Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2011/04/08

Elkarrizketa Antonio Jesús Rodríguez Martínezekin, 'Gazteen mugikortasun-baliabideak Europar Batasunean' ikastaroa eman duen irakaslearekin

 

 Askotan, gazteen elkarteek eta gazteekin lan egiten duten entitateek oztopo bat aurkitu ohi dute truke-proiektuak edo gazte-ekimenak Europan aurkezteko garaian: Gazteak Ekinean programako formularioak betetzea. Horren konplikatuak al dira? Ba al dago baliabideren bat laguntza eskuratzeko?

Egia esan, formularioak ez dira konplikatuak. Arazoa, nire ustez, hau da: programak berak nola funtzionatzen duen ulertu behar dela, alegia, betekizun teknikoak, aurrekontu-betekizunak eta abar. Esan beharra dago, gero, nekagarriak izan ohi direla. Baina lehenengoa aurkeztuta eta hesi hori apurtuta, gainerakoa erraz-erraza da. Agiriak idazten laguntzeko eskuliburuak dauden arren, batzuetan zailagoa da eskuliburuak ulertzea proiektua bera egitea baino. Eskuliburuak lagungarri gerta daitezke zalantza jakinak argitzeko, baina laguntzarik onena dagoeneko proiekturen bat aurkeztu duen erakunderen batek emango dizue. Horiei laguntza eskatzea ezinezkoa bada, Eurodesk edo Europe Direct bezalako laguntza-sareetara jo dezakezue. Eta, jakina, Eusko Jaurlaritzan Gazteak Ekinean programaren ardura duten teknikariengana, beti laguntzeko prest daudenak proiektua onartua izan dadin.

 Gure zerbitzuetara atzerrira beren kabuz joan nahirik gerturatzen diren gazteak nola aholka dezakegun jakin nahi dugu orain. Atzerriko hizkuntzarik ez jakiteak beste herrialde batzuetara joateko adorea kendu ohi die gazteei. Hala ere, horrelakoetan, badago atzerrira joateko aukera ematen duen formularik, eta, askotan, beste hizkuntza batzuk ikasteko aukera ematen dute. Azal diezagukezu zertan dautzan aukera horietako batzuk?


Aukera ugari dago. Atzerriko hizkuntzarik jakin ezean (beti da beharrezkoa eta gomendagarria gutxieneko maila izatea), honako aukera hauek aholkatuko nituzke nik:

Lehenengoa Europako Boluntario Zerbitzua da. Hasteko, hizkuntza-ikastaro bat jasoko duzu. Gero, atzerrian egonaldia doan egingo duzu, boluntario-jarduerari lotua, jakina, hizkuntza-maila hobetzen duzun bitartean. Gazteak Ekinean programaren gainerako ekimenetan ere aukera hori berori dago.

Bigarren aukera atzerrian aldi berean lan egin eta ikastea da. Atzerrian hizkuntza-ikastaroa egin bitartean, lan-praktiketan edo, norbera ez bada erraztasunez mintzatzeko gai, kualifikazio apaleko lanetan (tabernak, hotelak, zerbitzuetako enpresak eta abar) aritzeko aukera ematen dute akademia eta enpresa askok. Aukera pribatuak dira hauek, baina pakete berean eskaintzen dute egonaldia, ikastaroa eta lana uztartzeko aukera.  


 Bestalde, Europass europar curriculuma bezalako ekimenak daude, besteak beste, hezkuntza ez formaleko jardueretan parte hartu izana aintzat hartzen duena. Gateen langabezia-maila altuak ikusita, eta etorkizunera begira, nolako iritzia duzu ekimen-mota hauei buruz?

Europar Batasunak etorkizun hurbilerako (2020) duen helburua hau da: hezkuntza ez formaleko jarduera guztiak prestakuntza- eta lan-esperientziaren barruko atal garrantzitsuak direla aintzatestea. Hori dela-eta, Europass europar curriculumak garrantzi berezia ematen dio aintzatespen horri. Baina, egia esan, laguntza-elementua baino ez da, eta EBko 2020 estrategiaren geroko Hezkuntza eta Prestakuntza politika izango da etorkizunean estatu kideek hezkuntza ez formala aintzatesteko bidea ezarriko duena.

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana