Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

 
Gaztebizhitza

#Etanirelanazer?

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gaztebizhitza
  4.  
  5. Lana
  • Instagram

Zure enpresa sortzeko gakoak eta gomendioak

Gogoratu

  • Zure enpresa sortzeak lan merkatuan barneratzeko aukera eman ahal dizu baina, zure negozioak arrakasta izan dezan, gogor lan egin beharko duzu.
  • Ekintzailetza proiektu guztiak negozio-ideia on batean oinarritu behar dira. Gainera, ideia hori garatzen lagunduko zaituzten profesionalen laguntza ere beharko duzu.
  • Erakunde desberdinek lagun zaitzakete plangintza prestatzen eta zure enpresa abian jartzen. Gainera, finantziazioarekin ere lagundu ahal zaituzte.
  • Bere enpresa sortu duten beste gazteen esperientziak ezagutzea oso lagungarri izan daiteke.
  • Enpresa bat sortzen saiatzen bazara baina azkenean proiektua ez bada gauzatzen, ez pentsa huts egin duzunik. Ekintzailetza prozesuak aberastuko zaitu maila pertsonalean zein profesionalean.
  • Azkenean, zure proiektua gauzatzea lortzen baduzu, beste batentzat lan egiten nekez lortuko duzun asebetetzea izango duzu.

Infografia: zure enpresa sortzeko gakoak eta gomendioak

Aukera egokia da nire enpresa sortzea?

Ekintzaile izatea eta zure negozioa sortzeak aukera emango dizu:

a) Lan merkatuan sartzeko. Lan egiteaz gain, ugazaba ere izango zara. 

b )Benetan gustuko duzun horretan lan egiteko. Inork ez du enpresa bat sortzen gustuko ez duen zerbaitetan lan egiteko.

c) Maila pertsonalean zein profesionalean errealizatzeko. Ekintzailetzak norbere buruan konfiantza izateko, pertseberantzia, arriskuak hartzeko gaitasuna, sormena, ekimena, lidergoa, aldaketetara egokitzeko gaitasuna edo taldean lan egiteko gaitasuna bezalako baloreak sustatzen ditu.

 

Nire enpresa sortzea ideia erakargarria iruditzen zait. Nondik hasi beharko nuke?

Lehenik eta behin negozio-ideia on bat izan behar duzu. Zoritxarrez, gogoekin bakarrik oso zaila da proiektu bat aurrera eramatea. Negozio-ideia on bat gauzatu ahal izateko pertsona aktiboa, bizia eta ikusmira zabalekoa izan beharko duzu.

Zure ideia Ipar Poloan manga motzeko kamisetak saltzea bada, zure ekimenak porrot egingo du hasiera-hasieratik. Ez du zertan Kristoren ideia izan behar (baina ideia bikaina bada, askoz hobe). Negozio-ideia izan daiteke:

a) Zerbait berria eta jatorrizkoa. Merkatuan edo zure ingurunean ustiatu gabe dagoen alor batera zuzentzen den ideia.

b) Jada merkatuan den produktu edo zerbitzu bat garatzea baina alderdi berri batetik.

 

Eta gero?

Gero gogor egin beharko duzu lan: negozio-ideia hori ahalik eta etekin gehien eta ahalik eta eperik handienean lortzeko aukera emango dizun enpresa batean gauzatu beharko duzu. Enpresa bat sortzeak lan serioa eta arretatsua eskatzen du eta baita denbora, ardura eta pazientzia ere.

 

Eta hori nola egiten da?

Ahalegin eta ardura askorekin. Enpresa bat sortzea eta zuzentzeak dena ematea eskatuko dizu. Jaso ahal izango duzun laguntza guztia gutxi izango da.

Ez pentsa zuk zeuk dena egin ahal izango duzunik; seguruenik, beste alorretako profesionaletara ere jo beharko duzu.

Kontutan izan, lan egingo duzun esparru horretaz gain, enpresa bat zuzentzeak kudeaketa, ekonomia, giza baliabideak, merkatu azterketak, marketina, salmentak eta bestelako ezagutzak eskatzen dituela.

 

Edonor izan daiteke ekintzaile?

Nahi duen orok bere enpresa sortzeko askatasuna du baina, egia da arrakasta aukera gehiago izateko komenigarria dela zenbait:

a)Ezaugarri pertsonal bereziak izatea: iniziatiba, erabakiak hartzeko gaitasuna, proaktibotasuna, arriskuak hartzea, autoestimua, iraunkortasuna...

b)Gaitasun eta/edo trebetasun izatea: motibazioa, antolakuntza, komunikazioa...

c)Ezagutza eta trebakuntza izatea: enpresa-kudeaketan edota enpresa arituko den alor horretan.

d)Baloreak izatea: gura, etorkizun-sena, erabakitasuna, kuriositatea...

Ez dituzu ezaugarri horiek guztiak izan behar, hala nahi izanez gero, zure enpresa sortu ahal izateko.

Inor ez da perfektua edo gauza guztien jakitun; gainera, beti laguntza eskatu ahal duzu. Hori bai, komenigarria da zure mugak ezagutzea eta horiek gainditzeko lan egitea.

 

Non lor dezaket laguntza?

Zorionez, gaur egun, erakunde desberdinek lagun zaitzakete zure enpresa sortzen: maila desberdinetako erakunde publikoak, finantza-erakundeak, unibertsitateak... Bertan, zure negozioa sortzeko behar duzun laguntza aurkitu ahal izango duzu eta, gainera, finantziazioa lortzen lagunduko zaituzte.

Zure enpresa sortzeko interesa baduzu, erakunde hauetara gertura zaitezke eta informazioa eskuratu ideiak argiago izateko. Gazteaukera atarian ere ekintzailetza eta autoenpleguaren inguruko edukiak ere aurkituko dituzu.

 

Finantziazioa?

Bai. Enpresa bat sortzeak hasierako inbertsio bat eskatzen du dena martxan jarri ahal izateko. Hau aurkituko duzun oztoporik handienetako bat izango da; inork ez dizu dirua oparituko eta, are gutxiago, behar bezala garatuta ez dagoen proiektu baterako. Funtsezkoa da gastu guztiak ondo kontrolatuta izatea; dituzun baliabide ekonomikoak xahutzen badituzu enpresa sortu aurretik enpresa gabe eta dirurik gabe geratuko zara.

 

Bere enpresa sortu duten beste pertsonekin izatea lagungarri izan daiteke?

Bai, noski. Erakunde desberdinetatik jaso ahal duzun laguntzaz aparte, zu bezala, enpresa bat sortu duten edo enpresa bat sortzen saiatu diren pertsonen testigantzak jasotzea oso lagungarri izan daiteke. Pertsona hauen esperientziak ezagutzeak oso informazio interesgarria emango dizu, profesionala zein pertsonala. Pertsona ekintzaileek, orokorrean, komunitatean lan egiteko eta esperientziak partekatzeko joera izaten dute: Networking izenarekin ezagutzen dena da.

 

Enpresa bat sortzea zerbait errazagoa zela uste nuen. Benetan merezi al du?

Bai. Enpresa bat sortzeko prozesua ez da egun batetik bestera egin daitekeen zerbait.  Baina enpresa bat sortzearen esperientzia oso aberasgarria da. Irudikatu ahal duzu zure burua sortu duzun enpresa gidatzen?

Proiektuak arrakasta badu zure enpresa sortu izatearen asebetetzea izango duzu, eta horrez gain, lan bat, non zuk erabakitzen duzun zer egiten den eta nola.

Enpresak izan dezakeen arrakasta alde batera utzita, prozesu horrek izugarri aberastuko zaitu maila pertsonalean eta, profesionalki, oso ezagutza interesgarria eskuratzeko aukera emango dizu. 

Hasiera


Gehiago jakin nahi duzu?

 

Lagundu zabaltzen:

     
© 2018 · Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Euskadi, auzolana