean
  • Jose Ramon Vázquez Benito Cereno. "Billy Budd, marinela" (Herman Melville). Argitaletxea: Alberdania, Erein, Igela
 

Lagundu zabaltzen:

     

Esteka interesgarriak

Euskadi, auzolana