MOVIC, sormenezko bidaiak

MOVIC, sormenezko bidaiak
egilea: Gazteaukera,
Gazteen artean sormena bultzatu eta indartu nahian, Gazte Aterpetxeen Espainiako Sarea, mugikortasun sortzailean oinarrituriko egitasmo bat abian jartzen ari da, Estatuko aterpetxe ezberdinetan.
15 egunez arte diziplina anitzetako 10 gaztek, aterpetxea eta ingurua aintzakotzat hartuz, arte erakusketak eta kaleko arte ekintzak garatuko dituzte. Lekuen nortasuna, ingurunea, bidaia eta aterpetxeetako bidaiarien filosofia dira proiektu honen abiapuntua. Aurten 5 aterpetxe eta 50 bat gazte izango dute Movic-en parte hartuko duten artistak.
Miranda de Ebroko Fernán González aterpetxean izan ginen, MOVIC proiektua gertuagotik ezagutzeko asmoz. Irribarrean ahotan zutela, bertan aurkitu genituen bidaia maleta bat eraldatzen kolorezko sprayekin 9 artista gazte.
Juan Antonio Quiles proiektuko arduradunak adierazi zigunez gogotsu hartu dute erronka gazteek. Elkar ezagutzen ez duten estatuko hainbat lekutako gazte, elkarrekin arituko dira bi astez lanean. Horretarako lehendabizi elkar ezagutu eta lekuaren inguruko ikerketa egitekotan direla adierazi zigun Quilesek, ondoren ekintzei ekiteko.
Leire Olkotz artista nafarrak, egitasmoaren berri izan zuenean, proiektu interesgarria iruditu zitzaion; jendea ezagutu, bidaiatu eta lan artistiko parte hartzailea garatzeko aukera zelako. Nahiz eta oraindik Mirandan egingo duten esku hartzea definitzeke egon, bertako ibaia, alde zaharra eta jendea interesatzen zaizkie.
GAESeko zuzendari den Natxo Rodriguez eta Gazte Institutuko arduradun den Sergio Montoya, egitasmo hau artistentzat zein gizarte osoarentzat onuragarri delakoan daude. Proiektua jendearengana erraz heltzeko asmoz facebook giza sarean, orri bat zabaldu dute MOVIC-en mugimenduen berri emateko.