Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2011/04/11

Bai Euskadiko gazteek, bai Espainiakoek, interes txikia dute politikan

Hala ere, gazteek hein handiagoan jarraitzen dituzte politikari buruzko albisteak EAEn, Espainiako estatuan baino.

Prospekzio Soziologikoen Kabineteak Gazteen argazkiak 14: kultura demokratikoa txostena burutu zuen 2010ean, Gazteen Euskal Behatokiaren eskariz. Gazteen argazkiak 14ko datuak aztertu eta INJUVEk (Instituto de la Juventud de España) 2009an plazaratutako Jóvenes, participación y cultura política txostenekoekin (Espainako gazteriari dagozkionak, hain zuzen ere) alderatu ditu Gazteen Euskal Behatokiak.

EAEko gazteen %21ek diote oso edo nahiko interesatuta daudela politikan. Espainian gauza bera erantzun dutenen ehunekoa apur bat garaiagoa da, %24, hain zuzen ere.

Baina komunikabideetan politikari buruzko albisteak egunero jarraitzen dituzten ala ez galdetu eta gero, Euskadiko gazteek hein handiagoan diote egunero jarraitzen dituztela, Espainiako gazteek baino.  

Politikak, oro har, sentimendu negatiboak sortarazten ditu, bai Euskadiko gazteengan, bai Espainiakoengan. Bi kolektiboen arteko alderik nabarmenena hau da: Estatu osoko gazteengan eragiten duen mesfidantza handiagoa (%64rengan eta EAEko %50rengan).

Gazteek —batez ere Estatukoak— politikariak ere kritikatzen dituzte. Horrela, bada, EAEko %77k uste dute agintariek —alderdi batekoak zein bestekoak izan— beren interes pertsonalen alde egingo dutela. Ehuneko hori %83raino doa Espainian. Era berean, EAEn, gazteen %73k uste dute politikariak ez direla jendeak pentsatzen duenaz arduratzen. Ehuneko hori %83 da Estatu osoan.

EAEko gazteek, politikari dagokionez, apolitiko, liberal, ekologista eta abertzale jotzen dute euren burua. Estatuko gazteek euren burua definitzeko garaian gehien adierazten duten ezaugarria liberal izatea da. Gainera, hein handiagoan egin diote uko erantzunen bat emateari.

EAEko eta Espainiako gazteen sozializazioa, politikari dagokionez, antzekoa da, datuei begiratuta: umetan edo nerabezaroan, etxean politikari buruz sarritan edo noizean behin hitz egiten entzun dutela diotenak %36 eta %37 dira, hurrenez hurren.

Gaur egun, senitartean, lagunartean, lankideekin edo ikaskideekin politikaz mintzatzen direnen ehunekoak ere antzekoak dira bi eremu geografikoetan. EAEn, sarritan edo noizean behin hitz egiten dute politikaz: %41ek senitartean (Estatuan, %40), %36k lagunekin (Estatuan bezala); eta %26k lankide edo ikaskideekin (Estatuan, %31k). Politikaz mintzo direnen artean ez dago ia alderik; bai, ordea, gaiari buruz hitz egiten ez dutenen artean. Izan ere, EAEn gehiagok diote ez direla “inoiz” politikaz aritzen, Espainian baino; Estatuan, ohikoagoa da “gutxitan” hitz egiten dutela esatea.

Alderdi politikoetara afiliatuta daudenak oso gutxi dira: %3, bai EAEko gazteen artean, baita Estatukoen artean ere.

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana