Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Argitalpen-data: 2013/06/17

Euskadiko hiru gaztetatik bik aldaketa esanguratsua nahi dute gure gizarte-ereduan

Areagotu egin da gai publikoetan modu aktiboagoan parte hartu nahi duten gazteen ehunekoa

15 eta 29 urte bitarteko 1500 gaztek gizarte-aldaketarekin eta herritarren parte-hartzearekin lotutako hainbat galderari emandako erantzunak aztertu ditu Gazteen Euskal Behatokiak. Gazteen kezkak, balioak eta jarrerak ezagutzeko, Gazteen Euskal Behatokiak 2012an gauzatu zuen ikerketa zabalago baten baitan egin ziren galdera horiek.

Hartara, gazteen % 47ren ustez, egungo gizarteak erreforma sakonak behar ditu, eta, % 18ren iritziz, aldaketa erradikala behar du; beraz, gazteen % 65ek gure gizarte-ereduaren aldaketa esanguratsua eskatzen dute. Bestetik, % 30ek diote aldaketa txiki batzuekin hobe daitekeela, eta % 2k, soilik, ondo dagoela, dagoen bezala.

25 eta 29 urte bitarteko gazteak dira hein handiagoan aldaketa erradikalaren alde daudenak (% 22). 20 urtetik beherakoak dira, aldiz, gizarte-aldaketa sakona gutxien eskatzen dutenak (% 40k uste dute gure gizartea aldaketa txikien bitartez hobe daitekeela, eta % 5ek, dagoen moduan, ondo dagoela).

Gizon gazteek neurri handiagoan jotzen dute aldaketa erradikalera emakume gazteek baino (% 21ek eta % 14k, hurrenez hurren).

Euskadiko gazteen datuak Espainiako gazteen datuekin alderatuta, ikus dezakegu Espainian gazte gehiagok eskatzen dituztela erreforma sakonak, Euskadin baino.

Iritzi horiek argi uzten dute gazteek, egungo egoerari dagokionez, sentitzen duten  egonez-maila handia.

Egoera honetan, eta gazte pasiboen irudiari aurre eginez, Euskadiko gazteen % 42k diote gai publikoetan modu aktiboagoan parte hartu nahi dutela. 

Ehuneko hori nabarmen areagotu da, aurreko urteekin alderatuta.

Gai publikoetan aktiboki parte hartzeko nahia gehien adierazten dutenak 20 eta 24 urte bitartekoak dira (% 46). Neska gehiagok gauzatu nahi dute partaidetza aktibo hori, mutilek baino (% 45ek eta % 39k, hurrenez hurren).

Beraz, beharrezkoa da gazteen eskariak bideratzea, parte-hartzea efektiboa izan dadin eta erakundeek gazteen iritziak benetan aintzat har ditzaten, iritzi batzuek erakundeetan euretan nolabaiteko aldaketak ekar baditzakete ere.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan! 

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana