Euskadin 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa pixka bat handitu da 2020ko hirugarren hiruhilekoan

Argitalpen-data: 

2020ko hirugarren hiruhilekoan 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 23,9koa izan da Euskadin.

Tasa horrek goranzko joera mantentzen du, 2020ko lehenengo hiruhilekoan % 20,3koa eta bigarrenean % 22,5ekoa baitziren.

Zer adierazten du langabezia-tasak?

Enplegurik ez duten baina lana aktiboki bilatzen ari diren eta azken lau asteetan lana bilatzeko gestioren bat egiten duten pertsona aktiboen ehunekoa adierazten du langabezia-tasak. Bertan ez dira sartzen lan bila ez dabiltzan ikasleak edo lan egin ezin duten ezgaituak.

Zelako bilakaera izan du gazteen langabezia-tasak azken urteetan?

Urte bakoitzeko hirugarren hiruhilekoetako gazteen langabezia-tasa aztertuz gero, ikus dezakegu daturik altuena 2013an jaso zela (% 29,3). Ordutik aurrera tasak beheranzko joera izan zuen 2018 arte (% 14,8), baina 2018tik aurrera gorantz egin du eta 2019tik 2020ra izandako igoera 6 puntukoa baino handiagoa izan da.

 Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa

Ba al dago alderik emakume eta gizon gazteen artean 2020ko hirugarren hiruhilekoan? Eta lurralde historikoen artean?

Langabezia-tasa altuagoa da gizon gazteen artean (% 25,9), emakume gazteen artean baino (% 21,9). Bietan igoera antzematen da 2020ko bigarren hiruhilekoekiko.

2020ko hirugarren hiruhilekoan gazteen langabezia-tasa zortzi puntu altuagoa da Araban eta Bizkaian (% 26,5 eta % 26,8, hurrenez hurren), Gipuzkoan baino (% 18,5).

Aurreko hiruhilekoko datuekin konparatuta, Arabako eta Bizkaiko tasek gorantz egin dute eta Gipuzkoakoak, aldiz, beherantz egin du.

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa 2020ko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan, sexuaren eta lurralde historikoaren arabera

Eta badago alderik Euskadiko biztanleria aktibo osoarekin alderatuz gero?

Alderatzen baditugu datu horiek Euskadiko 16 urte eta gehiagoko biztanleria aktiboari dagozkionekin, ikusten dugu gazteen langabezia-tasak askoz altuagoak direla, bai tasa orokorrari dagokionean (% 23,9 gazteen artean eta % 10,0 biztanleria aktibo osoan), bai eta aztertutako talde guztiei dagokienean ere.

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen eta 16 urtetik gorako biztanleriaren langabezia-tasen alderaketa 2020ko hirugarren hiruhilekoan, sexuaren eta lurralde historikoaren arabera (%)

Nondik atera dira datu horiek?

Aurkeztutako datuak Biztanleriaren Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko inkestaren emaitzak dira, 2020ko hirugarren hiruhilekoari dagozkionak, hain zuzen ere. BJA Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, hiru hilean behin lantzen du eta Gazteen Euskal Behatokiari 16 eta 29 urte bitarteko gazteen datuak helarazten dizkio, azken honek gazteen egoera aztertu ahal izateko.