EAEko gazteen erdiek baino gehiagok erregulartasunez kirola egiten dute, astean hiru aldiz edo gehiagoz (% 52,9)

Argitalpen-data: 

2024ko irailaren 23tik 30era bitartean Kirolaren Europako Astea ospatzen da. Aste honetako helburua sedentarismoari aurre egitea eta jarduera fisikoa eta kirola sustatzea da. Ospakizun hori dela eta, jarraian, Euskadiko gazteen kirol-praktikari buruzko zenbait datu aurkeztuko ditugu. Datu horiek Gazteen Euskal Behatokiak 2023. urtearen amaieran egindako inkesta batetik datoz.

Inkesta horren emaitzen arabera, EAEko gazteen erdiek baino gehixeagok kirola egiten dute astean hiru aldiz edo gehiagoz (% 52,9). Talde horri gehitzen badizkiogu astean behin edo bitan praktikatzen dutenak, ondorioztatzen dugu lau gaztetik hiruk (% 73,8k) kirola egiten dutela astero, intentsitate handiagoz edo txikiagoz. Aitzitik, laurden batek (% 24,8k) astean behin baino gutxiago egiten dute kirola, edo inoiz ez.

 kirola gazteen artean

Emakumeen eta gizonen kirol-praktiken arteko aldeak aztertzen baditugu adin-taldeen arabera, ikusten dugu 2023an gizonen adin-talde guztietan gehienek kirola astean hiru egunetan gutxienez egiten dutela. Gizon gazteenak (15 eta 19 urte artekoak) dira maiztasun handiagoz egiten dutenak.

Emakumeen artean, 15-19 urteko adin-taldean bakarrik dira gehiengoa astean hiru egun edo gehiagotan kirola egiten dutenak, baina talde horretan bertan bost emakumetik batek (% 20,2) dio ez duela kirolik inoiz edo ia inoiz egiten.

20-24 urtekoen artean, kirola astean gutxienez hiru egunetan egiten dutenen ehunekorik txikienak daude, bai gizonen artean, bai emakumeen artean.

 Taula, kirola sexua eta adinaren arabera

Gimnasioko ariketak dira 2023an Euskadiko gazteek gehien praktikatzen duten kirol-modalitatea, eta alde handia dago gainerako kirolekin alderatuta. Ondoren, bigarren eta hirugarren tokietan, korrika egitea eta mendira joatea daude. Hiru kasuetan, banaka egin daitezkeen jarduerak dira. Izan ere, gehien egiten diren kirolen sailkapenean, lehen postuetan dauden sei kirol-modalitateetatik bost banaka egin daitezke, eta futbola soilik aurkitzen dugu egin ahal izateko beste pertsona batzuk behar dituen kirol gisa (talde horretan egongo lirateke taldeko kirolak eta beste pertsona baten aurka lehiatu beharrekoak). Banaka egin daitezkeen modalitateek aukera ematen diote pertsona bakoitzari kirol-jarduera gehien komeni zaizkion denbora eta espazioetara egokitzeko eta, beraz, errazagoa da kirola egiteko une bat aurkitzea.

Nolanahi ere, gogoratu behar da inkestatuek gehien egiten dituzten bi kirolak bakarrik aipa zitzaketela, ez egiten dituzten guztiak.

 Gehien praktikatzen diren kirolak

Gizon gazteak emakume gazteak baino maizago joaten dira gimnasiora. Horrez gain, maizago aritzen dira korrikan, futbolean (horretan gizonen eta emakumeen arteko alderik handiena jaso da), pala edo erraketa jokoan eta frontoian; saskibaloian ere gehixeago aritzen dira.

Emakumeek ere gimnasioko ariketak aipatzen dituzte gehien egiten den kirol-modalitatetzat, baina ez gizonek bezainbeste. Emakumeak gizonak baino maizago joaten dira ibiltzera, eta dantza, zumba, yoga edota pilates ere gizonek baino neurri handiagoan egiten dute. Oro har, emakumeek gizonek baino gehiago hautatzen dituzte lesionatzeko arrisku txikiagoa dakarten kirolak.

Gainera, kirolik aipatzen ez duten emakumeen ehunekoa gizonena baino ia bi aldiz handiagoa da. Izan ere, lehen ikusi dugunez, kirola erregulartasunez egitea ohikoagoa da gizonen artean emakume gazteen artean baino.

 Gehien praktikatzen diren kirolak, sexuaren arabera

Adinak gora egin ahala, handitu egiten da gimnasiora, korrika egitera, mendira, igeri egitera, ibiltzera, yoga edo pilates praktikatzera joaten diren gazte kopurua. Aitzitik, pertsona gazteenak (15 eta 19 urte bitartekoak) dira futbolean, saskibaloian edo taldeko beste kirol batzuetan gehien aritzen direnak, bai eta arte martzialetan, ukipen-kiroletan, dantzan edo zumban aritzen direnak ere. Horrez gain, kirol minoritarioak egiten dituzte beste adin-taldekoek baino portzentaje handiagotan.

Orokorrean, adinak gora egin ahala, taldeko kirolak bertan behera uzten dira, eta banaka egin daitezkeen modalitateak praktikatzen dira gehiago.

 Gehien praktikatzen diren kirolak, adinaren arabera

Datu horiek lotura zuzena dute Nazio Batuen Erakundeak ezarritako Garapen Iraunkorrerako Helburuen 2030 Agendaren hirugarren helburuarekin: "Osasuna eta ongizatea".

Hirugarren helburua 2030 Agenda