Seme-alabarik ez duten Euskadiko hamar gaztetik zazpik aita edo ama izan nahi dute etorkizunean

Argitalpen-data: 

Etorkizunean aita edo ama izan nahi duten gazteek diote nahiko luketela lehen seme-alaba 29 urte dutenean izan

Euskadin seme-alabarik ez duten 30 urtez azpiko gazteen % 71,8k egunen batean izatea gustatuko litzaiekeela diote. Beste 26,2k, aldiz, gutxi gustatuko litzaiekeela edo ez litzaiekeela batere gustatuko adierazi dute.

Ikerketa horretan, beste hainbat konturekin batera, 15 eta 29 urte bitarteko gazteei etorkizunean seme-alabarik izateko gogoa duten galdetu zaie. Galdera hori urtero errepikatu izan da, eta seme-alabak izan nahi dituztela adierazten duten gazteen ehunekoak behera egin du pixkanaka, 2015 eta 2019 artean hamar puntu baino gehiagoko jaitsiera metatua izan arte.

Seme-alabak izateko nahiaren bilakaera, orain seme-alabarik ez duten 30 urtez azpiko gazteen artean (%)

2019ko datuen arabera, seme-alabak izateko nahia oso antzekoa da gizonen (% 72,1) eta emakumeen artean (% 71,5).

Sexua eta adina konbinatuz gero, ikusten dugu adinak gora egin ahala handitu egiten dela nesken artean seme-alabak izateko nahia; mutilen artean ez dago ia alderik 20-24 urteko taldearen eta 25-29 urteko taldearen artean.

Etorkizunean seme-alabak izateko nahia, orain seme-alabarik ez duten 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean

Egunen batean seme-alabak izan nahi duten gazteek adierazi dute horretarako adinik egokiena 29,7 urte dela. Emakumeek uste dute egokiena 29,3 urte dela, eta gizonek, berriz, 30,1 urte.

Adin ideal hori pixka bat atzeratzen da adinak gora egin ahala. 15-19 urteko pertsonek adierazi dute guraso izan nahiko luketela 28,3 urterekin, 20-24 urtekoen artean adin egokiena 29,5 urte da eta 25-29 urtekoen artean adin ideal hori pixka bat atzeratzen da, 31,2 urtera, hain zuzen ere.

Gazteek idealtzat jotzen duten adin hori Euskadin lehenengo seme-alaba izaten den adin errealaren azpitik dago. INEk (Instituto Nacional de Estadística) ematen dituen datuen arabera, Euskadin emakumeek, batez beste, 31 urterekin izaten dute lehenengo seme-alaba, hau da, emakumeek nahiko luketen baino bi urte beranduago (datu hori Gazteen Euskal Behatokiak bere webgunean dituen estatistiketan kontsulta daiteke, Biztanleria izeneko atalean, hain zuzen ere).

Bestalde, oraindik seme-alabarik ez duten gazteei ea adin ideal honetan izango dutela uste duten galdetu zaie. % 63,9k uste dute baietz (segur aski edo agian bai) eta % 30,4k, aldiz, ezezko erantzuna eman dute (ez dute uste edo seguruenik ez).

Beren ustez egokiena den adinean seme-alabak izateko probabilitatea gaur egun seme-alabarik ez duten eta etorkizunean izan nahi duten 15 eta 29 urte bitarteko euskal gazteen artean

25 eta 29 urte bitartekoak dira etorkizunean seme-alabak adin egokienean izateko aukera gutxien aurreikusten dituztenak, eta, zehazki, 25 eta 29 urte bitarteko gizonak dira aukera gutxien aurreikusten dituztenak.

Datu horiek Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte politiketako Sailaren Gazteen Euskal Behatokiak 2019ko azarotik abendura bitartean telefonoz egindako inkesta batetik datoz. Inkesta horretan, Euskadin bizi diren 15 eta 29 urte bitarteko 1512 pertsona elkarrizketatu ziren.

GEBren logoa 

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa   Twitter logoa  

Gazteaukera

Harpidetu zaitez Gazteaukeraren buletinera

Harpidetu
logotipo gaztebizhitza marca

Harpidetu zaitez GazteBizhitzaren buletinera

Harpidetu