Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2011/11/11

Gazteria Zuzendaritzak Gazteak eta kontsumo arduratsua' ikerketa aurkeztu du

Gazteen % 42k modu arduratsuan kontsumitzen du.

Euskal gazteen % 42k modu arduratsuan kontsumitzen du, Gazteen Euskal Behatokiak egin duen azterketaren arabera. Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuak, Antonio Riverak, eta Gazteriaren zuzendariak, Natxo Rodriguezek, aurkeztu dute gaur goizean aipatutako azterketa hori.  Kontsumo arduratsua zabalduago dago Bizkaian, adinarekin gero eta handiagoa da eta emakumeak zertxobait arduratsuagoak dira.

“Gazteak eta kontsumo arduratsua” azterketa zenbait banakako telefono-inkesten bidez egin dute. Euskadin bizi diren 15 eta 29 urte bitarteko 1.500 pertsonari galdetu zaie. Helburua, talde horren kontsumo ereduak aztertzea zen, betiere kontuan izanda nola, zer eta zenbat kontsumitzen duten.  Halaber, identifikatu nahi izan da ea gazteek dakiten norbanakoarentzat eta gizarte zein ingurumen mailan zein inplikazio dituen edozein produktu edo zerbitzu kontsumitzeak.

Kontsumo arduratsuaren kontzeptua, benetako beharrei egokitzen diren kontsumo ohiturekin lotuta dago, eta horiek ingurumena zaintzen eta gizarte berdintasuna lortzen laguntzen dute.  Arau horiekin, kontsumo arduratsuaren Indizea kalkulatzeko ondokoak baloratuko dira: gazteen kontsumoaren arrazionaltasuna, étika, iraunkortasuna eta aukerako praktikak.

Azterketaren arabera, erdi-goiko kontsumo arduratsua egiten duten gazteen ehunekoa % 42 da (% 14k goi-mailakoa, % 28k erdi mailakoa eta % 58k behe mailakoa du).

Kontsumo arduratsuari dagokionez, erdi eta goi mailan dauden pertsonak taldekatuz gero, Lurralde Historikoen arabera ezberdintasun esanguratsuak ikusi dira.  Bizkaiko gazteak % 47 dira, Gipuzkoan, berriz, % 38 dira eta Araban % 34k osatuko du talde hori.  Halaber, zaharragoak badira, goi-erdi kontsumo arduratsuaren maila handiagoa izango da; 15 eta 19 urte bitarteko pertsonen artean kopurua % 35 da eta, 25 eta 29 urte bitartekoen artean, berriz, % 46 da.  Sexua kontuan izanik, ez da haien arteko alde handirik topatu, baina emakumeen kopurua (% 43) gizonena (% 41) baino zertxobait handiagoa da. 

  • Euskal gazteen % 58k modu arrazionalean kontsumitzen du

Kontsumo arrazionalak esan nahi du produktu edo zerbitzu bat modu kontzientean eta hausnarketaren ondorioz eskuratzen dela.  Ondokoak gain hartzen ditu: erosketa aurreko unea (zer erosi, zenbat gastatu, non erosi, noiz erosi), eta nahi ez diren ondorioak sortuz gero (aberiak, egoera txarrean dauden produktuak, funtzionamenduaren zailtasunak) jasoko dugun arreta.

Gazte kopuru handiak egiten du hori guztia: erosi baino lehen, produktua ondo dagoela egiaztatuko dute (% 84) eta arazorik badute erreklamatu egingo dute (% 82). Gainera, % 72k dio eskaintzez eta beherapenez baliatzen dela, % 71k faktura egiaztatzen du, % 68k aldez aurretik pentsatu du zer erosiko duen, % 61k itzulitako dirua ondo dagoela egiaztatzen du eta % 51k garantia egiaztatzen du.

Baina erdiek baino gutxiagok aztertuko dute zein prezio dituzten hainbat dendatan (% 49); % 45k aldez aurretik pentsatu du zenbat ordainduko duen; % 37k etiketak aztertzen ditu eta % 32k erabiltzeko argibideak irakurtzen ditu.

Gizonen kontsumo arrazionalaren indizea emakumeena baino handiagoa da (% 63 eta % 53, hurrenez hurren), eta handiagoa da adin zaharragoa dutenen artean (15 eta 19 urte bitartekoen artean % 48 baino gehiago da eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean % 66). Arabar eta bizkaitar gazteek (biek % 61 dute), gipuzkoar gazteek (% 52) baino modu arrazionalagoan kontsumitzen dute. 

