Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2012/06/15

Elkarrizketa GEBren sexu-hezkuntzako ikastaroko trebatzaileei

EMAIZE Sexologia Zentroko Inmaculada Ruiz de Lezana eta Ana Ramírez de Ocárizek sexu-hezkuntzari eta gazteei buruzko galdera batzuei erantzuten diete.

  • Estatistika-datuen arabera, bai mutilek bai neskek gurasoengana jotzen dute sexualitate-gaiei buruz galdetzeko. Horrela al da, benetan? Zuen ustez, zein da arrazoia?

Egia da gai hau gurasoekin kontsultatzen dutenean, amarekin egiten dutela. Gauzak aldatu badira ere eta seme-alaben hezkuntzan gero eta aita gehiago engaiatzen ari badira ere, ama da oraindik ere erreferentziazko irudia. Amak hurbilagoak direla sumatzen dute, entzuteko gaitasun handiagoa dutela. 

Nolanahi ere, ez dugu uste honelako zalantzak argitzeko gazteek familiara jotzen dutenik. Neska-mutilen adinaren araberakoa izango da hori. Zenbat eta gazteagoak izan, orduan eta aukera gehiago gai horiek familiari kontsultatzeko. Baina nerabezarora gerturatu ahala, familiak erreferentzia-gune izateari uzten dio. Gaur egun Internet da sexualitateari buruzko zalantzak dituztenean, gazteek sarrien erabiltzen dutena. Eta Interneten ez dira webgune espezializatuetara informatzen, foroetan baizik. Hau da, informazioa parekoen artean bilatzen dute. Lagunen ordez, antzeko esperientziak izan dituzten ezezagunengana jotzen dute. Horren ondorioz, askotan informazioa ez da zehatza, edo oso bideratuta dago. 

  • Sarritan, sexuari buruzko informazioa arriskuen prebentzioan oinarritzen da. Eta esperientzia horretaz gozatzeko moduari buruzko informazioa?

Maiz, sexu-hezkuntza sexualitatearekin batera dauden arriskuetara mugatzen da. Horren arrazoi nagusia hau da: gai jakin batzuk konpontzeko dagoen premia, adibidez, planifikatu gabeko haurdunaldiak eta transmisio genitaleko infekzioak. Premiazkoak garrantzizkoa alboratzen du. Ahaztu egiten zaigu hori dela, hain zuzen ere, sexu-hezkuntza: sexuen hezkuntza, subjektu sexuatuen hezkuntza, harremanean bizi diren gizon-emakumeak, eta, jakina, alderik ahaztuena sexualitatearen joko- edo gozamen-izaera.

Gauzak bestelakoak izan beharko lirateke: agian, plazerari buruz hitz egin beharko genuke, bai eta izateak edo nahi izateak dakarren erantzukizunaz, betiere plazerra globalki ulertuta, eta ez genitaletara edo koitora mugatuta. Erantzukizuna plazeraren ikuspegi horretatik planteatu beharko litzateke baita. Sarritan, gazteek preserbatiboa erabiltzearen aurka agertzen dira, plazerra apaltzen duelakoan. Alabaina, gauzak ondo egin direla eta ez dela ezustekorik egongo jakiteak ematen duen lasaitasunean ere plazerra dago. 

  • Emaize Sexologia Zentroak urteak daramatza Gasteizko sexualitate-arretarako udal zerbitzua kudeatzen. Zeintzuk dira zerbitzura gerturatzen diren gazteek planteatzen dizkizueten kezka nagusiak?

14 eta 30 urte bitarteko gazteei ematen diegu arreta gure zerbitzuan. Jakina, adin-tartea horren zabala izanik, gazteenen kontsultak eta nagusienen kontsultak oso desberdinak dira.

25 eta 30 urte bitartekoek egindako kontsultak erlazionatuago egon ohi dira bikote-harremanetako zailtasunen batekin (jelosia, komunikazio-arazoak...).

Gazteenek, ordea, sexu-harremanetako zailtasunekin lotutako kontsultak egin ohi dituzte.

Sexuen arabera, neskek plazerra lortzeko zailtasunei buruzko kontsultak egiten dituzte (orgasmorik ez sentitzea, zailtasunak penetrazioan, kontzentrazio-falta...). Mutilek, euren aldetik, funtzionamendu genitalarekin lotutako kontsultak izaten dituzte: eiakulazioa ez kontrolatzea edo erekzioa galtzea.

Gehien kontsultatutako gaien artean antisorgailuen erabilera zuzena edo infekzioei buruzko informazioa ere badaude.

Bestetik, homosexualitatearekin eta lesbianismoarekin zerikusia duten kontsultak ere izaten dira, bai banaka, bai bikoteka. 

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana