Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Azken eguneratzea: 2013/02/19

Euskadiko Gazteen Joeren Koadernoak izeneko bildumaren bosgarren zenbakia atera da kalera: EAEko gazteen sinesmenak eta erlijiozaletasuna

Azterlan horrek erakusten duenez, 20 puntu baino gehiago jaitsi da azken 10 urteetan Euskadin beren burua katolikotzat jotzen duten gazteen kopurua.

Nahiz eta tradizionalki euskal gizarteak atxikimendu handia eduki erlijio-katolikotasunari, egoera aldatzen ari da azken urteotan, batez ere gazteen artean, halaxe ondorioztatzen baitu ikerketa honek (pdf, 2 Mb).

Gazte gehienek (% 74) adierazi dute etxean heziketa erlijiosoa jaso dutela, eta heren batek baino gehixeagok (% 35) dio elizkizunetara joaten zela maiztasunez haur edo nerabea zenean.  Guztiarekin ere, erdira ere ez dira iristen beren burua erlijioren batean sinestun aitortzen dutenak (% 39); are gutxiago dira oso edo hein batean erlijiozaleak direla diotenak (% 23). 

Sinestun diren % 39 horietatik % 37 katolikoak dira (% 7 katoliko praktikatzaileak, eta % 30 ez-praktikatzaileak), eta gainerako % 2a beste erlijioetako gazte sinestunak. 

Gizartean goraka doan sekularizazioak bere isla argia du gazteen artean ere: azken hamarkadan 22 puntu egin du behera beren burua katolikotzat (praktikatzailea izan edo ez) jotzen dutenen ehunekoak; 1998an gehiengoa ziren (% 59). 

Erlijioa gero eta gauza arrotzagoa dela erakusten du, gainera, beste datu batek: gazteen ia heren batek dio gaur egun ez duela Jainkoagan sinesten, baina lehen bai. 

Bestalde, Espainiarekin konparatuz gero harritzekoa da Euskadin ez-sinestun, ateo edo agnostiko deklaratzen direnen ehunekoa %45eraino iristen dela, alegia, Estatuaren batez bestekoa (% 20) halako bi. 

Gazteen erlijiozaletasunak izan duen beheraldi honen atzean, gazteek erlijioez duen uste txarra aurkitzen dugu: % 42k uste du edozein erlijiotan egiazkotasun eskasa dagoela; % 72ren aburuz, erlijioak gatazka-iturriak dira, ez bake-zabaltzaileak; % 72ren iritzia da oso pertsona sinestunak sarri askotan intoleranteegiak direla beste pertsonekin; % 69k uste du elizek eta erlijio-erakundeek botere handiegia dutela, eta % 51k dio Espainia hobeto egongo litzatekeela erlijioek ez balute hain eragin handia izango. 

Horiek horrela, aurrera begira, gazteen erdiek baino gehiagok (% 52) uste dute Eliza Katolikoak garai berrietara egokitu beharko lukeela; eta gazte oso edo hein batean erlijiozaleak dira, hain zuzen, nagusiki iritzi horrekin bat egiten dutenak. 

Ikerketaren oinarria 15 eta 29 urte bitarteko gazteei egindako inkesta bat da. Emaitza esanguratsuenez gainera, argitalpenak aukera ematen du erabili den galdetegia ikusteko eta bildutako datu guztiak kontsultatzeko, sei aldagairen arabera banaturik: bizitokiaren lurralde historikoa, sexua, adin-taldea, gizarte-maila subjektiboa, erlijiozaletasun-maila eta, azkenik, ezker-eskuin ardatza.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan! 

  

 

Lagundu zabaltzen:

     
Euskadi, auzolana