Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2011/08/12

2011ko abuztuaren 12an, Gazteriaren Nazioarteko Egunean, Natxo Rodríguez, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaria elkarrizketatu dugu

 Gazteen Euskal Behatokiak gure inguruko ikuspegi demografikoa eskaini du duela gutxi. Bertan azpimarratzen zenez, 15 eta 29 urte bitarteko gazteek biztanleria osoan hartzen duten proportzioa nabarmen jaitsi da: 1996an %24 ziren eta 2010ean %15. Zer ondorio ekar dezake gazteek gizartean duen pisu txikiago horrek ekonomiari, gizarteari, kulturari, politikari eta abarri dagokionez?

Lehenengo eta behin, esan beharra dago gazteek biztanleria osoan pisua galtzearen fenomenoa Europar Batasun osoan gertatzen ari dela. Baina egia da prozesua gehiago nabari izan dela Espainian eta Euskadin, eta horrek ondorio ugari ekarriko du, ezbairik gabe, horietako batzuk, gainera, aurreikusi ezinekoak, gaur egungo ikuspuntutik.

Hasteko, agerikoa dirudi pentsioen sistemari eusteko zailtasunak ekarriko dituela. Hain zuzen ere, jende-kopuru handia helduko da erretiro-adinera noiz eta, historikoki, lan-merkatuan gazte gutxien sartuko denean.

Bigarrenik, aurreikustekoa da kontsumoak behera egingo duela, adinekoek, bananduek, dibortziatuek eta alargunek eratutako etxeen kopuruak gora egingo duelako. Adituek diotenez, etxe-mota horietan askoz ere gutxiago kontsumitzen da seme-alabadun familietako etxeetan baino.

 Herri-administrazioek laguntza gutxi ematen diela diote gazteek, Gazteen Euskal Behatokiak duela gutxi argitaratu duen albiste baten arabera. Zein dira, gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzaren lehentasunezko politika publikoak?

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzaren lehentasunezko helburua da euskal herri-administrazioek garatzen dituzten jarduketetan benetako gazte-politika integrala bultzatzea. Horren haritik, funtsezko zeregina izango dute bai Gazteriaren Euskal Legeak, bai III. Gazte Plana 2020k.

Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den gazte-politika integral horrek hiru jardun-esparru handi hartzen ditu barne. Batetik, gazteen emantzipazio-prozesua aldeztea, etxebizitza, enplegua, hezkuntza eta abar bilduko dituen zeharkako gazte-politikaren bitartez. Bestetik, gazteei bizi-baldintza jakinak eskuratzen laguntzea eta gazteen kualifikazioa areagotzera bideratutako berariazko politikak sustatzea, gazte diren artean. Horretarako, gazteen ekimena eta sormena, informazioa, mugikortasuna, aisia eta astialdia bultzatuko dira, besteak beste. Azkenik, gazteen partaidetza funtsezko balio gisa suspertu nahi da, ezin baita gazteengan eragiteko xedea duen inongo jarduketarik proposatu, gazteak eurak aintzat hartu gabe.

 Zer alderdi nabarmenduko zenuke laster Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko  den Gazteriaren Euskal Legeari buruz?

Euskadin gazte-politika integrala indartzeko tresna berriak dakartza Gazteriaren Euskal Lege berriak. Hartara, Legearen bidez, Gazteria Zuzendaritza Gazteriaren Euskal Erakunde bilakatuko da, Lehendakaritzaren mendekoa. Funtsezko eta ezinbesteko elementua izango da Euskadiko errealitatea eraldatzeko eta Euskadiko gazte-politikari sendotasuna eta berritasuna emateko.

Gazteriaren Euskal Sistema ere sortuko da. Bere helburua da haur, nerabe eta gazteek haurtzaroa, nerabezaroa eta gaztaroa jarraitutasunez eta egonkortasunez gozatzea eta baliatzea, bi alderditik: batetik, berezko balioa eta esanahia duen aldia delako eta aldi horretan norberaren bizitzaren protagonista norbera delako, herritarren eskubideen subjektu eta gizarte-ehunduraren ezinbesteko atal; eta, bestetik, heltzeko prozesuan, ikasita eta norberaren gaitasunak eta gizarte-loturak sendotuta, emantzipazio-prozesua gauzatuz doalako arian-arian, hau da, helduarorako trantsizio arrakastatsu eta pozgarria, erabakiak hartu eta horiek bizitza-proiektu pertsonal batean mamitzeko autonomia handiagoa eskuratzen deneko aroa, hain zuzen.

 Azkenik, nola baloratzen duzu gaur amaitzen den Gazteriaren Nazioarteko Urtea?

Balorazioa positiboa da, Gazteen Nazioarteko Urteak arreta handiagoa ekarri dielako gazteekin lotutako gaiei, eta agerian utzi da gazteengan inbertitzea funtsezkoa dela eragiten diguten arazo globalei aurre egiteko. Horren haritik, azpimarratzekoa da Guanajuatoko Adierazpena, pasa den urtean Mexikon egindako Gazteen Mundu Konferentzian hartutako konpromisoak biltzen dituena. Bertan esan zen bezala, gazteak funtsezko subjektuak dira Milurteko Garapen Helburuetan, bai eta ezinbesteko aliatuak ere, helburuok erdiesteko garaian. 

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana