Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2013/01/30

Lan egiteko prest dauden EAEko 30 urtetik beherako gazteen ia laurdena langabezian dago

Langabeziak eragin handiagoa du Bizkaiko gazteen artean eta txikiagoa Gipuzkoakoen artean

Gazteen Euskal Behatokiak EAEko gazteriaren egungo egoera aztertu du, gazteen artean dauden langabezia-tasak aztergai nagusia delarik. Azterketa honetan, azken urteotako bilakaera ikusteaz gain, beste eremu geografikoekin (Espainia eta Europar Batasuna osatzen duten 27 estatuak eta beraien batez bestekoa) alderaketa ere egin dugu.

Analisia 16 eta 29 urte bitarteko gazteen egoeran oinarritzen da. 16 da lan egin ahal izateko hasierako legezko adina (derrigorrezko ikasketak bukatu eta gero) eta 29 da gaztaroaren bukaerako adina, Gazteen Euskal Behatokiaren iritziz, baita gazteak eta beraien egoera aztertzen duten beste erakundeen ustez ere (hala nola, Espainiako Gazteen Institutua, INJUVE).

Eustatek Gazteen Euskal Behatokiari emandako datuen arabera, 2012an 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 23,8koa izan da. Langabezia-tasa horrek lan egiteko prest dauden  baina, nahiz eta aktiboki bila ibili (azken lau asteetan lana aurkitzeko gestioren bat egin dute), lanik ez duten gazteen ehunekoa adierazten du; hau da, ez dira kontuan hartzen lan bila ez dabiltzan ikasleak ezta lan egin ezin duten gazte ezgaituak ere. Beraz, esan dezakegu 2012an lan egin ahal eta nahi duten gazteen laurden batek ez duela lanik.

Zifra hori nabarmen handitu da azken urteetan. Kontuan hartzen badugu gazteen langabezia-tasarik txikiena 2007an izan zela (% 5,7koa, hain zuzen ere), esan dezakegu ordutik hona gazteen langabeziari zegozkion zifrak laukoiztu egin direla. Hala ere, eta egungo egoera larria bada ere, ez da salbuespenezkoa: 1999an, seriea hasi zenean, gazteen langabezia-tasa are handiagoa izan zen (% 25).

Gazteen langabezia-tasa, 16 eta 64 urteko EAEko biztanleriarenarekin alderatuz gero, ikus dezakegu gazteen tasak bikoiztu egiten duela urtero tasa orokorra.

Bestalde, EAEko gazteen langabezia-tasa Espainiako gazteenarekin konparatuz gero (horretarako INJUVEk argitaratutako datuak oinarri hartzen ditugu), ageri geratzen da Espainiako gazteen egoera Euskadikoena baino txarragoa dela, Espainiako gazteen langabezia-tasa 2012an % 40,8koa izan da eta.

Gazteen langabezia-tasaren bilakaera sexuaren arabera aztertzen badugu, ikus dezakegu 2012an gizonezkoen tasa emakumezkoena baino pixka bat altuagoa dela. 2007 arte langabeziak eragin handiagoa izaten zuen emakumeen artean, baina ordutik hona joeraren aldaketa nabaritzen da eta azken urteotan gizonezkoen tasak emakumezkoenak baino handiagoak dira. (Azterketa hau egiteko Eustatek 16 eta 29 urte bitarteko gazteei buruz emandako datuak erabili ditugu. Datuok Gazteen Euskal Behatokiaren estatistika arloaren barruan aurki daitezke).

Biztanleria osoan (eta osoa diogunean 16-64 urte artekoa adierazi nahi dugu) joera aldaketa hori pixka bat beranduago gertatu zen eta 2009tik aurrera ikus daiteke gizonezkoen langabezia-tasak emakumezkoenak baino handiagoak direla.

Espainian ere 2012an gizon gazteen langabezia-tasa emakume gazteena baino handiagoa da (% 42,4 eta % 39,1, hurrenez hurren).

Bestalde, gazteen langabezia-tasa lurralde historikoen arabera aztertzen badugu (2005-2012 aldiko datuak erabiliz), ikus dezakegu 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasak askoz handiagoak direla Bizkaian, Araban baino, eta batez ere, Gipuzkoan baino.

2009tik hona Bizkaiko gazteen langabezia-tasak goranzko joera mantendu du eten gabe, eta urte batetik besterako igoera hiru puntutakoa baino handiagoa izan da.

Gipuzkoak, aldiz, hobeto eutsi dio gazteen langabeziaren igoerari, lurralde horren industrien eta kooperatiben sarearen egiturari esker.

Jarraian, 2012ko hiruhileko bakoitzeko gazteen langabezia-tasak aztertuko ditugu, langabeziak azken urtean izandako bilakaera nolakoa izan den hobeto ikusteko.

Oro har, 30 urtetik beherakoen langabezia-tasa pixka bat murriztu zen 2012ko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan, lehenengo hiruhilekoarekin konparatuz gero, baina laugarren hiruhilekoan nabarmen handitu zen. Azken hiruhilekoan langabezia-tasa % 27koa zen, urteko batez bestekoaren baino hiru puntu handiagoa.

Langabezia-tasak bigarren eta hirugarren hiruhilekoan murriztea eta laugarrenean haztea gizonezkoen eta emakumezkoen artean errepikatu den joera izan da. Bizkaian ere ikus dezakegu joera hori, baina ez Gipuzkoan. Azken lurralde horretan laugarren hiruhilekoko tasa lehenengokoa baino txikiagoa da. Baina desberdintasunik handiena Araban ikus daiteke. Araban 2012an langabeziak gora egin du eten gabe, eta lehenengo eta laugarren hiruhilekoen artean ia 10 puntutako aldea dago. Nola azal daiteke Araban gertatutako langabeziaren igoera hori?

Arabako industria-sarea enpresa handietan eta horiekin lotuta dauden menpeko enpresa txikietan oinarritzen da, neurri handian. 2012an enpresa handi batzuek (hala nola, Michelin) izan dituzten enplegua erregulatzeko espedienteek, langileriaren murrizketek eta enpresa batzuk ixteak eragin zuzena edo zeharkakoa izan dute lurralde horretan gertatutako enpleguaren suntsiketan.

EAEko gazteen langabezia-tasak Europako estatuetan dagoenarekin konparatu ahal izateko, 25 urtetik beherakoenak hartu behar ditugu, Eurostatek, Europako bulego estatistikoak, horrela kaleratzen baititu. EAEn Eustatek adin tarte horretarako zabaldutako datuak oinarri hartuta, esan dezakegu EAEko 16 eta 24 urte bitarteko gazteen langabezia-tasak 2012ko hirugarren hiruhilekoan (Europa mailan ez dago datu berriagorik) Europar Batasuneko laugarrenak direla tasa handienetatik hasita.

Aitzitik, Alemaniako, Austriako eta Herbeheretako gazteen langabezia-tasak % 10en azpitik daude.

Esan beharra dago, Europako Batzordeak eginiko Status of the situation of young people in the European Union izeneko txostenak 22. orrialdean dioen bezala, herrialde horietako hezkuntza sistemak dualak direla, eta ikasketak enpresetan egiten diren praktikekin konbinatzen edo bateratzen direla. Hori dela eta, langabetuak modu desberdinean zenbatzen dira lurralde hauetan, eta, ondorioz, gazteen langabeziaren zifra ofizialak txikiagoak izaten dira.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana