Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2011/03/21

Gazteen Euskal Behatokiko 2011rako prestakuntza plana

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak, Gazteen Euskal Behatokiaren bitartez, 2011ko prestakuntza-planean sarturiko jarduerei hasiera emango die martxoaren 21ean.

Gazteria Zuzendaritzak, gazteen arloan lan egiten duten pertsonen prestakuntza eta profesionalizazioa sustatze aldera, etengabeko sei ikastaro antolatu ditu 2011rako, bai eta bi espezializazio-programa ere.

2011ko prestakuntza-plana “Gazteen mugikortasun-baliabideak Europar Batasunean” ikastaroarekin hasiko da, Bilbon, Gazteen Euskal Behatokiaren egoitzan emango dena martxoaren 21ean, 22an eta 23an. Ikastaroaren helburua da Europar Batasunak eta gainerako administrazioek mugikortasunaren arloan eskaintzen dituzten aukera guztiak biltzea, enplegu-, prestakuntza- eta lankidetza-aukeretan eta hizkuntzen ikaskuntzan sakonduta.

Apirilaren 5ean, 6an eta 7an “Immigrazioa eta gazte-politikak” ikastaroa emango da Donostian. Kultura-aniztasun esanguratsuko testuinguruetan gauzatzen diren gazte-politika eta -programak aztertzeko eta bideratzeko gakoak ematea da ikastaroaren helburua. Etorkin gazteekin esku hartzeari buruzko planteamendu eta estrategiarik adierazgarrienetako batzuk azalduko dira, bai eta zailtasunetan, esperientzietan nahiz EAEn garatutako jarraibide egoki batzuetan sakonduko ere.

Apirilaren 12an, 13an eta 14an emango den Nola arnasten dute gure gazteek Interneten?” ikastaroari esker, gure profesionalek gizarte-sareen eta euren berariazko lengoaien erabilerari buruz dituzten ezagutzak gaurkotuko dituzte. Teknologia berrien bidez, gazteekin elkarreraginean aritzeko moduak proposatuko dizkie ikastaroak. Bilbon emango da kurtsoa, Gazteen Euskal Behatokiaren egoitzan.

Maiatzaren 10ean, 11n eta 12an “Cyberbullying: prebentziorako jarraibideak eta arazoak konpontzeko moduak” ikastaroa emango da Donostian. Bertan, gaiari buruzko azkeneko ikerketak, esku hartzeko estrategiarik egokienak eta gure inguruan berriki abiarazi diren baliabideak emango dira ezagutzera.

Bosgarren ikastaroa Maitasuna, bikotea eta tratu txarrak: gazteengan ere bai?” izango da eta Bilbon garatuko da maiatzaren 30ean eta 31n eta ekainaren 1ean. Ikastaroaren xedea da genero-indarkeriaren kausetan sakontzea eta bikote gazteengan ager daitezkeen egoerak eta portaerak azaltzea, bai eta prebentziorako baliabideak eskaintzea ere.

2011ko etengabeko prestakuntza irailean amaituko da, hain zuzen ere, hilaren 21ean, 22an eta 23an emango den “Gazte ekintzaileak: ekiteko irakaskuntzan lanean, hainbat testuingurutan” ikastaroarekin. Gazteenengan berrikuntza eta sormena sustatzean eta ekimen-gaitasunak  garatzean datza prestakuntza-saioa.

Etengabeko prestakuntzaren osagarri, oinarrizko prestakuntzako eta prestakuntza espezializatuko programak eskainiko dira 2011ko azken hiruhilekoan. “Gazte-politika publikoei buruzko oinarrizko prestakuntza” gazteekin esku hartzeko proiektuen plangintza, programazioa eta aplikazioa gauzatzeko funtsezko kontzeptu eta tresnekin lan egiteko parada izango da. Era berean, gaikuntza eskaini nahi zaie administrazioaren maila guztietako eta gazteekin lanean dabiltzan entitateetako profesionalei.

Azkenik, “Bakeari eta Giza Eskubideei buruzko prestakuntza-programa” eskainiko da. Programak bakearen eta Giza Eskubideen funtsak aztertuko ditu. Era berean, bitartekaritza eta gatazkak landu eta erregulatzeko tresnak jorratuko ditu.

Bi programok Bilbon garatuko dira, Gazteen Euskal Behatokiaren egoitzan (Uriortu kalea 11, behea).

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana