Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Gazteen Euskal Behatokiak 'Euskadiko gazteak eta sare sozialak' izeneko txostena aurkezten du

Argitalpen-data: 

Euskadiko gazteak eta sare sozialak izeneko txostena Txosten honetan (pdf, 2 Mb) (leiho berri batean irekitzen da) Gazteen Euskal Behatokiak sare sozialei buruz burututako ikerketaren analisia eta emaitzak aurkezten dira. Ikerketa hori 2018ko azaroaren eta abenduaren bitartean Euskadi osoan egindako inkestetan oinarritzen da. Guztira, 15 eta 29 urte bitarteko 1512 gazte elkarrizketatu ziren telefonoz.

Ikerketak sare sozialei lotutako zenbait alderdi jorratu ditu, esaterako: zein diren sare erabilienak, zein maiztasunarekin erabiltzen diren, zein sare duten gogokoen gazteek, zein den komunikazio-hizkuntza nagusia sare sozialetan, zein jarduerak garatzen dituzten gazteek Interneten edo sare sozialetan eta zein maiztasunarekin, zer-nolako pertzepzioa duten norberak Internetez egiten duen erabilerari buruz, zein pribatutasun- eta segurtasun-neurriak hartzen dituzten datu pertsonalen babesa eta norberaren edukietara sarbide mugatua bermatzeko, arlo horretan gurasoengandik aholkurik jasotzen duten, eta, azkenik, sare sozialetan jazarpena bizi ote duten, azken arlo horren inguruan artikulu ugari idatzi baitira eta ikerketa hau kuantifikatzen saiatu da.

Ikerketaren emaitzek erakusten digute sare sozialak gazteen eguneroko biziaren zati garrantsitsua direla; gazte askorentzat sare sozialetara konektatzea da ohetik altxatzean egiten duten lehen gauza, eta sarean aritzea oheratzean egiten duten azkena. Izan ere, gazteen arteko erdiak (% 49,0k) onartzen du askotan ohetik jaikitzean egiten duen lehena WhatsApp edo sare sozialak irekitzea dela eta bost gaztetik batek (% 20,1ek) aitortzen du gauean oso berandu arte geratzen dela WhatsAppeko mezuak bidaltzen edo sare sozialetara konektatuta.

WhatsApp alde batera uzten badugu —Euskadiko gazte ia-ia guztiak egunero konektatzen baitira hartara—, Instagram da Euskadiko gazteen sare sozialik gogokoena. Bera da egunero erabiliena, Youtuberekin batera (% 74,1 Instagramera konektatzen da egunero, eta % 73,7 Youtubera); eta, horrez gain, sare sozial bakar batera konektatu ahal izanez gero, Instagram da gazte gehienek (% 52,1ek) hautatuko luketena.

Internet eta sare sozialetan jarduera ohikoenak (inkestatuei planteatu zitzaien zerrenda batetik hautatuta) musika entzutea eta bideo edo tutorialak ikustea dira. Gazte gehienak egunero aritzen dira jarduera bietan (% 86,3k egunero entzuten du musika, eta % 56,4k egunero ikusten du bideoren bat). Badira gazte gehienek egiten dituzten jarduera mota batzuk, baina erdia baino gutxiago dira horietan egunero aritzen direnak. Horien artean daude serieak edo pelikulak ikustea, prentsa irakurtzea, edozein motatako edukiak (argazkiak, bideoak, testuak...) argitaratzea, produktu edo zerbitzuak erosi edo saltzea, eta Skype, FaceTime edo antzeko plataformak erabiliz bideodeiak egitea.

Orain jarduera batzuen zerrenda irakurriko dizut. Esadazu, mesedez, zenbatero egiten duzun sare sozialetan edo Interneten horietako jarduera bakoitza: egunero edo ia egunero, astean behin gutxienez, gutxiagotan edo inoiz ez

Hamar gaztetik batek (% 9,4k) dio izan duela edo gaur egun baduela blog pertsonalen bat, baina askoz ere gehiago dira (% 52,4) youtuber, gamer edo influencerren bati jarraitzen diotenak.

Bestalde, Euskadiko gazteen laurdenak baino gehixeagok (% 28,8k) dio azken urtean abiarazi edo sustatu duela Interneten edo sare sozialetan eztabaida edo salaketa sozialen bat, testu bat idatziaz edo irudi edo bideoren bat zabalduaz; “ziberaktibismo” deritzo jarduera horri.

Gazteen arteko gehien-gehienek (% 87,6k) diote hartzen dutela neurririk sare sozialetan pribatutasuna bermatzeko, halako moduan non soilik pertsona jakin batzuek ikusiko dituzten beren edukiak. Alabaina, % 14,1ek sare sozialen batera sartzeko pasahitza eman izan die beste pertsona batzuei, % 26,6k pertsonalki ezagutzen ez dituen pertsonen adiskidetasun-eskaerak onartzen ditu, eta % 23,0k aitortzen du ez diela inoiz baimenik eskatzen bere argazki eta bideoetan agertzen diren beste pertsonei (pertsona horien pribatutasuna bermatzeko neurri gisa), Internetera igo aurretik.

Egoera umiliagarriak edo jazarpenekoak ez dira arrotzak sare sozialen erabileran, batez ere ez bada kontuen pribatutasuna bermatzeko neurririk hartzen. Gazteen % 8,7k dio gutxienez behin ordeztu izan dutela bere nortasuna sare sozialetan, eta % 7,2k jakinarazten du gutxienez behin norbaitek zabaldu izan duela sare sozialetan, bere baimenik gabe, bera agertzen den argazki edo bideo konprometitu, iraingarri edo lotsagarriren bat

Gainera, gazteen % 17,9k dio noizbait sentitu izan duela norbaiten jazarpena etengabe mezuak bidaltzen zizkiolako, iruzkin desatseginak bidaltzen zizkiolako edo sare sozialen bitartez iraintzen zuelako. Eta jazarpenik sentitu ez badu ere, Euskadiko gazteen erdiak baino zertxobait gehiagok (% 52,4k) dio gutxienez behin irten izan dela sare sozialen batetik edo blokeatu izan duela norbait, haren mezu desatseginik ez jasotzeko.

Sare sozialetan gutxienez behin jazarpena sentitu duten gazteak, sexua eta adina konbinatuta (%)

Bestalde, sare sozialen erabilera zuzenari buruzko aholkuei erreparatzen badiegu, ikusiko dugu gehiago direla gurasoei azalpenak eman dizkieten gazteak (% 76,6k, askotan eta noizbait egin izan dutela diotenen ehunekoak batuta), gurasoengandik halakorik jaso dutela diotenak baino (% 43,2).

Sare sozialen inguruko gai honetan, gizon eta emakume gazteen arteko aldeak, bai eta adinaren arabera sortutakoak ere, esanguratsuak dira eta txostenaren zehar azaltzen dira.

GEBren logoa

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebooken logoa   Twitterren logoa

Euskadi, auzolana