Portal de Gazteaukera

Gazteaukera logotipoa

euskadi.eus

  • Facebook logotipoa
  • Twitter logotipoa
  • RSS logotipoa

Gazteen Euskal Behatokia

Gazteen Euskal Behatokiak 'Euskadiko gazteen egoeraren diagnostikoa 2019' aurkezten du

Euskadiko gazteen egoeraren diagnostikoa 2019Euskadiko gazteen egoeraren diagnostikoa 2019 (pdf, 4 Mb) (leiho berri batean irekitzen da)

Dokumentu honen helburu nagusia da Euskadin bizi diren 15 eta 29 urte arteko pertsonen kolektiboari buruzko jakintzan sakontzea, eremu hauei dagokienez: egoera demografikoa, hezkuntza, enplegua, emantzipazioa eta etxebizitza, osasuna, gizarte-ekintza eta berdintasuna, parte-hartzea, aisia, kultura eta kirola.

Diagnostiko honetan, zenbait iturritan jasotako informazioa erabili da, hala nola Gazteen Euskal Behatokiak berak egindako ikerketak eta, bestalde, Eusko Jaurlaritzaren beste esparru batzuetako ikerketak ere erabili dira: EUSTAT; Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetea, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Osasun Saila eta Hezkuntza Saila.

Kasu guztietan, eskuragarri dauden datu berrienak hartu dira, estatistika batzuk eta besteak maiztasun desberdinez egiten baitira eta aukera egon denean eta egokitzat jo denean, beste eremu geografiko batzuetako datuak erabili dira (Espainia eta 28en Europar Batasuna) aldagaiei buruzko alderaketak egiteko. Alde horretatik, Estatistika Institutu Nazionala (INE) eta Europako Erkidegoko Estatistika Bulegoa (EUROSTAT) izan dira iturri nagusiak.

Txostenaren datu batzuk nabarmentzen ditugu

  • TESTUINGURU DEMOGRAFIKOA

Azken 15 urteetan, 15 eta 29 urte arteko gazteen kopurua nabarmen gutxitu da eta bizi-itxaropena luzatu egin da; horrenbestez, gazteek pisu erlatibo txikiagoa dute biztanleria osoaren gainean. Horrez gain, badirudi hurrengo urteetan ere joera horri eutsiko zaiola, zenbait faktore kontuan hartzen baditugu: Euskadin bizi eta nazionalitate atzerritarra duten gazteen bolumena geldialdian dago, emakumeak gero eta nagusiago izaten dira ama lehen aldiz, eta ugalkortasun-tasak apalak dira.

  • HEZKUNTZA

Euskadiko gazteek derrigorrezko mailatik goragoko ikasketak dituzte (% 5,4k baino ez dituzte ikasketak uzten derrigorrezko hezkuntzaren ondoren), eta 30 eta 34 urte arteko herritarren ia erdiek goi-mailako ikasketak dituzte (unibertsitate-ikasketak edo goi-mailako heziketa-zikloak egin dituzte), emakumeek gizonek baino gehiago.

Euskararen eta ingelesaren ezagutza handitu egin da, eta, horrekin, baita gazte hirueledunen ehunekoa ere.

  • ENPLEGUA

16 eta 29 urte arteko gazteen erdiak ikasten ari dira, eta, beraz, haien jarduera-tasa % 50etik beherakoa da. 2015etik 2018ra, lan egiteko prest daudenen artean onera egin du enpleguak, eta, horrenbestez, langabezia-tasak behera egin du.

Lanean dabiltzanen lan-baldintzei dagokienez, ikus daiteke behin-behinekotasuna handitu egin dela (16 eta 29 urte arteko soldatapeko hiru biztanletik bik aldi baterako kontratua dute), lanaldi partzialetan alde handia dagoela gizonen eta emakumeen artean (hamar emakumetik lauk lanaldi partzialean jarduten dute), eta ikasketekin lotutako lanak ugaritu egin direla.

  • EMANTZIPAZIOA ETA ETXEBIZITZA

Batez beste, Euskadiko gazteak 29 urte eta erdirekin emantzipatzen dira, nahiko luketen adinean baino sei urte geroago. Hori dela eta, 18 eta 34 urte artekoen taldean, erdiak baino gutxiago daude emantzipatuta.

Baliabide ekonomikoen falta eta etxebizitzaren garestitzea dira emantzipatzeko oztopo nagusiak; hain zuzen ere, etxebizitzaren batez besteko prezioak aintzat hartuta, bakarrik emantzipatu nahi duen 18 eta 34 urte arteko soldatapeko batek hileko soldataren erdia baino gehiago erabili beharko luke hipoteka-kuota ordaintzeko, eta are gehiago alokairu-errenta ordaintzeko.

  • OSASUNA

Gazte gehien-gehienek osasun ona dute eta jarduera fisiko osasungarria egiten dute; halere, bost gaztetik batek dio arazo kronikoren bat duela, eta ia hamar gaztetik batek esaten du antsietate- edo depresio-gertakariren bat izan duela azken hilabetean.

Gazteen obesitate-tasa apaldu egin da, baita osasunerako arriskutsuak diren jokabideak ere: erretzea, alkohola gehiegi edo modu arriskutsuan kontsumitzea, kalamua kontsumitzea eta sexu-harreman arriskutsuak edukitzea, besteak beste. Nerabezaroko haurdunaldien tasa egonkor mantendu da, eta batik bat emakume atzerritarrei eragiten die.

  • GIZARTE-EKINTZA ETA BERDINTASUNA

16 eta 29 urte arteko gazte gehienak familiaren mende daude ekonomikoki, eta familia da pobrezia geldiarazteko koltxoia. Izan ere, pobreziak, oraindik gazteen artean minoritarioa bada ere, gero eta neurri handiagoan eragiten dio gazteriari biztanleria osoari baino.

Genero-indarkeriaren ondoriozko salaketak ugaritu egin dira emakume gazteen artean, eta, halaber, gero eta jende gehiagok jotzen ditu oso larritzat indarkeria-modu desberdinak, hala agerikoak nola ikusezinak.

  • PARTE-HARTZEA ETA KONTSUMOA

15 eta 29 urte arteko gazteen ia erdiak elkarteren bateko kide dira, eta hamarretik batek dio boluntario-jarduerak egiten dituela. Politikaren inguruko interesa handitu egin da azken urteetan, eta, horrekin batera, baita gai publikoetan parte-hartze aktiboagoa izateko nahia ere.

Ingurumenaren jasangarritasunarekin eta errespetuarekin lotutako praktikak ugaritu egin dira: hamar gaztetik hiruk kontsumo jasangarria egiten dute, hamar gaztetik lauk egunero erabiltzen dute garraio publikoa, eta zortzi urtean hirukoiztu egin da bizikleta egunero erabiltzen dutenen kopurua (hala ere, oraindik gutxiengoa dira).

  • AISIA, KULTURA eta KIROLA

Gazteen artean, musika entzutea, kalean egotea eta filmak eta telesailak ikustea dira aisialdiko jarduera hedatuenak. Ia-ia gazte guztiek egunero erabiltzen dituzte sare sozialak, eta erdiek baino gehiagok arte-jardueraren bat egin dute azken urtean.

Irakurtzeko ohiturak gora egin du, baita kirola erregularki egiteko ohiturak ere, baina alde nabarmenak daude sexuaren arabera: emakumeek gizonek baino gehiago irakurtzen dute, baina kirol gutxiago egiten dute.

Gazte euskaldunen artean, behera egin du euskararen lagun-giroko erabilerak; gero eta gazte gehiagok dakite euskara, baina horrek ez dakar berekin erabileraren gaineko kontzientziazioa pertsona horiengan guztiengan. Gipuzkoako gazteek dakite ondoen euskaraz eta haiek erabiltzen dute gehien, hala lagunartean nola sare sozialetan.

Emantzipazioa eta autonomia

Ongizatea, Berdintasuna, Parte-hartzea eta Sozializazioa

GEBren logoa

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa   Twitter logoa

Euskadi, auzolana