Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Argitalpen-data: 2013/07/03

Elkarrizketa Janire Gazoporekin, nerabeengan eta gazteengan eta drogetan espezializatutako hezitzailea

Janire Gazopo Beaskoetxeak bi ikastaro eman ditu ekainean, gazteek drogekin dituzten harremanei buruz, Gazteen Euskal Behatokiak antolatuta.

Etorkintza Fundazioko gizarte-hezitzailea da Janire, eta esperientzia luzea du drogak kontsumitzen dituzten gazteekin kale-heziketa lanak burutzen. Azken bost urteotan, gainera, hezkuntzaren eta laneratzearen arloan dihardu, gazteen taldeekin. 

  • Urte luzeak daramatzazu nerabeekin lanean, droga-mendetasunen prebentzioan. Zer uste duzu: gazteek drogekin duten harremana aldatu egin dela urteotan, ala berberak direla kontsumitzeko arrazoiak?

Bai, nire ustez, egungo gazteek ez dute duela urte batzuk bezala jokatzen drogen aurrean. Egungo gazteak irekiago daude substantzia psikoaktiboen kontsumora: kontsumo sozial horretara neskak nola gerturatu diren ikustea besterik ez dago. Aisia-espazioak ere aldatu egin dira, eta nerabeek droga kontsumitzea ez dago bazterkeriara edo delinkuentziara loturik. Kontsumoa, orain, gaueko aisiaren espazioan gauzatzen ari da. Arriskuaz duten pertzepzioa oso apala da; eskuragarritasunaz dutena, ordea, handia. Aldi berean substantzia bat baino gehiago kontsumitzeko (polikontsumoa) aukera ere badute. Gazteek drogarekin duten harreman kultural honetan, aisialdiak garrantzi handia hartzen du gazteen bizitzan. Horren haritik, asteburua “ondo pasatzera” eta “emozioak bete-betean bizitzera” bideratuta dago, eta, testuinguru horretan, gozamena handitzeko helburua dute drogek. 

Drogekiko harreman hori ez da gazteengan bakarrik antzematen, eta garrantzizkoa deritzot helduok honetan guztian betetzen dugun paperaz jabetzeari. Norberaren onurarekin, gizarte-arrakastarekin, unean unekoaren gozamenarekin, dibertsioarekin, ongizatearekin edo lehiakortasunarekin lotutako balioak transmititzen dizkiegu. Beraz, horiek dira axola duten balioak eta gure gazte eta nerabeek oratzen dituztenak, norberaren gozamena beste guztiei gailentzen zaiela. 

  • Komunikabideek drogen kontsumoan dauden moda berriei buruzko albisteak ematen dizkigute noizean behin. Substantziak aldatu egin dira eta kontsumoa handiagoa da gaur egun, ala irudi exajeratua ematen ari dira?

Jakin badakigu Euskal Herrian drogen kontsumoa nahiko altua dena eta, droga gehien kontsumitzen den herrialdeen artean, Espainia bigarrena dena. Baina, sarritan, berri kezkagarriak entzuten ditugu, informatu baino, behar ez den moduko alarma sortarazten dutenak. Kontsumitzen hasteko adina behera doala entzuten ari gara duela zenbait urtetatik hona. Horrela izango balitz, haurrak bederatzi urtetan hasiko lirateke kontsumitzen. Gainera, nerabe kontsumitzaile zalapartarienak erakusten dituzte komunikabideetan, etengabe, eta gizartean dagoen alarma elikatzera baino ez dator hori. Kontsumitzen ez dutenak edo modu kontrolatuan kontsumitzen dutenak, ordea, ez dira apenas agertzen, ez direlako interesgarriak, hau da, ez dira albiste. Horrela, bada, nerabeei eta gazteei buruzko irudi negatiboa ematen da, oro har. 

Nire ustez, herritarrei ematen zaien informazioa zaindu egin behar da, arazorik ez sortarazteko, hutsetik. Egia da nerabeak goiz hasten direna kontsumitzen, 13-15 urteen inguruan, baina hainbat urte daramatzagu egoera honetan: adina ez doa behera. Substantziak aldatu diren ala ez? Orain droga ilegal sorta zabalagoa dago duela urte batzuk baino, baina droga berririk ez. Duela urte batzuetatik hona ezagun egin dira, baina, egon, lehenagotik ere bazeuden. Egia da gazteei droga estimulatzaileak gustatzen zaizkiena asteburuan kontsumitzeko; izan ere, harremanak beste nolabait egiteko modu bat ikusten dute droga horietan. 

Hala ere, datu garrantzitsu bat dago: gazte-kopuru handi batek ez dio drogekin esperimentatzeko presioari men egiten. Badakite droga aukera bat dena. Horren aldetik, uste dut garrantzitsua dela azpimarratzea gora egin duela kontsumitzaileak ez diren adingabekoen kopuruak. 

  • Zer da, zure iritziz, drogen kontsumo problematikoa nerabezaroan?

Nire ustez, droga-kontsumo arriskugarri edo problematikoak eboluzio-prozesu normala oztopatzen duten jokaerak edo arazo jakinak eragiten ditu nerabe edo gaztearengan. Bizitzan gatazkak eragiten dituzten kontsumo-ereduei lotutako arazo-multzoez ari gara, ez mendetasunaz, derrigor. Kontsumo problematikoaz ari garen zehazteko, beharrezkoa da jakitea zein substantziaz ari garen hizketan, gaztearengan nolako eginkizuna betetzen duen, kontsumo-maiztasuna, dakartzan arriskuak eta pertsonaren ezaugarriak (pertsonalak, sozialak, familiarrak). 

Drogen kontusmoei buruz ari garenean, zenbait talde bereiz ditzakegu:

A. Kontsumitzaile esporadikoak: kontsumitzen ez duten edo asteburuetan, testuinguru ludikoan, moderazioz kontsumitzen duten adingabekoak dira.

B. Noizbehinkako kontsumitzaileak: gehiegikeriazko jokaerak dira, egun, nerabeen sektore batzuetan maizen gauzatzen direnetakoak. Asteburuko egun batean kontsumoa izugarri igotzen da, nahita aitzurra harrapatzeko.

C. Adingabeko kontsumitzaileak, beste substantzia batzuen kontsumo esporadikoarekin: alkohola eta kannabisa kontsumitzen duten adingabekoak izan ohi dira. Gainera, asteburu batzuetan eta noiz edo noiz, beste estimulatzaile batzuk ere hartzen dituzte, jarduera ludikoen osagarri. Kontsumo problematikoagoa dela azaleratzen da, kantitateei,  maiztasunei eta kontsumitutako substantziei dagokienez, baina baita agertzen hasten diren arazoei dagokienez ere.

D. Drogen kontsumo aurreratua duten adingabekoak: hainbat substantzia sistematikoki kontsumitzen dituzte asteburu guztietan, batzuetan, aste barruetan ere bai, nagusiki kannabisa. Izan ere, adingabekoaren aste barruko eguneroko bizimoduan sartzen da kontsumoa, eguneroko jardueretan eragina izan dezakeela ohartu gabe. 

  • Zure ustez, astialdia une pribilegiatua al da drogen kontsumoa prebenitzeko? Nolakoa izan beharko litzateke esku-hartzea?

Jakina, baina ez asteburuko astialdia, eguneroko astialdia baizik. Kaleko esku-hartzeari esker, dagoeneko kontsumo problematikoa duten eta laguntza-sarean sartu behar diren nerabe eta gazteekin ez ezik (kasu horretan, hezitzaileak zerbitzu horietara sartzeko bitartekari eta bideratzaile bilakatzen dira), kontsumoa egon daitekeela antzematen duten jokaerak dituzten gazteekin ere lan egin daiteke. Lan hori euren espaziotik baino ezin da egin, hau da, kaletik. 

Nerabeengana euren ingurune naturalean heltzeko aukera ematen du kaleko lanak, hots, ingurune irekiko lanak —nik nahiago dudan izendapena—, nerabeek eta euren taldeek nola funtzionatzen duten jakiteko aukera. 

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

  

 

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana