Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2013/02/22

'Gazteen lonjak eta lokalak EAEn': EAEko gazteen % 20k gazte lonja edo lokala dute gaur egun

Bizikidetza arazoak izanez gero, udalek bitartekotza egin beharko luketela uste dute gazte gehienek.

EAEko gazteen % 20k gazte lonja edo lokala dute gaur egun, Bizkaian gazteen % 21ek, Gipuzkoan % 18k eta Araban % 16k. Hori diote Gazteen Euskal Behatokiak gazte lonja eta lokalei buruz egindako ikerketaren emaitzek. Ikerketa hori gaur goizean aurkeztu du Jon Redondo Gazteria eta Kirol zuzendariak.

Ikerketa gauzatzeko telefono bidezko inkestak egin zitzaizkien 15 eta 29 urte bitarteko 1500 gazteri 2012ko azaroaren 23a eta abenduaren 4a bitartean.

Gaur egun lonja edo lokala duten gazteak aztergai hartuta, esan dezakegu mutil gehiago daudela, neskak baino, batez beste 21 urte dituztela, ikasleak direla eta ia guztiak jatorrizko familiarekin bizi direla.

Gazteen lokal gehienak mistoak dira, baina lonjadunen % 23k beren lonjetan kide guztiak mutilak direla diote.

15 kide baino gehiago izaten dira lonjako. Lonja dutenen % 46k 16 eta 25 kide artean direla diote eta % 28k 25 kide baino gehiago direla. Kide kopuru altu hori batzuetan lonjan lagun-talde bat baino gehiago daudelako azaltzen da (% 42k beren lonjan lagun-talde bat baino gehiago daudela diote).

Lonja eta lokaletara batez ere asteburuetan joaten dira. % 85 asteburu guztietan edo ia guztietan joaten dira lonjetara. Eta astegunetan, aldiz, gutxiago: % 40k astegunetan ez direla inoiz edo ia inoiz joaten adierazi dute. 20 eta 24 urte bitartekoak dira lokala gehien erabiltzen dutenak, bai astegunetan, baita asteburuetan ere.

Hamar gazte lonjadunetik bederatzik uste dute beren lokalak leku pribatua izateko aukera ematen diela eta, partekatua denez, erantzukizunak hartzen eta beste pertsonekin antolatzen ikasten dutela.

Kide guztien artean hartutako arauekin funtzionatzen dute eta lokala egoki mantentzearen eta auzokoekin bizikidetza harreman onak izatearen erantzukizuna hartzen dute. Bizikidetza arazoak ez dira ohikoak eta daudenean auzokoekin edo lonjako kideen artean gertatzen dira. Lonja duten hamar lagunetik hiruk auzokoekin arazoren bat izan dutela aitortu dute eta % 14k kideen artean arazoak izan direla esan dute.

Udalen parte-hartzeari buruz, eta hau da ikerketa honetan Gazteen Euskal Behatokiak landutako beste gai bat, EAEko gazte gehienak (% 78), lonja izan zein ez, ados daude auzokoekin edota lonjaren jabearekin arazoak izanez gero udalek bitartekariak izendatu ditzaten akordioak bideratzeko. Gainera udalen papera zein izan behar den zuzenean galdetzen denean, EAEko gazteen % 45ek uste dute “bakarrik lonjen erregistroa egin eta gomendioak ezarri beharko lituzketela”, lonjetako kideen segurtasuna eta auzokoekiko bizikidetza bermatzeko; % 36ren ustez lonjei buruzko ordenantza edo udal arau zehatzak ezarri beharko lituzkete, eta bakarrik % 17k uste dute udalek ez luketela eskua sartu beharko lonjetan.

Gaur egun lonja dutenen erdiek baino gehiagok (% 54k) uste dute udalek erregistroa egin eta gomendioak ezarri beharko lituzketela, % 23k hobesten dute udalek ezer ez egitea eta beste % 21ek udalek gazte lokalak arautzeko ordenantza zehatzak ezartzea nahiago lukete.

Jarrai iezaguzue gizarte-sareetan!  

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana