Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen okupazio-tasa 2024ko bigarren hiruhilekoan 2010etik hona izandako altuena da

Argitalpen-data: 

2024ko bigarren hiruhilekoan, Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen okupazio-tasa % 46,5ekoa da, beraz, esan dezakegu 30 urtetik beherako gazteen ia erdiak lanean ari direla.

Gazteen okupazio-tasak gora egiten jarraitzen du eta 2010etik hona izandako altuena da oraingoa.

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen okupazio-tasaren bilakaera (%)

Ia ez dago alderik gizon gazteen eta emakume gazteen okupazio-tasen artean (gizonena % 46,8koa da eta emakumeena % 46,2koa da, 2024ko bigarren hiruhilekoan).

Baina badaude aldeak lurralde historikoaren arabera; 2024ko bigarren hiruhilekoan Gipuzkoako gazteen okupazio-tasa da altuena (% 49,4) eta Arabako gazteena, aldiz, baxuena (% 44,4). Bestetik, Bizkaiko gazteen okupazio-tasa Arabakoena baino altuxeagoa da (% 45,1).

Bestalde, gazteen langabezia-tasak behera egin du, berriro ere, eta, bai 2024ko lehenengo hiruhilekoan, bai bigarrenean, % 12ren azpitik dago.

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasaren bilakaera (%)

Datu horiek zuzenean lotuta daude Garapen Iraunkorrerako Helburuen 2030 Agendaren 8. Helburuarekin, "Lan duina eta hazkunde ekonomikoa", eta, zehazkiago, 8.5 helmugarekin: Hemendik 2030era, enplegu osoa eta produktiboa eta lan duina lortzea emakume eta gizon guztientzat, baita gazteentzat eta desgaitasunen bat duten pertsonentzat ere, eta balio bereko lanagatik ordainsari berdina jasotzea.

Garapen Iraunkorrerako Helburuen 2030 Agendaren 8. Helburua, "Lan duina eta hazkunde ekonomikoa"