Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2013/02/21

Euskal Herriko 16 eta 24 urte bitarteko gazteen % 22,8ren lehen hizkuntza euskara izan da

Ehuneko hori pixka bat handitu da azken urteotan eta % 19,1etik % 22,8ra igaro da.

Otsailaren 21ean ama hizkuntzaren nazioarteko eguna dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak Euskal Herriko 16 eta 24 urte bitarteko gazteen lehen hizkuntzari buruzko datu batzuk zabaldu nahi ditu.

2011n Euskal Herriko 16 eta 24 urte bitarteko gazteen % 13,7k bere lehen hizkuntza euskara izan dela diote. Beste % 9,1ek euskara eta gaztelania edo frantsesa izan direla beraien lehen hizkuntzak adierazi dute. Gehienentzat, aldiz, euskara ez den beste hizkuntza bat izan da beraien lehen hizkuntza (% 77,2).

Beraz, esan dezakegu Euskal Herriko gazteen % 22,8rentzat euskara izan dela lehen hizkuntza edo ama hizkuntza, beste hizkuntzekin batera zein ez.

Aurreko datuak duela hogei urte izandakoekin alderatuz gero, ikus dezakegu ama hizkuntza euskara izan dutenak (euskara bakarrik edo beste hizkuntzekin batera) pixka bat gehiago direla orain: % 19,1etik % 22,8ra handitu baita horien portzentajea.

Oraingo datuak duela hogei urteko gazteenekin alderatu beharrean, oraingo 64 urtetik gorakoenekin konparatzen baditugu, ikus dezakegu Euskal Herrian euskara ama hizkuntza izan dutenen ehunekoa (euskara bakarrik zein beste hizkuntza batekin batera) handiagoa dela oraindik nagusien artean (% 24,6) gazteen artean baino (% 22,8).

Nagusien eta gazteen arteko aldeak txikiagoak dira orain, lehen baino: 1991n euskara lehen hizkuntza izan zuten nagusien % 30,4k eta gazteen % 19,1ek; hau da, 1991an 11 puntutako aldea zegoen nagusien eta gazteen artean eta orain, aldiz, bi puntu eskas. Aldearen murrizketa hori lehen hizkuntza euskara izan zuten 64 urtetik gorakoen jaitsieratik dator, batez ere, eta askoz neurri txikiagoan euskara lehen hizkuntza izan duten gazteen igoeratik.

Aztertutako datu hauek Eusko Jaurlaritzak 2011n egindako V. Inkesta Soziolinguistikotik atera ditu Gazteen Euskal Behatokiak.

Jarrai iezaguzue gizarte-sareetan!

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana