16-29 urteko euskal gazteen langabezia-tasak behera egiten jarraitzen du 2021eko hirugarren hiruhilekoan

Argitalpen-data: 

2021eko hirugarren hiruhilekoan, Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 15,6 da.

Tasak beheranzko joerari eutsi dio 2020ko hirugarren hiruhilekotik, orduan % 23,9ra iritsi baitzen.

  • Nondik atera dira datu horiek?

Aurkeztutako datuak Biztanleriaren Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko inkestaren emaitzak dira, 2021eko hirugarren hiruhilekoari dagozkionak, hain zuzen ere. BJA Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, hiru hilean behin lantzen du eta Gazteen Euskal Behatokiari 16 eta 29 urte bitarteko gazteen datuak helarazten dizkio, azken honek gazteen egoera aztertu ahal izateko.

  • Zer adierazten du langabezia-tasak?

Enplegurik ez duten baina lana aktiboki bilatzen ari diren eta azken lau asteetan lana bilatzeko gestioren bat egiten duten pertsona aktiboen ehunekoa adierazten du langabezia-tasak. Bertan ez dira sartzen lan bila ez dabiltzan ikasleak edo lan egin ezin duten ezgaituak.

  • Nola jokatu du gazteen langabezia-tasak pandemia hasi zenetik?

2020ko lehen hiruhilekotik hiruhilekoko langabezia-tasa aztertuz gero, ikusiko dugu urte bereko hirugarren hiruhilekoan izan zuela goia, % 23,9rekin. Hortik aurrera, tasak behera egin du pixkanaka 2021eko hirugarren hiruhilekora arte (% 15,6).

Euskadiko 16-29 urteko gazteen hiruhilekoko langabezia-tasaren bilakaera (%)

  • Langabezia-tasa neurri berean jaitsi da emakumeen eta gizonen artean?

2020ko eta 2021eko hirugarren hiruhilekoetako gizonen eta emakumeen langabezia-tasak aztertzen baditugu, ikusiko dugu jaitsiera oso handia izan dela bi kasuetan. 2020ko hirugarren hiruhilekoan, 16 eta 29 urte bitarteko gizonen langabezia-tasa % 25,9koa zen, eta % 16,4ra jaitsi da 2021eko hirugarren hiruhilekoan. Emakumeen artean, hirugarren hiruhilekoko langabezia-tasa % 21,9tik % 14,8ra jaitsi da 2020tik 2021era.

2020ko eta 2021eko hirugarren hiruhilekoko Euskadiko 16-29 urteko gazteen langabezia-tasaren bilakaera, sexuaren arabera (%)