Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2013/02/22

Lana duten EAEko 16 eta 34 urte bitarteko gizonen hileko soldata garbia emakume gazteena baino 200 euro altuagoa da

Emakume gazteek gizonek baino neurri handiagoan dute lanaldi partziala familia-betebeharrak direla-eta.

Otsailaren 22an Emakume eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Eguna dela-eta, Gazteen Euskal Behatokiak EAEko gizon eta emakume gazteen enpleguari eta soldata desberdinatunari buruzko datu batzuk zabaldu nahi ditu.

Aztertutako datuak Gazteen Euskal Behatokiak berak 2011ko azaroan egindako ikerketa batetik datoz, “Gazteen enplegua EAEn” izenekoa, hain zuzen ere. Ikerketa horrek 16 eta 34 urte bitarteko EAEko 1927 gazteri beren etxeetan egindako inkesta bat hartzen du oinarri.

EAEko 16 eta 34 urte bitarteko gazteen erdiak (% 49) lanean daude eta beste % 31 ikasten. Azken talde horretan % 4 ikasten eta lanean dabiltza, aldi berean. Langabeziak % 18ri eragiten die, gehiago gizon gazteei (% 20), emakume gazteei baino (% 14). Etxeko lanak jarduera nagusia da emakumeen % 4rentzat; ez da gizonik aurkitu kategoria horretan.

Lanean dabiltzan gazteen erdiek kontratu mugagabea edo finkoa, etenekin, dute (% 53) eta heren batek aldi baterakoa (% 34). % 9 autonomoak dira. Kontraturik gabe lanean dabiltzan gazteen proportzioa % 3koa da. Egoera hori ohikoagoa da emakumeen artean (% 4), gizonen artean baino (% 1).

Lanaldi osoan aritzea da ohikoena: lanean daudenen hiru laurden lanaldi osoan dabiltza (% 75). Gainerako % 25 lanaldi partzialean dabiltza, eta egoera hau arruntagoa da emakumeen artean (% 35) gizonen artean baino (% 14).

Lanaldi partzialean dabiltzan gehienek (% 58) diote ez dutela lanaldi osoko lanik aurkitu. Lanaldi partzialean dabiltzanen % 15 baino ez daude horrela euren borondatez. Lana eta familia uztartzeko zailtasunak % 9k aipatu dituzte, familia-betebeharrei egozten baitiete lanaldi osoan lanean ez egotea. Lanbide-garapenaren oztopo horrek emakumeei eragiten die, nagusiki, oraindik ere: lanaldi partzialean lanean ari diren emakumeen % 13k familia-betebeharrak direla-eta egiten dute, eta gizonen % 1ek.

Lanaren egokitasun-maila oso altua da lan egiten duten gazteengan: hamar gaztetik zazpik uste dute garatzen duten lana euren kualifikazioari egokitzen zaiola (% 70). Laurden baten iritziz, ordea, lana prestakuntza-mailaren azpitik dago (% 24); azkenik, % 2ren ustez, lana kualifikazioaren gainetik dago. Oraingoan ere, alderik nabarmenenak sexuaren araberakoak dira: emakumeek lanaren egokitasun-maila txikiagoa dute, gizonek baino 5 puntu azpitik.

Batez besteko soldata hilean 1116 eurokoa da. Gizonek ordainsari altuagoa dute, eta euren soldata garbia emakumeena baino 200 euro garaiagoa da.

Beraz, ondoriozta dezakegu emakumeen langabezia-tasa gizonena baino apalagoa dela baina emakumeen lan-baldintzak okerragoak direla: emakume gehiagok lan egiten dute kontraturik gabe, emakume gehiagok dute lanaldi partziala eta arrazoien artean gizonek baino neurri handiagoan aipatzen dituzte familia-betebeharrak; bestalde beren lanaren egokitasun-maila gizonena baino baxuagoa da eta hileko soldata garbia ere txikiagoa da.

Jarrai iezaguzu gizarte-sareetan!

    

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana