Uztailaren 11, Biztanleriaren Mundu Eguna

Argitalpen-data: 

Uztailaren 11n ospatzen den Biztanleriaren Mundu Eguna dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiri buruzko zenbait datu demografiko aurkezten ditu 2023ko urtarrilaren 1ekoak.

Euskadiko biztanleria osoak hazkunde-maila oso moderatuetan jarraitzen du, 1975ean lehen aldiz 2.000.000 biztanle baino gehiago izan zirenetik. Gazteen kopuruak, aldiz, beherakada etengabea eta handia izan zuen 2017ra arte, orduan 15 eta 29 urte bitarteko pertsonen kopuruak hondoa jo baitzuen eta 284.184 gazte baino ez zegoen. Harrezkero, gora egin du pixkanaka, eta 2011ko zifra berreskuratu du 2023an, 319.744 gazterekin.

Biztanleria gaztea

15-29 urteko taldearen barne-egitura, bost urteko adin-taldeen arabera banatuta, nahiko homogeneoa da, nahiz eta 15-19 urteko taldea den ugariena, guztizkoaren % 34,9rekin (111.517); ondoren, 20-24 urteko pertsonak daude, % 33,1 (105.876), eta, azkenik, 25-29 urteko taldea, gazteen % 32,0 (102.351). Hiru adin-taldeetan gizonak gehiago dira emakumeak baino.

Biztanleria gaztea adin taldeka

Lurralde historikoen arabera, Euskadiko 15-29 urteko biztanleriaren % 50,9 Bizkaian bizi da (162.592 gazte 2023an), % 34,4 Gipuzkoan (109.984 gazte) eta gainerako % 14,8a Araban (47.168). 2021etik 2023ra, gazteen hazkundea zertxobait handiagoa izan da Araban eta Gipuzkoan (5,4 eta 5,2 ehuneko-puntu, hurrenez hurren) Bizkaian baino (4,4 puntuko hazkundea).

Biztanleria gaztea lurralde historikoka

Hala ere, kopuru absolututan, azken 20 urteetan (2003tik 2023ra) Arabak 15.268 gazte galdu ditu, Gipuzkoak 25.710 eta Bizkaiak 65.053.

Bilakaera negatibo horren ondorioz, gazteen indizea edo gazteen proportzioa biztanleria osoarekiko murriztuz joan zen 2017ra arte, orduan erregistratu baitzuen baliorik txikiena, % 13,1, eta pixkanaka suspertu zen, % 14,6ra iritsiz 2023an. Balio horrek Espainiako batez besteko indizearen (% 15,9) 1,3 puntu azpitik kokatzen du Euskadi, Asturiasen (% 12,0), Galiziaren ( % 12,9), Gaztela eta Leonen (% 13,4) eta Kantabriaren (% 13,8) aurretik.

gazteen indizea

Izan ere, Euskadi Europar Batasuneko eskualde zahartuenen artean dago; batez beste Europako gazteen indizea % 16,2 da. Hala ere, EBko batez bestekoarekiko aldea laburtuz doa: 2023an ehuneko 1,6 puntukoa da, eta 2010ean, berriz, 3,2 puntukoa.

gazteen indizea EBn

Demografia eta Biztanleriari buruzko datu horiek Gazteen Euskal Behatokiaren Online Adierazleen Sisteman kontsulta daitezke.