Sara González Muro, 'Gatazkak konpontzea eta gazteekin gizarte- eta hezkuntza-arloan esku hartzea negoziatzea' ikastaroko irakaslearekin elkarrizketa

Argitalpen-data: 

Sara González Muro

Aurten ikastaroa errepikatu egingo da...

Hain zuzen ere. Iaz arrakasta handia izan zuen. Gatazkak inoiz ez dira modatik pasatzen, beti sortzen zaizkigu tresnak edo beste ikusmolde bat falta ditugula sentitzen dugun egoerak. Tailer teoriko-praktikoa da eta, bertan, gatazkak ulertzeko hainbat gako ikasiko ditugu. Komunikazio eta negoziaziorako tresnak ere landuko ditugu, kasu errealekin praktikan jartzeko.  

Beraz, tailer praktikoa da... 

Bai, ezinbestekoa ikusten dugu hala izatea. Honela, bakoitzaren zailtasunak eta sendotasunak ikusi ahal izango ditugu. Gertatu ohi da teoria ondo ulertzea eta kontzienteki modu jakin batean egin nahi izatea (ez epaitu, adi entzun, hitz egiten utzi,...), baina oso zaila egitea ere gertatzen da. Praktikatzea da gure kontraesanez jabetzeko eta gure idealetik hurbilen dagoen gatazkak konpontzeko modu baterantz pausoak emateko modurik onena. 

Ulertzen dut gatazka bizitzaren parte dela eta beti hor egongo dela, baina orain lehen baino gatazka gehiago daude gazteekiko esku-hartzean? 

Gizakia konplexutasun handikoa da. Batzuetan, buruz hitz eginez bizitza osasuntsua edo ez hain osasuntsua bizitzea ahalbidetzen duen nolabaiteko oreka aurkitzea zaila da. Bizi garen gizartea oso zorrotza da batzuetan, eta oso biguna beste batzuetan. Funtsean, pertsonok bizitzako etapa bakoitzean gatazka berei egin behar izaten diegu aurre. Uste dut gaur egun gizartean dugun erronka mugak direla: laguntzearen eta gehiegi babestearen arteko muga, nire nahiaren eta bestearenaren artekoa, entzutearen eta inposatzearen artekoa,... 

Gazteei laguntzen diegun helduok ahalik eta errespeturik eta asertibotasunik handienarekin egiteko konpromisoa dugu, EZEZKOAK ulerkuntza eta entzutearekin bateratuz eta haiekin negoziatuz ahal den guztietan. Gatazkei aurre egiteko modu honek tresnak emango dizkie egunero kudeatu beharko dituzten hamaika gatazka-egoera kudeatzeko ere.  

Negoziazioak gure gizartean ezinbestekoak diren gaitasun asko eta asko jokoan jartzen ditu; gaitasun horiek beharrezkoak dira etxeko, laneko eta aisialdiko bizikidetzarako. Negoziatzeko, gauza desberdinak pentsatu, sentitu, hitz egin eta nahi desberdinak dituzten bi gizakiren arteko ezberdintasunean oinarritu behar da. Nahiz eta begi bistakoa dirudien, honek sekulako arazoak ematen dizkigu bizikidetzan. Negoziazioak elkar ulertzeko, hurbiltzeko eta batzuetan adostasuna topatzeko aukera ematen digu, bakea emango digun elkarrekin bizitzeko modua. Eta elkar ulertzera iristen ez garenean ere, besteari entzuteak aukera eman diezaguke onartzeko eta borrokatzeari uzteko. 

Eta, ikastaro hau nori zuzendua dago? Norentzat dago pentsatua? 

Gazteekin lan egiten duten pertsonei zuzendua dago. Hauei zuzenean lagunduko die gazteekiko tratuan gatazka dagoenean, izan ere, komunikazio asertiboarekin (entzute aktiboa eta hizkuntza deskribatzailea) eta negoziazioarekin zerikusia duen guztia landuko baitugu. Baina gatazkarik ez dagoenean, tresna horiek berek modu asertiboagoan eta enpatikoagoan harremanak izateko balioko diete, konfiantza sortzen laguntzen duten bi ezaugarri.  Profesionalarenganako konfiantza eta errespetua bi osagai giltzarri dira lanean, horrek eragiten baitu esaten dutena entzuteko eta kontuan hartzeko aukera gehiago izatea.

Gatazkak konpontzea eta gazteekin gizarte- eta hezkuntza-arloan esku hartzea negoziatzea