  • % 15k baino ez du modu etikoan kontsumitzen

Kontsumo etikoak aukera zuzenagoak, solidarioagoak eta ekologikoagoak baloratuko du, ez soilik norberaren onura.  Luxurik ezari garrantzia ematen dio, bizitzeko modu kontziente bat izango da eta, kontsumitzea baino, beste jarduera batzuk izango dute garrantzi handiagoa; gainera, benetako beharren eta ezarritako beharren arteko desberdintasuna egiten du.  Produktua edo zerbitzua zein baldintza sozial edo ekologikoekin burutu duten galdetuko dio bere buruari.

Jokaera horien artean, gazteen artean ohikoena ondokoa da: euren buruari galdetzea erosiko duten produktua benetan behar duten edo ez (% 63).  Gazte gutxiago arduratzen dira sortutako zabor edo hondakinez (% 19), erabilitako lehengaiaz (% 19), ekoizpenaren ondorioz gizarte injustiziaren bat suertatu den (% 16) edo ekoizpenak zein garraioak duen ingurumen inpaktuaz (% 14).

Sexuen arabera ez dago alde handirik, baina zaharragoek kontsumo etiko handiagoa egiten dute: 15 eta 19 urte bitartekoen kasuan % 11koa da eta 25 eta 29 urte bitartean % 18 da. Lurralde Historikoak kontuan izanda, Bizkaian eta Gipuzkoan Araban baino ohikoagoa da. 

  • % 22k aukerako kontsumoarekin lotutako jarduerak burutzen ditu

Aukerako kontsumoa erosteko eta saltzeko betiko kanaletatik aldentzen da eta nahiago du produktuak berriz erabiltzea, bai trukeak eginez, etxekoei eta lagunei lagaz, bigarren eskuko produktuak erosiz edo bidezko merkataritzako produktuak erosiz.

Ohikoagoa da etxekoen eta lagunen arteko trukeak egitea (% 42). % 23k beste batek erabilitako arropa jaso du eta % 14k zerbait erosi du beste batekin batera.  % 8k bigarren eskuko produktuak erosi ditu.  % 4k bidezko merkataritzako produkturik erosi du; % 3k bigarren eskuko produkturen bat  saldu du eta % 1k baino ez du parte hartu trukeak burutzeko merkatuetan.

Gipuzkoako gazteen aukerako kontsumoa (% 26) Bizkaiko gazteena (% 21) baino handiagoa da eta, azken hau, arabar gazteena baino handiagoa (% 16). 

  • Euskal gazteen % 41k modu iraunkorrean kontsumitzen du

Kontsumo iraunkorra erabili eta bota kulturatik, behin soilik erabiltzen diren produktuetatik, pakete gehiegi jartzetik, etab.etik. aldenduko da.  Giltzarria da eguneroko errutinetan gutxiago kontsumitzea, ingurumena gehiago zainduko duten produktuak eta zerbitzuak eskuratzea, birziklatzea, energia aurreztea, etab.

Euskal gazteek barneratuago dituzten arau horiek:  erdiak baino gehiagok bereizten du etxeko zaborra (% 76), ur kontsumoa mugatzen du (% 71), berokuntzaren eta aire girotuen kontsumoa mugatzen du (% 71), Garbiguneak erabiltzen ditu (%69), kontsumo txikiko lanparak erabiltzen ditu (% 67), oinez edo bizikletaz joaten da joan beharreko lekuetara (% 64), guztion garraio publikoa erabiltzen du edo autoa beste batzuekin batera erabiltzen du (% 64), erosketak egiteko bere poltsa edo orga eramaten du (% 63 %) eta hemengo eta denboraldiko frutak eta barazkiak erosten ditu (% 52).

Baina erosketekin lotura duten ohiturek, hala ere, gutxiagotan egiten dituzte:  % 34k baino ez da saiatzen pakete gutxiko produktuak erosten; % 32k erosten ditu produktu birziklatuak; % 18k saiatuko da zenbait produktu ez erosten ingurumen arazoak direla-eta, eta % 17k erosten ditu produktu ekologikoak.

Sexua eta Lurralde Historikoa dira kontsumo iraunkorrari dagokionez alde handienak erakutsi dituzten aldagaiak.  Emakume gazteek (% 47) gizonek (% 35) baino modu iraunkorragoan kontsumitzen dute, eta kontsumo iraunkorra zabalduago dago Bizkaian (% 46), Araban (% 36) eta Gipuzkoan (% 36) baino. 

 

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana