Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2012/04/13

Euskal Herriko 10 eta 18 urte bitarteko nerabe eta gazteen ia erdiak interesatuta daude zientzia eta teknologia gaietan

Horren barruan informatika da interesik handiena pizten duen arloa

Elhuyar fundazioak “Euskal Herriko gazte eta nerabeen zientzia eta teknologiaren pertzepzioa, 2011” izeneko txostenean kaleratu dituen datuak aztertu ditu Gazteen Euskal Behatokiak. 2011ko maiatza eta ekaina bitartean EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko 10 eta 18 urte bitarteko 2.061 ikasleri egindako elkarrizketetan oinarritu da txostena. Euskal Herriko nerabeek eta gazteek zientzia eta teknologiari buruz dituzten iritziei buruzko ondorio batzuk atera ditu Gazteen Euskal Behatokiak, eta horiexek azalduko dira jarraian.

Txostenaren arabera, 10 eta 18 urte bitarteko gazte eta nerabeen % 16k oso interes handia dute zientzia eta teknologia gaietan, eta beste % 30,9k interes handia. Beraz, esan dezakegu % 46,9 interesatuta daudela. Aitzitik, % 19,4k interes gutxi edo oso gutxi dute gai hauetan.

Mutilek neskek baino askoz interes handiagoa dute zientzia eta teknologian (% 53,6k eta % 39,6k, hurrenez hurren, oso interes handia edo interes handia adierazi dute gai honetan).

Gehiago sakontzeko asmoz, zientzia eta teknologiaren arloaren barruan bederatzi interes-gairi buruz galdetu zaie, eta ondoko portzentajeak atera dira oso interes handia edo interes handia duten gazteak eta nerabeak kontuan hartuta:

  • Informatika (adimen artifiziala, hardwarea, Internet, multimedia…): % 60,9
  • Teknologia (arkitektura, bioteknologia, elektronika, garraioa, industria…): % 46,3
  • Ingurumena (birziklatzea, ingurumena, energia berriztagarriak…): % 41,4
  • Osasuna (anatomia, medikuntza, dietetika… ): % 41,2
  • Fisika, kimika eta matematika: % 35,4
  • Giza eta gizarte zientziak (historia, kazetaritza, filologia...): % 33,5
  • Espazioa (astrofisika, astronautika, astronomia...): % 33,0
  • Biziaren zientziak (arrantza, biologia, nekazaritza, genetika…): % 31,2
  • Lurraren zientziak (ekologia, geografia, klimatologia, ozeanografia…): % 30,4

Hau da, zientzia eta teknologiaren barruan, informatika da interesik handiena pizten duen arloa.

Zientzia arloz arlo aztertzen denean ere, ezberdintasunak antzeman daitezke nesken eta mutilen artean: neskek mutilek baino interes handiagoa dute gizakiarekin lotutako arloetan (osasuna eta giza eta gizarte zientzietan), eta mutilek, aldiz, neskek baino interes handiagoa dute informatikan, teknologian eta espazioan.

 

Jarrai gaitzazu gizarte sareetan! 

 

 

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana