Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Gazteen Euskal Behatokiak 'Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2018' izeneko txostena aurkeztu du

Argitalpen-data: 

Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2018Txosten hau seriearen seigarrena da eta bertan hauxe aztertzen da: zenbat kostatzen zaion soldatapeko 18 eta 34 urte bitarteko gazte bati bere kabuz emantzipatzea, etxebizitza erosten badu zein alokatzen badu.

Horretarako hamabi adierazle kalkulatzen dira; adierazle horiek etxebizitza librea zein babestua erosketaren bidez edo alokairuaren bidez eskuratzeak dakarren kostu teorikoa adierazten dute. Kostu teorikoa da, oinarritzat hartzen diren datuak batezbestekoak baitira: erosten edo alokatzen diren etxebizitzen batez besteko prezioak, gazteen batez besteko soldatak eta hipoteka-maileguen baldintza arruntak. Beraz, egoera orokorrak aztertzen dira eta ez kasu indibidualak.

Datuak eta beraien bilakaera (2007-2018 aldiari dagokiona) Euskadi osorako aurkezten dira, bai eta lurralde historiko bakoitzerako ere. Gainera, sexuaren eta adin-taldeen arabera bananduta azaltzen dira.

Txostenaren emaitzek adierazten dute, laburbilduz, etxebizitza librea jabetzan hartzeko kostua, hau da, 18 eta 34 urte bitarteko gazte batek merkatu librean etxebizitza bat erosteko hipotekaren kuota ordaintzera bideratu beharko lukeen soldata garbiaren proportzioa, nabarmen jaitsi dela azken 10 urteotan, eta 2008an % 94,4 izatetik 2018an % 54,4 izatera pasatu dela.

Etxebizitza librea alokatzeko kostua, aldiz, handitu egin da, eta 2018an, alokairu-errenta ordaintzeko, gazteen batez besteko soldataren % 77,0 bideratzea eskatu du.

Etxebizitza librea jabetzan edo alokairuan eskuratzeko kostuen aldaketa horiek, batez ere, arrazoi hauengatik gertatu dira: urte hauetan etxebizitza libreen batez besteko salneurriak jaitsi egin direlako, hipoteka-maileguetan ezartzen diren interes-tasak ere jaitsi egin direlako eta, aldiz, etxebizitza libreen alokairu-errentak igo egin direlako.

Euskadin soldatapeko 18 eta 34 urte bitarteko gazte bati etxebizitza librea erosteak edo alokatzeak lekarkiokeen kostuaren bilakaera (soldata garbiaren ehunekoa)

Etxebizitza babestuak eskuratze-kostu onargarriagoak dakartza soldatapeko gazteentzat. 2018an etxebizitza babestua erosteak hileko soldata garbiaren % 32,2 hipoteka ordaintzera bideratzea eskatu du, eta etxebizitza babestua alokatzeak are gutxiago, alokairu-errenta ordaintzera soldataren % 23,9 bideratzea baitakar. Etxebizitza babestuak, beraz, aukera ematen die bakarrik emantzipatu nahi duten gazteei beren kontura bizitzeko gainesfortzu ekonomikoaren arriskurik gabe.

GEBren logoa

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa Twitter logoa

Euskadi, auzolana