Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Argitalpen-data: 2014/02/14

Elkarrizketa GEBren 'Sexualitate anitzei arreta emanez' ikastaroko hezitzaileekin

EMAIZE Sexologia Zentroko Ana Ramírez de Ocárizek eta Inma Ruiz de Lezanak gazteen sexualitatearen arretari buruzko galdera batzuri erantzungo diete

Emaizek Behatokiaren prestakuntza-programaren hainbat ediziotan parte hartu du. Zergatik da interesgarria prestakuntza-gune hau, zuen ikuspuntutik?

Emaizerentzat beti da berezia Behatokiaren prestakuntza-programa. Lankide abegitsuez aparte, gazteekin oso alderdi desberdinetatik lan egiten duten eragileak biltzen dira Behatokian: hezkuntza arautukoak, hezkuntza ez arautukoak…

Urteotan egin ditugun ikastaroetako taldeak osatu dituzten hezkuntza-eragileak oso aberasgarriak eta anitzak izan dira, gazteekin harreman zuzena dutenak. Sexualitatearen arloko prestakuntza-lanerako, oso interesgarria da gazteen errealitatean horren egunean dagoen gune hori izatea.

Zeintzuk dira buruan dituzuen helburuak ikastaro honetarako?

Ikastaro honetan helburu nagusi hau dugu: eragile sozializatzaile eta hezitzaileek gazteen sexualitateari arreta emateko tresnak izatea, ikuspuntu inklusibotik. Horrekin esan nahi dugu, sexuaren arloa lantzeko garaian, sexualitateen aniztasuna sartu behar dugula geure programetan.

Sexualitateen aniztasunez ari garenean, zera adierazi nahi dugu: sexu-identitate guztiak, desioaren orientazio guztiak, gaitasun guztiak, jatorri kultural guztiak eta abar barne hartuta egotea… Azken batean, hartzaileak izango diren gazte GUZTIAK barne hartuta egotea, gizon nahiz emakume.

Zergatik da garrantzitsua sexualitateari arreta ematea, aniztasunaren ikuspuntutik?

Gure ikuspuntu sexologikotik, ez dago sexualitatea ulertzerik, aniztasunetik ez bada. Gizon eta emakume bakoitzak, neska edo mutil bakoitzak, bere burua eraikitzen du, une eta esperientzia sexuatzaile (bereizle) bakarren bitartez, bizitza osoan barrena. Berezitasun horiek egingo gaituzte desberdin, berezi, bakar, eta hain zuzen horregatik eman behar zaie arreta.

Helburua hartzaileak izango diren gazteen sexu-bizitzan arreta jartzea baldin bada, mintzagai ditugun alderdi horiek guztioriek hartu beharko dira barne. Aniztasunetik abiatu beharko da, sexualitate desberdinei buruz hitz egin beharko dugu, eta aniztasun horri altxor gisa arreta eman, taldeen eta pertsonen alderdi aberasgarri den aldetik. Desberdintasunak elikatu egiten gaitu, hazten laguntzen digu. Eta mezu hori da, hain zuzen ere, gazteekin elkarbanatu behar duguna, euren berezitasuna onartu eta besteena errespeta eta elkarbana dezaten.

Nola egin dezakegu?

Prestakuntza-prozesuan barrena, sexualitatearen arretarako gakoak antzemanez joaten dira. Komenigarria izaten da beti lehenik eta behin arlo sexualean norberak dituen jarreren errepasoa egitea, norberak, heziketa eta bizipen pertsonalak direla-eta duen ezkutuko curriculum hori agerian uzteko, hori identifikatzea interesgarria da eta.

Gonbita egiten diegu hezkuntzaren arloko eragileei gazteekiko gertuko erreferente izan daitezen, ulerkortasunetik, gazteek euren buruak eta besteak hobeto ezagutu eta uler ditzaten. Bakoitza bere berezitasunetik.

Era berean, uste dugu sexualitateen arreta lantzeko garaian, ez dela nahikoa asmo onak izatea. Beharrezkoa da gure esku-hartzeei funtsa emango dien esparru teorikoa izatea, eta, gure ustez, sexologia sustantiboaren esparrua da hori. Gure ikuspuntutik, hori da gure esku-hartzeen kalitatean eraginik onena duen erreferentea —beste irizpide pedagogiko eta metodologiko egoki batzuekin batera—.

Gure hartzaileen aberastasun handia aintzat hartzea eta euren premiak, eskariak eta errealitateak ezagutzeak erabili beharreko baliabideei eta tresnei buruzko argibide gehiago ematen dizkigu.

Azken batean, gako bakarra izanda baino ezin izango diegu arreta eman sexualitateei: aniztasunaren erreferentean kokatzea; alderdi hori egunerokotasunean txertatzea, mutil edo neska bakoitza izaki bakar gisa tratatzeko, berezitasun eta guzti; eta, hortik abiatuta, koherentziaz jardutea.

Zein erraztasun eta zein zailtasun aurki ditzakegu?

Errealitatea beti doa aurretik, eta, horren haritik, sexualitateei dagokienez, egun bizi dugun egoeraren aberastasuna itzela da: hein handiagoan azaleratzen dira gizon edo emakume izateko modu anitzak, desiratzeko modu desberdinak, gaitasun anitzak eta edertasunaren estereotipo sozialetatik urrun dauden gorputzak...

Anitza denak, desberdina denak nolabait asaldatu egiten gaitu. Anitza denak, desberdina denak jakin-mina pizten digu, baina baita beldurra ere. Gutxieneko segurtasunetik eta autoestimutik, gauza berrien eta desberdinen aurrean jarrera irekia izatetik abiatzen bagara, bidea beti izango da aberasgarria.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana