Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Argitalpen-data: 2013/10/17

Elkarrizketa June Fernández Caseterekin, generoan aditutako kazetaria eta blogaria, sare sozialetan aditua.

  • Gizarte sareak, komunikatzeko tresna, mundua ezagutzeko leihoa, tendentzia edo zer direla esango zenuke?

Dena aldi berean. Komunikatzeko tresna berriak dira, ez bakarrik pertsonen arteko harremanei dagokienez, pertsona zein elkarte bakoitza komunikabide bilakatzeko aukera ematen duelako ere. Informazio asko bitartekaririk gabe jaso eta hedatzea ahalbidetzen dute eta gure interes berberak dituen munduko jendearekin aliantzak sortzea errazten dute. Feminismoaren kasuan, muga geografiko horiek gainditzea sare sozialen oso ondorio onuragarria izan da. Tendentzia? Sare sozial konkretu bat moda bezala ikus dezakegu. Baina komunikazio digitala ez nuke tendentzia soil bat bezala definituko.

  • Jarrera sexistak ekiditeko eta feminismoa bultzatzeko egitasmoak ugari dira sarean. Zure ustez, Internetek zein ekarpen nagusi egin diola uste duzu mugimendu feministari?

Esan bezala, feminismo anitzen arteko zubiak eraikitzea errazago dugu sare sozialen bidez. Muga geografikoak aipatu ditut, baina orokorrean, gure testuingurutik haratago dagoen jendearekin kontaktuan jartzea ahalbidetzen dute. Esaterako, orain dela hamar urte feminista islamiko batekin hitz egiteko bide bakarra gai horren inguruko hitzaldi batera joatea zen. Egun, sare sozialen bidez herrialde, adin, korronte eta esparru anitzetako feministekin konektaturik gaude. Egungo mugimendu feminista nahiko zatituta dago: lehen hiri batean bizpahiru asanblada feminista zeuden (esaterako, berdintasunaren aldekoak eta diferentziaren aldekoak), baina egun, talde txiki anitzak sortzeko joera dago: transfeministak, ekofeministak, gazteak, etorkinak... Sare sozialak askotan koordinakunde klasikoak baino eraginkorragoak dira talde guztien arteko elkarlana sustatzeko, edo, gutxienez, osagarri egokiak.

Bestalde, feminismoak zailtasunak izan ditu gazteak erakartzeko, eta komunikazio digitalaren estiloak gazteak hurbiltzeko aukera gehiago ematen ditu, besteak beste, teoria eta diskurtsoak baino, indar asko daukaten ikusentzunezkoak erabiltzen baititu. Meme feminista batek azalpen akademiko batek baino indar handiagoa dauka. Gainera, sare sozialetan pertsona guztiok daukagu ahotsa, ez bakarrik feminista historiko eta akademikoek. Horrek ere lengoaia eta diskurtso aniztasuna sustatzen du. Eguneroko bizipenak eta gogoetak, zein eguneroko bizitza horretan gizarte patriarkala desegiten joateko estrategiak partekatzen ditugu feministok sare sozialen bidez, eta, hala, sare sozialak guretzat topagune apartak dira bakarrik ez gaudela sentitzeko; onura terapeutiko bat daukatela esango nuke.

Azkenik, ziberfeminismoak talde jakin batetan militatzen ez duten pertsonei mugimendu feministaren parte sentitzea ahalbidetzen die. Mugimendu feministan sartzeko ate berri bat da. Hori izan zen nire esperientzia: 22 urte nituenean, nire inguruan feministarik ez nuen ezagutzen eta elkarte batera hurbiltzeak lotsa ematen zidan. Feminismoaren inguruko blog bat hasi nintzen idazten, horri esker beste feminista asko ezagutu nituen, Euskal Herriko mugimendu feministaren parte sentitzen hasi nintzen, eta, hala, mugimendu feministaren ekintzetan parte hartzeko konfidantza lortu nuen. Feminista autonomoak izatea errazagoa da ziberfeminismoaren bidez. Hori bai, nire ustez ziberfeminismoa ez da bakarrik abortoaren aldeko argazki bat Facebook-en partekatzea, baizik eta eguneroko bizitzan konpromiso hori adieraztea eta mugimendu feministari laguntzea ere bai, esparru guztietan eta ditugun baliabide guztiekin. 

  • Gazteen artean berdintasuna sustatzeko Internet bidezko proiektu ugari daude sarean. Nahikoa ezagutzen al dira edo oraindik lan handia egin behar da baliabideak gizarteratzen?

Beldur Barik ekimenak, bideo lehiaketa denez, gazteen artean asko zabaltzea lortu du. Norma Jean Magazine eta Proyecto Kahlo -gazte feministek egindako aldizkari digitalak-, milaka jarraitzaile dituzte sare sozialetan. Beti ere pentsatu behar dugu ea gure lengoaia eta partekatzen duguna erakargarria den, baina nire ustez inoiz baino errazagoa da gazteen artean berdintasunari lotutako mezuak hedatzea. Eta pentsa jarraitzaile bakoitzak seguru asko eduki horiek bere inguruan partekatu edo komentatuko dituela. Orain arte, gazteenek batez ere, Tuenti sarea erabiltzen zuten eta erabilera pertsonala ematen zioten soilik: lagunekin hitz egitea, argazkiak partekatzea... Azken boladan, Tuenti modaz pasata dagoela diote gazteek eta Twitter nahiago dutela. Hori albiste ona da. Lehen Tuentin ekimen instituzional batek ez zeukan zer eginik, gazteen mikrounibertsoa zelako eta helduak arrotzak ginelako. Twitter publikoa izanda eta interesen arabera jende anitza jarraitzen duzularik, uste dut errazagoa izango dela gazteen arreta erakartzea.

  • Gizarte sareetan, nesken kasuan batipat, barneko sentimenduak eta gorputza biluzteko ohitura nahiko hedatua dago. Zer deritzozu Giza-voyeurismo eta Gran hermano kultura honi? Etorkizuneko gazteengan zein eragin izan dezakeela uste duzu?

Askotan, jarrera horiek epaitzen ditugunean, moralismoak baldintzatzen gaitu. Intimitatearen kontzeptua eraldatuz doa eta ez dut uste hori berez txarra denik. Balio erlatiboa da; helduentzat intimoa dena agian gazteentzat publikoa da. Garrantzitsuena informazioa izatea da, zer partekatzen dugun tentuz erabakitzeko: esaterako, sareetan argazki bat nola hedatzen den jakin, hori publikoa egitearen ondorioak kontuan izan, ze espazio diren gure barnea agerian uzteko egokiak eta zeinetan izango garen epaituak, sareek ematen dituzten pribatutasun aukerak ezagutu eta erabili...

Nesken kasuan, batez ere, barne sentimenduak eta argazkiak konpartitzearen atzean balioespen behar handia dago. Behar hori nerabezaroan halabeharrezkoa da, identitatea eraikitzen ari direlako eta askotan autoestimua ez dagoelako oso sendo. Gauza da balioespen behar hori era egokian asetzeko bide eta espazio seguruak aukeratzea. Esaterako, nire autoestimua igotzeko, nire argazki sexy bat Tuentira igotzen badut, izan liteke nire lagunen txantxa eta irainak jasotzea, eta horrek ni lur jota uztea. Hori neskekin asko gertatzen da eta kezkagarria da. Baina nik uste dut argazki sexyen kontra egin ordez, hobe dela bere barnea zein gorputza agerian uzten duten emakume aske eta berdinzaleen ereduak erakustea. Gordazine, The Nu Project edo Large Labia Project webguneetan emakumeak biluzik agertzen dira, baina gorputz anitzak erakutsiz eta jabekuntza adierazten duten jarreretan.

Bestalde, neskek (zein mutilek) dauzkaten joerak aldatzeko ahalegina egin ordez, uste dut egokiagoa dela horiei buelta ematea, onura bat ateratzea. Esaterako, gazteek diote errazagoa dela interneten bidez aurrez aurre esaten ez ditugun gauzak adieraztea. Hori nesken jabekuntzarako aprobetxatu daiteke: Interneten bidez errazagoa da tabuak diren gaien inguruan aritzea (hilerokoa, masturbazioa, sexu aniztasuna, sexu indarkeria...), anonimotasunaz baliatu eta sexismoari lotutako esperientziak partekatzea, gure iritzia ematea... Beste adibide bat: aurrez aurre gizon batek jazarpen jarrera bat duenean, askotan zaila egiten zaigu mugak argi uztea, bere jarrera iraingarria dela esatea, eta abar. Sare sozialetan jazarpen egoerak daudenean agian errazago egingo zaigu, ezikusiarena egin ordez, erasotzaileari gure haserrea adieraztea. Horrelakoak lantzen baditugu, agian sare sozialak autodefentsa jarrerak eta estrategiak praktikan jartzeko gune aproposak bilaka daitezke.

  • Interneten sexu jazarpena eta indarkeria sexista ekiditeko estrategiak nahiko garaturik daudela uste duzu ala lan handia dago oraindik egiteko hezkuntza komunitatean, familietan, erakundeetan...?

Gero eta ikerketa, bideo eta material didaktiko gehiago daude honen inguruan gazteekin lan egiteko. Nik dinamizatutako tailer honetan parte hartu zuten gehienek baliabide ugari ezagutzen zituzten. Baina gazteekin gai hauek jorratzeko orduan, kezka bat daukat: helduen mezu gehienak "kontuz ibili" eta "hori ez egin" direla. Bortxaketak ekiditeko, feministok ez dugu esaten "ez ibili kaletik bakarrik" edo "ez jantzi minigonarik". Emakumeok jakin behar dugu gizarte sexista honetan emakume izateagatik sexu indarkeria pairatzeko arriskua daukagula. Erasoak nola identifikatu eta nola aurre egin ikasten dugu autodefentsa feministan, eta ardura biktimena ez dela ulertu. Indarkeriarik gabe bizi nahi dugu, horretarako gure askatasuna mugatu gabe. Paralelismo hori egokia iruditzen zait Interneteko arriskuei buruz neskei zer mezu hedatu hausnartzeko.

Ideia txarra da gure bikoteari bideo erotiko bat grabatzea, agian berak gero horrekin xantaia egingo digulako edo lagunen artean zabalduko duelako? Hori uste badugu, biktima potentziala epaitzen dugu eta ez bideo horri erabilera desegokia eman dietenei. Nire ustez, "halakorik ez egin" esan ordez, bi bide dira komenigarriak. Alde batetik, gomendio praktikoak ematea. Esaterako, bideoan zure aurpegia agertu ez dadila. Bestetik, uste dut ardura jazarpena eragiten dutenengan jarri behar dugula. Gazteei argi esan beste pertsona baten argazkiak eta bideoak zabaltzea delituak direla, esaterako, eta zigortuak izan daitezkeela. Nire ustez, prebentzio estrategien ondorioa ezin da neskengan beldurra sartzea izan, gazteen artean ardura eta errespetua sustatzea baizik.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana