Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2011/06/15

Indarkeria sexista eta gazteria, elkarrizketa Norma Vázquezekin

Norma Vázquez (Mexiko, 1960). Psikologoa eta familia-terapeuta. Sortzen Consultoríako zuzendaria, indarkeria sexistan eta emakumeen ahalduntzean aditua.

 Zein da tratu txarren errealitatea Euskal Autonomia Erkidegoko bikote gazteen artean? 

Indarkeria sexista gero eta gazteagoen kontua dela diote askotariko hainbat iturrik. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren 2009ko urteko txostenaren arabera, 2009an, 18 eta 30 urte bitartekoak izan ziren bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriaren biktima izan ziren emakumeen %35. Askatasun sexualaren aurkako erasoen kasuan, zifrek adierazten dutenez, emakumeak zenbat eta gazteago izan, haientzako arriskua orduan eta handiagoa da. Izan ere, bizi izandako indarkeria agerian jarri duten biktima guztien %68k 30 urtera arteko adina dute.

Datuok zera adierazten dute: indarkeria sexista ez dagoela “dagoeneko gainditurik”, eta ez dela “iragandako belaunaldiekin” zerikusia duen zerbait. Indarkeria sexista arazo larria da. Haren biktimak gero eta hezkuntza gehiago jasotzen duten eta mundu publikoaren etsaitasunari aurre egiteko tresnak dituzten neskak dira; hala ere, eurengan, modernoak ez diren estereotipoek eta jokaerek diraute. Zehazki, aintzat hartu behar da neska eta mutil gazteek ezartzen dituzten harremanek ez dutela elkarrekin bizi diren bikoteen jarraitasun- eta konpromiso-maila, edo gazteek elkarrekin hartu-emanean aritzeko guneak eta bikote helduenak ez direla berak (institutua, jai-giroa...). 

 Zein dira bikote batean tratu txarrak daudela adieraz dezaketen zantzuak 

Eskasia ekonomiko larritik eratorritako gizarte honetan, aisiarako eskubidea balio garrantzitsu bilakatu da. Gizarte-errealitate berria egokia da emakumeen eta gizonen artean, teorikoki, bederen, askatasunean eta elkarrenganako onarpenean oinarrituta egon beharko liratekeen harremanak ezartzeko. Hala ere, emakumeek ez dute herritar-izatearen senik, eta, gainera, berdintasuna lortuta dagoela dioen diskurtsoa errotuta dago gazteen artean. Horrek guztiak etsaitasun-giroa sortzen du emakume gazteentzat, eta gizonen nagusitasuna bizi behar izaten dute horren estimu handia duen aisiaren espazioan eta denboran.

Giro horretan, ligatzeko hurbilketekin nahasten diren indarkeriazko jokaerak normalizatuta daudela azaleratzen da: mutilen ustez, neska bat erakartzeko, “dena da zilegi”; neskek EZ! esateko eskubidea ez dago guztiz errotuta. Horregatik, neskak ez dira guztiz errudun sentitzen eskubide hori gauzatzean, baina kontrol-jokaerak onartzeko mezu kontraesankorrak jaso ditzakete. Nahasmendua errotu egiten da eurengan, eta, ondorioz, isiltasuna dator.

 Ba al dago gazteen bereizgarri den tratu txarren portaerarik?   

Nerabeen edo gazteen ezaugarri zehatzak kontuan hartuko baditugu, beharrezkoa da gogoratzea aldi horretan ideal erromantikoak duen garrantzia, bai eta esperientzia-eza ere, hau da, aldi horretan lehenengo harremanak bizi izaten hasten direla. Faktore horiek guztiak direla-eta, indarkeria-adierazmoldeak maitasun- edo interes-zantzuen atzetik ezkuta daitezke, edo horiekin nahastu.

 Zein da prebentzioaren egitekoa bikote gazteen barruko tratu txarrak antzeman eta ekiditeko? 

Prebentzioa funtsezkoa da. Baina prebentzio horretan gazteengan dauden konplexutasunak kontuan hartu behar dira: batetik, lanbidean garatzeko prestatuago daude, baina gabezia handiak dituzte berdintasun emozionalaren eta berdintasunezko tratuaren arloan eta, bestetik, indarkeria sexistan agerbide berriak sortu dira.

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana