Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2013/02/21

'Horrelako uneak izaten dira immigrazioa egoeraren erruduntzat jo eta frustrazioa bideratzeko eta eskubide-murrizketaren politikak legitimatzeko tentazioa sorraraz dezaketenak'

Elkarrizketa Lila Maya Amrane eta Nadia Eremieva-ri, Biltzeneko teknikariak

1. Zergatik “Nola aurre egin immigranteei buruzko aurrejuzkuei eta zurrumurruei, gazteekiko hezkuntza-jardunetik” izeneko prestakuntza? 

Gure mundua globalizazioaren dinamika ekonomiko eta sozialek markatzen dute, gizakien eskala handiko mugikortasunak eta teknologia eta komunikazioen garapen zeharo bizkorrak; eta, horrekin guztiarekin, garai batean harremanetarako genituen hesiak hausten ari dira. Gure gizartea gero eta konplexuagoa eta nahiko heterogeneoa da, baina horretaz jabetzeak bere denbora eskatzen du eta, bestalde, krisiaren eraginak eta langabeziaren zenbaki gero eta handiagoek segurtasun ezaren eta arriskuaren sentsazioak areagotzen ditu, baita orokorrean baikorrak eta ausartak izan ohi diren gazteengan ere. 

Horrelako uneak izaten dira immigrazioa egoeraren erruduntzat jo eta gizartearen frustrazioa bideratzeko eta gizarte- eta eskubide-murrizketaren politikak legitimatzeko tentazioa sorraraz dezaketenak. Diskurtso-mota horrek (mitoak, gezurrak edo zurrumurruak) iritzi publikoan eragin handia izan dezake eta, zenbaitetan, norbanako edo giza talde jakin batzuenganako benetako diskriminazioa eragiten du, pertsona horien eskubide-urraketa gertatzen da eta legez kontrako diskriminazio-praktikak legitimatzen dira. Hortaz, horri guztiari aurre egin behar zaio, eta errealitatearen —beti konplexua izaten den errealitate horren— analisi kritikoa egiteko tresnak eskaini behar dira, helburu batekin: orokortze errazak saihesteko eta errua ahulenari egozten ez uzteko ahalegin kontzientea egitea beharrezkoa dela ohartaraztea. 

Premisa horiekin sortu zen Aurre egin zurrumurruari ekimena, garai hartan Eusko Jaurlaritzako Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko Zuzendaritza zenaren bultzadarekin. EAEn integrazioaren eta aniztasunaren kudeaketaren alorrean egiten den lana gidatzen duten hainbat eragileren aspaldiko eskaera batetik eta diagnostiko partekatutik abiatu zen ekimen hori. 

Xarxa BCN Antirumors udal-sarea adibide gisa hartuta, lan-prozesuari ekin genion 2011ko bukaeran. Lehendabizi, gure inguruko dozena bat “zurrumurru” nabarmen identifikatu genituen; lan-prozesu horretan, hausnarketa-talde bat eratu zen eta Immigrazioari buruzko zurrumurruei, estereotipoei eta aurreiritziei aurre egiteko gida praktiko bat editatzen hastea erabaki zen, garai hartan esanguratsuenak ziren lehenengo bost “zurrumurruak” adibidetzat hartuz. 

Hainbat sentsibilitateko eragileek egindako eta adostutako arrazoi-bilduma bat izateko eskakizunari erantzuten zion gidak, eta etorkizunean toki- nahiz sektore-mailako ekimenak martxan jartzeko oinarria izatea zuen helburu. Geroago, hau bezalako prestakuntza-prozesuei ekin zitzaien. Prozesu horiek “jardunbide egokien” erakusleiho moduko gisa pentsatu genituen, bi helbururekin: batetik, gizarte-eragile desberdinek aurretik egindako lanaren balioa agerian jartzea eta, bestetik, beste eragileak —bakoitza bere esparru, zeregin, ikuskera eta balioetatik abiatuz— pentsatzera eta berriro pentsatzera animatzea, hain desiragarri eta beharrezkoa den gizarte-mobilizazioa lortzeko.

 2. Zer landu zen prestakuntza horretan? 

Lehenik eta behin, fenomeno hau ezagutzera eman zen —zergatiak, ondorioak eta oro har EAE osoan eta zehazki euskal gazteen artean duen agerpena—. Horretarako, Xabier Aierdi soziologiako irakasleak hitzaldi bat eman zuen eta, bertan, analisi psikosozial bat egin zuen etorkinei eragiten dieten zurrumurruei eta horiek jarrera arrazista eta diskriminaziozkoan daukaten agerpenari buruz.

Euskal Herriko Unibertsitateko Félix Etxeberria Pedagogiako katedradunak, bestalde, bere lantaldeak egindako Aurreiritziak, immigrazioa eta hezkuntza: Bigarren Hezkuntzako ikasleen jarrerak izeneko ikerketaren emaitzak aurkeztu zituen, eta parte-hartzaileekin zenbait gako praktiko partekatu zituen, proposamen didaktiko malgu baten bidez ikasgelan eta aisialdian Bigarren Hezkuntzako ikasleekin garatzeko.

Elkarrekin bidelagunak identifikatzea eta gazteekiko esku-hartze espezializatuaren esparruko zenbait lan-estrategia ere bilatu genituen, horri guztiari aurre egiteko. Horretarako, hiru gonbidatu izan genituan: Elena Ayarza Elorriaga Arartekoko Haur eta Nerabeentzako Bulegoko zuzendaria eta CEAR Euskadiko Rosabel Argote eta Javier Villanueva.

3. Zein esperientzia erabil ditzakegu jarduteko adibide gisa? 

Gure autonomia-erkidegoan daukagun esperientzia mordoaren artetik batzuk aukeratu genituen euskarri materialeko eta laguntza teknikoko sistema desberdinen eraketa bultzatzeko asmoz, alde batetik ekimen zehatzak martxan jartzeko eta, bestetik, sortutako ezagutza bistaratu, dinamizatu eta transferitzeko espazioak eratu eta bultzatzeko lanetan gazteak inplikatzeko. Aurkeztu ziren jardunbide egokien artetik interes berezia piztu zuten gazteen presentzia zutenek. Gazteek aukera izan zuten gizarte bidezkoago eta demokratikoago bateranzko gizarte-aldaketaren eragile gisa izan dituzten bizipenak partekatzeko. 

Jon Ander García irakasleak eta Oihana Calparsoro ikasleak, Gipuzkoako SOS Arrazakeriako Silvana Lucianirekin batera, Donostiako Usandizaga Diseinu Eskolako 1. mailako ikasleek diseinatu eta koordinatutako Antizurrumurru komunikazio-kanpaina aurkeztu zuten. Kanpaina horrekin, bestalde, arrazismoaren eta xenofobiaren nazioarteko eguna (2012ko martxoaren 25a) ospatzeko egindako Antizurrumurru Martxaren antolakuntzan lagundu zuten. 

EDE fundazioko Ainara Cantok eta Irama Vidorretak beraien ikerketa bat aurkeztu zuten: Experiencias de solidaridad de jóvenes migrantes: la integración social a través del voluntariado  2012. Aurkezpen horretan, gainera, ikerketan parte hartu zuen Gabriela Florea gazteak bere testigantza eman zuen. 

Interesgarria iruditu zitzaigun gure inguruan gazteekin egiten diren esku-hartze ugarietako batzuk aztertzea, gizarte-erakundeek eta euskal administrazioek arlo honetan egiten duten ahalegina aitortzeko eta, era berean, eragile desberdinen artean sinergiak bilatzeko hausnarketa kolektiboa eraginez erkidego-mailako sare-lan garrantzitsua bultzatuko duen masa kritikoa eratzeko. Lekukoa hartu eta lasterketan jarraitzea da orain falta dena.

 Jarrai iezaguzue gizarte-sareetan!

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana