Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2012/10/09

'Gaurko gazteak oso sortzaileak dira, eta aurreko belaunaldiarenak ez bezalako patroien gainean berreraiki behar dute euren bizitza'

Elkarrizketa Soziologiako Katedradun Benjamín Tejerinarekin, Gazteen Euskal Behatokiaren azken argitalpenaren egilea.

Gazteen Euskal Behatokiak Precariedad vital y juventud vasca. Condiciones sociales y estrategias biográficas para llevar una vida normal argitalpena kaleratu berri du. Euskal Herriko Unibertsitateko Identitate Kolektiboen Ikertegiko zuzendari eta ikerketaren koordinatzaile den Benjamín Tejerinarekin hitz egin dugu.  

Ikerketa honetan askotariko alderdietatik aztertzen da prekarietatea. Zeintzuk dira egungo gazteen egoera definitzeko aztertu dituzuen alderdi horiek?

Azken urteotan prekarietatearen alderdi bat baino ez da aztertu: enplegu- eta lan-baldintzei dagokiena. Alderdi batzuetan sakondu egin da: hezkuntza-sistematik lan-merkaturako trantsizioa, ikasketen eta lanaren arteko egokitzapen-maila, gaztaroko bizikideen etxetik irteteko baldintzak edo etxebizitza berria eratzea.

Prozesu horien inguruko ezaugarri asko ezagutzen ditugu, baina kanpoan utzi ditugu garrantzizko beste hainbat dimentsio. Horrexegatik sortu dugu bizi-prekarietatearen kontzeptua. Prekarietatearen fenomenoaren konplexutasuna landu nahi dugu kontzeptu horren bitartez, enpleguari eta lan-baldintzei eragiten dielako, baina baita egoitzari, osasunari, bikote-harremanei, gizarte-harremanei eta gazteek gizartean eta bizitza kolektiboan duten inplikazioari ere.

Hiru dimentsio  hartu ditugu funtsezkotzat: ekonomiarena eta lanarena, egoitzarena/gorputzarena eta harremanena/partaidetzarena. Planteamendu horri esker, jakin ahal izan dugu zergatik duen horren eragin handia gazte baten bizitzan, dimentsio batean edo gehiagotan egoera ona izanda, baina txarra edo oso kaskarra beste batzuetan; bai eta kontrakoa ere, alderdi batean prekarietate handia bizi dutenen egoera nola konpentsatzen den beste alderdietan eskuratutako laguntzaren bidez.

Bizi-prekarietatea, hortaz, oreka ezegonkorren joko bilakatzen da. Joko horren baitan, gazteek oreka lortu nahi dute, hainbat baliabideren bitartez, bizitzaren gorabeheren desorekak konpentsatzen ahalegintzeko, bereziki, nork bere kabuz ibili eta konpondu nahi duenean. Ikerketan, dimentsio horietako bakoitzak zenbat gazteri eragiten dion zehaztu nahi izan da lehenik; eta, bigarrenik, bizi dituzten prekarietate-egoeren efektuak gainditu edo arintzeko erabiltzen dituzten estrategiak aztertu.

Ikerketan adierazten denez, “prekarietatearen hainbat alderdik inbaditu dute normaltasuna, eta, hartara, prekarietatea normal bilakatu da”. Horrek esan nahi du gazteria, oro har, egoera prekarioan dagoela?

Eskura dagoen informazioaren bitartez, bi gauza geratzen dira agerian: gero eta jende gehiagori eragiten diola guk bizi-prekarietatea deitzen dugun horrek; eta gero eta gazte gehiago sartuko liratekeela kategoria horretan. Ez dakit gazteak, oro har, eta Euskadikoak, zehazki, prekarioak diren, baina zera baiezta daiteke, erratzeko beldurrik gabe: gazte prekario gehiago dago gaur egun, duela urte batzuk baino.

Norbaitek pentsa lezake baieztapen hau begi-bistakoa dela, bost urte daramatzagulako gure herrialdearen azkenaldiko historian inoiz ikusi ez bezalako krisialdian sartuta. Hala ere, oker egongo ginateke gazteen prekarietatearen erantzukizun osoa krisialdiari egotziko bagenio. Gazteen bizi-baldintzak krisialdia baino lehen zeuden kaltetzen hasiak (soldatak, babesa, eskubideak, etxebizitza eskuratzea), baina alderdi batzuetan (hezkuntza, kultura-baliabideak eskuratzea, kreditua eskuratzea eta kontsumoa) egondako hobekuntzak ez zigun azpian zegoena ikusten utzi.

Duela gutxira arte normaltzat jotzen genuena, bizitza normaltzat hartzen genuena lortzen zaila bilakatzen ari da jende askorentzat, eta, gehienentzat, aparteko zerbait. Prekarietatea normaltasunez ikusten ohitu behar dugu, nolabait, eguneroko bizitzaren paisaian dagoen zerbait bezala, ez ezohiko zerbait bezala. Helduarorako bidean dagoen belaunaldiak bizi duen sozializazio-prozesua hainbat prekarietate-egoerak markatuta egongo da. 

Ondorio ugari plazaratzen du ikerketa honek; horien artean, gazteek aldaketa sozialen aurrean erakusten duten moldagarritasuna eta sormena daude. Nola ikusten duzu gazteen emantzipazioaren etorkizuna egungo krisialdi ekonomikoaren baitan?

Gazteen taldeen bileren eta elkarrizketa pertsonalen bidez, prekarietate-egoera horietara egokitzeko, baina baita erresistentzia erakusteko eta leheneratzeko ere erabiltzen dituzten estrategiak aztertu ahal izan ditugu.

Gaurko gazteak oso sortzaileak dira, eta aurreko belaunaldiarenak ez bestelako patroien gainean berreraiki behar dute euren bizitza. Iraganeko konponbide batzuek ez dute funtzionatzen, dagoeneko, edo ez dira horren eraginkorrak gaur; horregatik ikusten dute gazteek berritzeko premia.

Gazte batzuk ihes egiten ahalegintzen dira, ondo sentitzeko beste modu batzuk bilatzen, hurbileko paradisuak sortzen. Gehienek oso balorazio positiboa ematen diete adiskidetasun-harremanei, lagunekin egoteari, ‘etxean’ egoteko moduak esperimentatzeari, publikoaren eta pribatuaren erdibidean dauden ‘pribatutasun partekatuko’ espazioak sortuta (gazteen lonjak, adibidez, Euskadin oso garrantzi handia duen fenomenoa). Bertan jarduera ekintzaileak sortarazten dituzten hainbat proiektu lantzen dira.

Azkenik, gazteen sektore esanguratsu bat mobilizatu egiten da, gustuko ez duten errealitatea aldatzeko: M15M, okupazio-mugimenduak, neoliberalismoaren aurkako mobilizazioak (Alterglobal mugimendua, adibidez), Occupy Wall Street, Chileko ikasleen mugimenduak, #Yosoy132 Mexikon, arabiar udaberria... Bizitzea egokitu zaien errealitatearekin ados ez dauden gazteen partaidetza duten ekintza kolektiboen adibide batzuk baino ez dira hauek.

Estrategiak aniztu egin dira eta emantzipaziorako ibilbideek lineal izateari utzi diote: gazteak sartu eta irten egiten dira, badoa eta badator, aldizka; luzaroan eusten dio, zailtasun gutxiago dituen bide bat aurkitu arte. Gazteen emantzipazioa konplikatu egin da, egungo krisialdiak gaineratutako zailtasunak ere aintzat hartuta. Izan ere, euskarri publikoak ahulduz doaz, programak eta zerbitzuak murrizten, merkatua ere konplikatu egiten da, lana eta lan-baldintza onargarriak aurkitzea gero eta zailagoa delako, eta, bitartean, belaunaldi barruko eta belaunaldien arteko elkartasuna indartzen ari da. 

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana