VII. mikroipuin lehiaketako Oskia Zalakain garailearekin berriketan

VII. mikroipuin lehiaketako Oskia Zalakain garailearekin berriketan
egilea: Gazteaukera,
Oskia Zalakain izan da aurtengo VII. Mikroipuin Lehiaketako garailea, Denbora lanarekin. Gazte-txarteldun jabeen artean egindako lehiaketan izan da saritua eta bera lanari esker, bi astetako ingeles ikastaroa egingo du uda honetan Dublinen.
19 urteko farmazia ikasle honek adierazi digun bezala, oso gustoko du irakurtzea eta idaztea, lagunekin tertulian aritzea eta bidaiatzea, besteak beste.
Euskal idazleen artean, Joseba Sarrionandia da bere erreferentzia nagusia. Oso gogoko ditu idazle honen lanak eta bere idazteko erak gogoetara eramaten du, pentsarazi egiten diolarik. Oskiak gazteaukerak botatako galdera batzuei erantzun die gogotsu.
Lehendabiziko aldiz parte hartzen al duzu ipuin lehiaketa batean eta ohikoa al da zuretzat ipuinak idaztea?
Ez da nire lehenengo aldia, noizbait parte hartu izan dut beste lehiaketaren batean, hala nola, Urruzuno literatur lehiaketan edo EHUk urtero antolatzen duen fantasiazko ipuin laburren lehiaketan.
Zer iruditzen zaizu mikro ipuin lehiaketaren formatua? labur idazteak zailtasunak edo abantailak ditu?
Niretzako askoz erosoagoa da laburrean idaztea. Egia esan, ez dakit 3-4 orri baino gehiagoko narrazio bat idazteko gai izango nintzatekeen. Agian ohitura da, beti formato motzean idazten baitut, baina adierazi nahi dudana motzean esatea errazagoa egiten zait.
Mikroipuinen lehiaketa honetan gainera orriak ez baizik eta hitzak dira zenbatzen direnak (125-150 hitz), beraz hitz konbinazio egokia lortzea izan zen nire helburua.
Zein da zure ipuinaren abiapuntua? inspirazio iturririk izan al duzu?
Mila gauzek inspiratzen naute, izan ere, gauzak ikuspuntu ezberdinekin begiratuta edozer bihur daiteke literatura. Irakurtzen dudanak asko baldintzatzen nau, baita (arraroa badirudi ere) klasean ematen dudan materiak ere. Eguneroko bizipenak, sentitzen dudana, hartzen dut abiapuntutzat eta hortik hasita batek daki zer sor daitekeen!
Denboraren inguruko gogoeta pertsonala egiten duzu lanean, horrenbeste arduratzen al zaitu gai honek?
Ez nau arduratzen, edo behintzat denboraren inguruan ez arduratzen saiatzen naiz. Egia esan denboraren baliogabetasunari buruzko gogoeta da, nahiz eta gordetzen saiatu ez baitu ezertarako balio, denbora bizitzeko da!
15 egunetako ingeles ikastaroa Irlandan irabazi duzu ipuinarengatik, pozik al zaude sariarekin?
Oso! Saria izugarrizko sorpresa goxoa izan da. Orain dela gutxi izan nintzen Dublinen eta eta azkar itzuliko nintzela pentsatuz joan nintzen handik. Zeinek esango zidan bueltarako bidaia hain azkar izango zenik! Gainera nire ingelesa berpizteak ez dit batere kalterik egingo.
Idazten jarraitzeko indarra eman al dizu sari honek eta ba al duzu beste ipuinik martxan?
Halako sariek bati ematen dute indarra, pizgarri bat dira. Niretzako idazten jarraitzeko esaten didan seinalea bezalaza da.
Oraingoz nire plana udaraz gozatzea da, ingurura begiratu eta inspiratzea, irakurtzea.Eta behin nahikoa inspiratuta, ea zerbait berria sortzen duen nire buruak!!