Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Argitalpen-data: 2013/06/04

Euskadiko gazteen % 76k etxeko zaborra bereizi ohi dute, eta % 71 ur-kontsumoa murrizten ahalegintzen dira

Ekainaren 5a Ingurumenaren Mundu Eguna dela-eta, 2013ko martxoan aurkeztutako Gazteak eta kontsumo arduratsua azterlaneko datuak mahairatuko ditu Gazteen Euskal Behatokiak

Azterlanean, besteak beste, kontsumoari eta ingurumena zaintzeari lotutako hamahiru alderdi biltzen dira. Gazteen artean jokaera horiek nolako maiztasuna duten ere galdetzen da. Azterturiko hamahiru jokaerak lau arlori lotuta daude: erosketak, birziklapena, energia aurreztea eta mugikortasuna. 

Birziklapenari lotutako jokaeren artean, etxeko zaborra hondakin-motaren arabera (organikoa, plastikoa, beira, papera eta abar) bereiztea da gazteen ehunekorik handienak (% 76) burutzen duen ekintza, neskek (% 79) mutilek (% 74) baino neurri handiagoan, eta 25 eta 29 urte bitartekoek (% 78) gazteenek baino gehiago (15 eta 19 urte bitartekoen % 73 eta 20 eta 24 urte bitartekoen % 76). 

Uraren, berogailuaren eta aire egokituaren kontsumoa murriztea da hurrengo ekintzarik burutuena: gazteen % 71k egin ohi dutela diote. Kasu honetan ere, ohitura hori zabalduago dago nagusienen artean: 25 eta 29 urte bitartekoen artean, % 75ek ur-kontsumoa kontrolatzen dute eta % 73k berogailuarena eta aire egokituarena. Ez dago alderik emakumeen eta gizonen artean. 

% 69k Garbiguneak erabili ohi dituzte. Gazteen % 67k kontsumo gutxiko bonbillak erabili ohi dituzte. 

Gazteen % 64k diote oinez edo bizikletaz mugitzen direla. Ehuneko berberak dio garraio publikoa erabili ohi duela, edo autoa konpartitu. Azterturiko beste jokaera batzuetan ez bezala, gazteenak dira bizikletaz edo oinez gehien ibiltzen direnak (15 eta 19 urte bitartekoen % 71) eta garraio publikoa neurri handiagoan erabiltzen edo autoa konpartitzen dutenak (% 78). 

Gazteen % 63k euren poltsa eramaten dute erosketak egiteko. Gizonen eta emakumeen arteko aldea nabarmena da: nesken % 72k sarri egiten dutela diote; mutilen % 55ek esaten dute gauza bera. Alde hori ingurumena zaintzearen aldeko sentsibilitatea emakumeengan handiagoa izateari zor dakioke, edo mutilak erosketak egitera ez joateari, etxeko lanen banaketan dagoen desberdintasunaren beste adierazgarri bat, alegia. 

Zalantzarik gabe, erosketen arloan hobe daiteke gehien, ez bakarrik mutilen kasuan. Gazteen erdiek bakarrik (% 52) erosten dituzte sasoiko frutak eta barazkiak; % 34k diote bilgarri gutxi dituzten produktuak erosten ahalegintzen direla; % 32k produktu birziklatuak eskuratzen saiatzen direla; % 18k produktu jakin batzuk ekiditen dituzte, ingurumen-arrazoiak direla-eta; eta % 17k produktu ekologikoak erosi ohi dituzte.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana