Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Argitalpen-data: 2013/12/03

GEBren prestakuntza-plana 2014ko lehen seihilekorako

Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak urtarrilaren 28an ekingo die 2014ko prestakuntza-planaren jarduerei, Gazteen Euskal Behatokiaren bitartez. 

Gazteen Euskal Behatokiak, gazteriaren arloan lan egiten duten pertsonen prestakuntza eta profesionalizazioa sustatze aldera egiten duen jardunaren baitan, etengabeko prestakuntzako lau ikastaro eskainiko ditu, urtearen lehen seihilekoan. 

2014ko prestakuntza-plana sexualitateari buruzko ikastaro batekin hasiko da: Sexualitate anitzei arreta emanez. Urtarrilaren 28an eta otsailaren 4an eta 11n, Gazteen Euskal Behatokiaren Bilboko egoitzan emango da, gaztelaniaz; eta otsailaren 13an, 20an eta 27an Donostiako CRAJen, euskaraz. Eragile sozializatzaileek gazteen sexualitatea ikuspuntu integratzailetik heztearen, artatzearen eta laguntzearen garrantzia onartzea da ikastaroaren helburu nagusia, identitate sexualean eta desioaren orientazioan dauden aniztasunak aintzat hartuta eta horien onarpena sustatuta, bai eta premia bereziak dituzten gazteen sexualitatea landuta. 

Martxoaren 4an, 11n eta 18an, Nola sortzen eta kudeatzen dute gazteek nortasun digitala? ikastaroa emango da GEBren lokaletan, gaztelaniaz. Interneten komunikatzeko eta hartu-emanetarako ezarri den espazio berria (web 2.0 eta sare sozialak) ulertzea du helburu nagusi. Gazteak zein saretan dabiltzan aztertuko dugu, bai eta horietan nola jardun behar dugun, gazteekin kontaktatu nahi badugu. Era berean, intimitatearen eta pribatutasunaren kudeaketan egon diren aldaketa kulturalei buruz gogoeta egingo dugu, eta gazteen parte-hartze masiboa duten sare sozialek eskaintzen dituzten zerbitzu- eta pribatutasun-baldintzak balioetsiko ditugu. 

Apirilaren 1ean eta 8an, Ciberbullying: prebentziorako eta esku hartzeko jarraibideak ikastaroa emango da, euskaraz, GEBren Bilboko lokaletan. Ikastaroa amaitutakoan, ikasleak gai izango dira, bai cyberbullying-aren aurkako prebentzio-neurriak sustatzeko, bai horrelako kasu baten hasierako uneetan egokiro jarduteko. Era berean, jakitera emango da lan horretan lagungarri izan daitezkeen baliabideak eta agenteak zein diren. 

Amaitzeko, maiatzaren 8an, 15ean eta 22an, Drogak kontsumitzen dituzten nerabeekin eta gazteekin esku hartzen ikastaroa emago da gure egoitzan. Gaztelaniaz emango den kurtso honek nerabeek eta gazteek drogekin duten harremanaren eta kontsumitzeko arrazoien inguruko gogoeta izango du abiapuntu. Bai ingurune irekian, bai eskolan nahiz familian esku hartzeko tresnak eta jarraibideak eskainiko dira.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana