Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2011/08/03

EAEko hamar gaztetik zortzik administrazio publikoetatik babes txikia edo batere babesik jasotzen ez dutela uste dute

Inolako babesik jasotzen ez dutela uste duten gazteen portzentajea nahikoa handitu da: 2010ean %20koa zen eta 2011n, %32koa.

Jarraian datozen datuak Prospekzio Soziologikoen Kabineteak bere 46. Euskal Soziometroan, hain zuzen ere, 2011ko uztailari dagokiona, kaleratu ditu eta Gazteen Euskal Behatokiak aztertu. EAEko 18 eta 29 urte bitarteko gazteen %15ek uste dute gazteriak babes publiko handia edo nahikoa jasotzen duela, %50en iritziz babes txikia jasotzen du eta %32k deritzote ez dutela batere babesik jasotzen. Datuok 2010eko iraileko 43. Soziometroan jasotakoekin alderatzen baditugu, ikus dezakegu administrazio publikoen aldetik inolako babesik jasotzen ez dutela diotenen ehunekoa hamabi puntu igo dela.

EAEko gazteek 2011n dituzten arazorik nagusienak hauexek dira, beraien iritziz: lan-merkatuari lotutakoak (%58k aipatuta), arazo ekonomikoak (%21ek), etxebizitza (%21ek) eta hezkuntza (%13k).

Lanarekin, etxebizitzarekin eta hezkuntzarekin erlazionaturiko arazoak dezente gehiago aipatzen dituzte gazteek biztanleria orokorrak baino.

Gainera, arazo horiek izango duten bilakaerari dagokionez, gazteek duten pertzepzioa ez da baikorra. Gazteen erdiek (%49) uste dute etorkizunean lehenengo etxebizitza eskuratzeak okerrera egingo duela; %17k bakarrik uste dute hobera egingo duela. Langabeziaren aurreko babesari dagozkion datuak antzekoak dira: gazteen %47k uste dute okerrera egingo duela eta %17k soilik diote hobera egingo duela. Hezkuntza sistema publikoari dagokionez, iritzia zertxobait baikorragoa da: %30en ustez, hobera egingo du etorkizunean, %45en iritziz bere horretan jarraituko du eta %20k okerrera egingo duela uste dute.

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana