Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2012/06/15

EAEko hiru gaztetik bik uste dute bizitzan zehar pertsona batek bere aukera sexuala alda dezakeela

Horrela deritzoten gazteen ehunekoa berbera da EAEn eta Espainian.

EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %65 oso edo nahikoa ados daude ondoko ideiarekin: bizitzan zehar pertsona batek bere aukera sexuala alda dezakeela eta gizonekin zein emakumeekin harreman sexualak izan ditzakeela. Beste %11 ez daude horrekin ados, ezta kontra ere, eta, beste %18 ez daude oso ados edo ez daude batere ados iritzi horrekin. Gainerako %6ek ez dute beraien jarrera adierazi gai honetaz.

Emakume gazteak gizon gazteak baino neurri handiagoan daude ados pertsona batek bizitzan zehar bere aukera sexuala alda dezakeela dioen ideiarekin (%73 eta %57, hurrenez hurren).

Adinaren arabera, aldiz, ez da alde nabarmenik ikusten.

Datuok Gazteen Euskal Behatokiak 2012ko martxoan eginiko ikerketa batetik datoz; ikerketa horretan EAEko 15 eta 29 urte bitarteko 1.500 gazte elkarrizketatu ziren.

EAEko gazteriari dagozkion datu horiek 2010ean Espainiako Gazteriaren Erakundeak (Injuve) kaleratutakoekin (Espainiako gazteei dagozkienak, hain zuzen ere) alderatuz gero, esan dezakegu pertsona batek bere bizitzan zehar bere aukera sexuala alda dezakeela dioen ideiarekin ados dauden gazteen proportzioa berbera dela eremu geografiko bietan (%65, bai EAEn, bai Espainian).

Espainian ere emakume gazteek gizon gazteek baino pixka bat adostasun handiagoa adierazi dute ideia horrekin; hala ere, aldea ez da EAEn ikusten dena bezain handia.

Bestalde, Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean kaleratu genituen datu batzuk gogoraraziko ditugu: EAEko gazteen %6k uste dute homosexualitatea gaixotasuna dela eta horrela tratatu behar dela. Balorazio hori pixka bat zabalduago dago gizon gazteen artean (%8) emakume gazteen artean baino (%5) eta horrekiko adostasunak beherantz egiten du adinean gora egin ahala: horrela 20 urtetik beherakoen artean ados daudenak %7 izatetik, 20 eta 24 urte bitartekoen artean %3, eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean %2 izatera pasatzen dira.

Espainiako estatu osoan zertxobait handiagoa da iritzi horrekin ados dauden gazteen ehunekoa eta, EAEn ez bezala, homosexualitatea gaixotasuntzat jotzen dutenak areagotu egiten dira gazteen adinak gora egin ahala. 

Edozelan ere, EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazte gehienak sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren alde agertu dira (%87), baita sexu aldaketa legalaren alde ere (%81). Datuok 2008an izandakoen antzekoak dira.

Adinaren arabera alde nabarmenik antzematen ez bada ere, esan beharra dago sexuaren arabera badaudela alde aipagarriak: emakume gazteek gizon gazteek baino neurri handiagoan defendatzen dute bai sexu bereko pertsonen arteko ezkontza (emakumeen %92 eta gizonen %82), baita sexu aldaketa legala ere (%88 eta %74, hurrenez hurren).

Ondoriozta daiteke, beraz, identitate sexualari buruzko jarrerak irekiagoak direla emakume gazteen artean, gizon gazteen artean baino. 

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana