Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Argitalpen-data: 2013/10/17

Urriaren 20a, Estatistikaren Nazioarteko Eguna

2013 Estatistikaren Nazioarteko Urtea da, eta urriaren 20a, urtero bezala, Estatistikaren Nazioarteko Eguna da. Hori dela-eta, abagune hau aprobetxatu behar dugu gogorarazteko Gazteen Euskal Behatokiak estatistiken kontsulta dinamikoa egiteko sistema duela bere webgunean.

Zehazki, 100 adierazle baino gehiago kontsulta daitezke, zortzi gairen arabera sailkatuak: Biztanleria eta familia, Hezkuntza, Lana, Emantzipazioa eta etxebizitza, Osasuna, Euskara, Aisia, kultura eta kirola eta Balioak eta jarrerak.

Sistemak datu-taulak osatzeko aukera ematen du, gurutzaketak egiteko hainbat aldagai erabilita, nagusiki, lurralde historikoa, adina eta sexua.

Estatistika horiek elikatzeko, estatistika-erakundeek —Eustat, INE eta antzekoak—, Eusko Jaurlaritzako sailek edo Gazteen Euskal Behatokiak egindako ikerketek gazteen errealitateari buruz emandako datuak erabiltzen dira.

Hona eskaintzen ditugun datu estatistikoen laburpen txiki bat, kontsulta daitezkeen datuen erakusgarri:

BIZTANLERIA ETA FAMILIA

1- Euskadin 15 eta 29 urte bitarteko 310 207 gazte daude: 151 411 emakume eta 158 796 gizon. Biztanleria osoaren % 14,1 dira.

2- Gazteen % 14, 44 681 gazte, alegia, atzerrian jaio dira. Ia gazte horien erdiak Latinoamerikatik datoz.

3- Gazteen % 13 ezkonduta daude, edo bikotekidearekin bizitzen. Lehen seme-alaba jaiotzean, amek 31 urte dituzte, batez beste.

HEZKUNTZA

4- 20 eta 24 urte bitartekoen % 80 derrigorrezko hezkuntzaren osteko Bigarren Hezkuntzan graduatuta daude.

5- 30 eta 34 urte bitarteko gazteen ia % 60k goi-mailako ikasketak dituzte (unibertsitatekoak edo goi-mailako heziketa-zikloak).

LANA

6- Gazteen % 41ek nagusiki ikasi egiten dute; % 32 lanean dabiltza; % 6 aldi berean lanean eta ikasten ari dira; % 18 langabezian daude; eta gainontzeko % 3  beste egoera batean daude (etxeko lanetan, gaigabeziaren batekin eta abar).

7- Jarduera-tasa, hau da, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean, lanean edo lan egiteko moduan dauden gazteen ehunekoa, % 50,5 da. Langabezia-tasa, hau da, lan egiteko moduan egon arren, langabezian dauden gazteen ehunekoa, % 31,1ekoa izan da 2013ko bigarren hiruhilekoan, beraz, igo egin da.

8- Enplegua duten gazteen % 50,6k aldi baterako lan-kontratua dute.

9- 16 eta 34 urte bitarteko 8 476 gaztek lan-istripua pairatu zuten 2012an; horietako 4 hil egin ziren.

EMANTZIPAZIOA ETA ETXEBIZITZA

10- Euskadiko gazteen % 53,3 familiaren diru-sarreretatik bizi dira bakarrik, edo nagusiki.

11- 15 eta 29 urte bitarteko % 22,3 emantzipatuta daude.

12- Emantzipatutako gazteen % 24,1ek 600 euro baino gutxiago dituzte eskura, hilean.

13- Euskadin, emantzipatzeko batez besteko adina 29,9 urte da.

OSASUNA

14- Gazteen % 36,7k erre ohi du.

15- 2011n, 620 gaztek droga-mendetasunen ziozko tratamendua hasi zuten EAEn.

16- Urte berean, 2270 emakume gaztek haurdunaldia borondatez eten zuten.

EUSKARA

17- Gazteen % 62k diote nahiko ondo edo ondo mintzatzen direla euskaraz.

18- Gazte euskaldunen % 23 lagunekin euskaraz aritzen dira nagusiki; % 56, ordea, gaztelaniaz nagusiki.

AISIA, KULTURA ETA KIROLA

19- Gazteen % 51k lanegunetan lau ordu baino gehiago izaten dituzte libre, batez beste.

20- 2012an, gazteen % 54k diote azken hilean libururen bat irakurri dutela aisiagatik.

21- % 65ek kirola egiten dute gutxienez astean behin.

BALIOAK ETA JARRERAK

22- Emakumeen aurkako indarkeriaren tasa globala EAEko gazteen artean 7,5ekoa da, 15 eta 29 urte bitarteko 1 000 emakumeko.

23- Gazteen % 43 elkarteren bateko kideak dira.

24- % 6,5eko boluntario-jarduerak egiten dituzte.

25- % 26k politikarako interesa dute.

EAEko gazteei buruzko datu hauek eta beste hainbat kontsultatzeko, sar zaitez Gazteen Euskal Behatokiaren webguneko Estatistikak atalean.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana