Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 35,6k egunean hiru sare sozial edo gehiago erabiltzen dituzte, bat-bateko mezularitzako zerbitzuez gain

Argitalpen-data: 

Ekainaren 30ean Sare Sozialen Eguna ospatzen da. Hori dela eta, Gazteen Euskal Behatokitik Euskadiko gazteen sare sozialen erabilerari buruzko datu batzuk plazaratu nahi ditugu.

2018ko azaro-abenduan, noiz Gazteen Euskal Behatokiak sare sozialei buruzko azken ikerketa egin baitzuen, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 35,6k egunero hiru sare sozial edo gehiago erabiltzen zituzten; hori WhatsApp, Telegram edo horrelako aplikazioak kontatu barik. Egunean hiru sare sozial edo gehiago erabiltzen zituztela zioten emakume gazteen ehunekoa (% 38,0) gizonena baino handiagoa zen (% 33,2). Bestalde, ehuneko horrek gora egiten zuen adinean gora egin ahala; % 30,2koa zen 15 eta 19 urte bitartekoen artean, % 37,0koa 20 eta 24 urte bitartekoen artean eta % 39,3koa 25 eta 29 urte bitartekoen artean.

2018an gazteek gehien erabiltzen zituzten sare sozialak Instagram eta Youtube ziren, eta atzetik zetozen Facebook, Twitter, lana bilatzeko sareak, hala nola, Linkedin, Infojobs, Indeed.., bai eta Snapchat ere.

Emakume gazteek gehien erabiltzen zituzten bost sareak hauek ziren eta hurrenkera honetan: Instagram, Youtube, Facebook, Twitter eta Snapchat. Gizon gazteek gehien erabiltzen zituzten bostak, hauek: Youtube, Instagram, Facebook, Twitter eta lana bilatzekoak.

Adinaren arabera ikus daiteke adinean gora egitean jaisten dela egunero Instagram, Youtube, Snapchat eta TikTok erabiltzen dituztenen ehunekoak, baina handitzen dela Facebook, Twitter eta lana bilatzeko sareak erabiltzen dituztenena.

Aurreko datuak “Euskadiko gazteak eta sare sozialak (leiho berri batean irekitzen da)” izeneko ikerketatik atera ditugu. Ikerketa hori Gazteen Euskal Behatokiak burutu zuen 2018 urtearen bukaeran. Bertan sare sozialen erabilerari buruzko hainbat datu daude. Gazteen Euskal Behatokiaren webgunean aurkituko duzu ikerketa hori.