Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Argitalpen-data: 2013/05/29

Elkarrizketa Maite Goņiri

Euskal filologian eta Ingeles filologian lizentziatua, Ordiziako Jakintza ikastolan euskara eta literatura irakasle eta Mondragon unibertsitatean IKT alorrean aholkulari pedagogikoa da egun, besteak beste, Maite Goņi.

  • Irakasle, ikasle eta gurasoak teknologia berrien munduan trebatzen denbora daramazu. Aldaketarik nabaritu duzu jendearen erabilpen-ohituretan? Zeintzuk dira zuretzat aldaketa aipagarrienak?

Zalantzarik ez dago azken zortzi urteetan, adibidez, aldaketa handiak eman direla. Batez ere, nik harreman handia daukat irakasle ezberdinekin eta gurasoekin, hitzaldien edo ikastaroen bidez izaten dudalako, eta hasierako jarrera izaten zen “ez” aldaketaren aurrean edo oso konfiantza gutxi, mesfidati azaltzen ziren... Kasu honetan, gaur egun, ez dago zalantzarik, ia denek onartzen dute ez dela moda bat, teknologia berriak geratzeko etorri direla, eta saiatzen direna da “nola?” galderari erantzuten: nola erabili ondo; nola atera etekina... Irakasleen aldetik: formazioa, zein pauso eman eta abar... Eta, bestalde, gurasoen aldetik: nola?; nola lagundu gure seme-alabei Interneteko zebrabide horiek gurutzatzen. Hori da, nik azpimarratuko nukeen aldaketarik handiena.

  • Hitzaldiak eta ikastaroak ematen, Bigarren Hezkuntzan eta unibertsitatean lanean, zerk erakartzen zaitu gehien IKTen mundu honetatik?

Gehien erakartzen nauena da jendearen ahalduntzeko aukera hori, nolabait esatearren. Adibide batzuk ipintzearren, alde batetik, informazio-iturriak hautatzeko aukera, informazio eta eduki horiek kudeatzeko aukera ezberdinak, zure eduki propioak sortu eta zabaltzeko aukera, eta, hari horretatik tira eginez, beste aukera asko zabaltzen direla iruditzen zait norbanakoarentzat. Eta iruditzen zait, gainera, hasieran baino ez gaudela, askoz ere gauza gehiago etorriko direla atzetik. Egunero aukera berriak sortzen dira, eta ni asko erakartzen nau horietako aukera batzuk deskubritzen joateak. Horixe esango nuke informazio eta teknologia berrien ikuspuntutik gehien erakartzen nauela.

  • Texaseko Austin hirian parte hartu duzu IKT jardunaldi batzuetan. Zeren berri eman duzu bertan?

SXSW, South By South West festibalean parte hartu nuen duela gutxi, Austinen, eta benetan izugarria eta oso aberatsa izan zen niretzat. Gure panelean, beste hirurekin parte hartu nuen, munduko toki ezberdinetatik (Nikaraguatik, San Franciscoko beste irakasle bat...). Azken finean, hizkuntza gutxituen inguruan hitz egin genuen, eta teknologia berriek zer egin zezaketen hizkuntza gutxitu horiek aurrera egin dezaten. Adibide ezberdinak eman genituen, bakoitzak hizkuntza gutxitu baten inguruan, eta niri egokitu zitzaidan euskararen inguruan hitz egitea, euskara eta teknologia berriak. Kasu honetan, euskaljakintza proiektuaren inguruan hitz egin nuen, eta komentatu nuen, batez ere, nola ikasleak diren edukiak sortzen dituztenak -nire laguntzarekin, noski-, eta sortzen ditugun eduki horiek guztiak sarean jartzen ditugula Creative Commons lizentziapean, beste edonork erabil edo berrerabil ditzan. Besteen esperientziak ere entzuteko, ikusteko eta ezagutzeko aukera izan nuen, eta horregatik diot oso aberasgarria izan zela niretzat. Ez bakarrik gurea, hemen, modu oso xumean egiten ari garen horrek zertan lagun dezakeen hizkuntza gutxitu batek aurrera egin dezan sarean; besteena ikastea ere izugarria izan zen.

  • Blogak, gizarte-sareak, mugikorretarako aplikazioak... Zer ikusteko jaioak gara?

Nik uste dut interesgarriena horixe dela: ez jakitea zer ikusteko jaioak garen, eta, lehen aipatu dudan bezala, IKTek ematen dute aukera hori, ez jakiteko zer etorriko den hurrengoa, zer izango den hurrengo pausoa. Eta, bereziki, niri, hori da gehien gustatzen zaidana, ez zait gustatzen gauzak oso kontrolpean daudenean, edo dena egun batetik bestera beti egunero gauza bera egin behar dugunean, badakigunean hurrengo urtean justu zer egin behar dugun, eta abar. Askoz gehiago gustatzen zait jakitea, ezagutzea gauza berriak, eta nik uste dut hori dela bereziki IKTen indarrik nagusiena.
Datorrena oso ongi etorria izango da onerako baldin bada, eta ez baldin bada hain onerako, saiatuko gara alderdi positiboa ateratzen. Hori da nire filosofia.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana